Gizonen eta emakumeen pala txapelketetako finalak bihar jokatuko dituzte, eta krosa igandean da.
Emakumeak, palan Antxon.
Asteazkenean hasiko dira Antxoko sanferminak, 20:00etan, txupinazoarekin. Ohikoa denez, aldez aurretik jaien egitarauaren barruan dauden ekitaldiak badaude, kirolarekin harremana dutenak zehazki. Hala, bihar (larunbata) emakumeen eta gizonen pala txapelketen finalak jokatuko dira —gaur arratsaldean dira 3. eta 4. postuak erabakitzeko lehiak— eta etzi, igandea, jaietako krosa egingo dute.
Axular kafetegiak babesten dituen emakumeen eta gizonen binakako pala txapelketen egunik handiena izango da biharkoa. Horrela, 10:00etan hasita, emakumeen finala lehenik eta ondoren gizonena jokatuko dituzte Biteri plazako pilotalekuan (eguraldi txarrarekin Ibaiondon). 14:30ean bertan parte hartzen izan direnek bazkaria egingo dute Axular plazan.
Igandean, Lore Txorta elkartearen Sanferminetako Herri Krosaren XXVI. ekitaldia egingo dute. 11:00etan hasiko da helduen eta juniorren proba, 6,9 kilometroko bidearekin. Aurretik egingo dituzte gazteen mailetako lasterketak, motzagoak. Lore Txorta elkartearen paretik (Zumalakarregi kalean) hasiko da nagusien lasterketa, eta sarien banaketa —hainbat mailatakoak daude— 12:00etan egingo dute.
Krosean izena emateko aukera zabalik dago, aldez aurretik (bihar arte)
Kirolprobak plataformaren webgunean (7 euroan), eta egunean bertan lasterketa hasi aurretik (9 euroan).