Meduloblastomaren gainean ikertuko du Garcia Caminok. Haurrengan nerbio sistema sortzen den tumorea da.

Sanchez, Garcia Camino, Korta eta Ane Sanchez, Juneren ahizpa.
Juneren Hegoak elkarteak eta Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako Pediatria elkarteak antolatu duten June Sanchez Tolaretxipi Bekaren lehenengo edizioak badu irabazlea. Idoia Garcia Camino doktorea izan da irabazlea meduloblastoma biomarkadoreak identifikatzeko aurkeztu duen lanarekin. Atzo eman zioten saria Juneren Hegoak elkartearen egoitzan Garcia Caminori, 3.000 euroko txekea ikertzen jarraitzeko.
Carlos Sanchez Juneren Hegoak elkartearen lehendakariak azaldu zuen zein den bekaren helburua, “bikoitza da, batetik Juneri omenaldia egiteko modua da, alabari; eta bestetik, gizarteari emandako laguntza eskertzeko modua ere bada. Bi hilabete eman genituen ospitalean eta kasu ugari ikusi genituen tarte horretan. Bertan sortu zen elkartea sortzeko ideia lagundu ahal izateko. Minbiziari irtenbidea bilatzeko gure alea jarri nahi dugu, leiho bat zabaldu”. Laguntza txiki batekin, agian Garcia Caminok minbiziaren aurkako borrokan urrats bat egin dezakeela gaineratu zuen.
Meduloblastomaren gainean ikertuko du Garcia Caminok. Haurrengan nerbio sistema sortzen duen tumorea da: “Zerebeloan ateratzen da tumore hori eta gaur egun ez bada ohikoa ere, ondorioak oso larriak dira kimioterapia eta erradioterapia saio asko eman behar izaten dizkietelako, erantzuna jaso ahal izateko. Horrek ondorio neurologikoak sortzen dizkie haurrei, elbarritasuna kasu batzuetan, eta besteetan bigarren tumore bat ere sor dezake. Biopsia likidoak egin nahi ditugu ikerketaren barruan, informazio bera lortu nahi dugu, metodo ez hain inbasiboak erabilita”.
Garcia Camino Biodonostiako Ikerbasque Research Fellow, Haurren Minbiziaren Ikerketarako Unitateko Zelula-Onkologia taldeko kidea da.
Ikerketa beharrezkoa
Bekaren berri izateak poza eman ziola esan du Javier Kortak, Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako Pediatria elkarteko lehendakari eta Neumologia Pediatriko Saileko arduradunak, “gure elkartetik hainbat beka ematen ditugu ikerketa sustatzeko ikerlari gazteen artean. Horren harira, eskerrak eman nahi dizkiot Juneren Hegoak elkarteari duen sentsibilitatearengatik eta egiten duen lanarengatik. Gaur egun administratiboki eta sozialki bizitzen ari garen garai zailak direla eta, instituzioen laguntza falta nabarmena da. Elkarteen lana oinarrizkoa da, beraz, gauza asko eta asko zuek bezalako elkarteen lanari esker lortu delako, zuek sustatzen duzuelako ikerketa. Gure buruzagiek ez dute borondaterik eta horrenbestez, halako elkarteetan eta iniziatibetan denok hartu beharko genuke parte”.
Juneren Hegoak elkartea
2013an sortu zuten Juneren Hegoak Elkartea, eta hiru urteko ibilbidea egin du jada. Irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta helburua, berriz, seme-alabak galdu edo gaixorik dituzten familiei begirako babes sarea sortzea . Amaia Tolaretxipi eta Sanchezek June alabarekin pasatako esperientziatik sortutako iniziatiba dela gogorarazi zuen Sanchezek, “Gertatzen zena gertatzen zela gaixorik zeuden beste haurrei laguntzeko zer edo zer egin behar genuela erabaki genuen Amaiak [Tolaretxipi] eta biok”. Handik sortu zen Juneren Hegoak.