Bilketa berezia egingo dute Errenteriako hainbat saltokitan eta baita Errenteriako Udalean ere hilabete osoan zehar.
ACNUR_Siria
Osasun materiala eta haurren beharrei erantzutekoak behar dituzte Sirian. Horren harira, bilketa berezia egingo dute Errenteriako hainbat saltokitan eta baita Errenteriako Udalean ere hilabete osoan zehar. Bilketa hori AAPS Siriako Herriaren Lagunen Elkarteak eta Errenteriako Udalaren Aniztasunerako azpisailak antolatu dute, osasun eta garbiketarako materiala eta haurrentzako materiala jaso nahi dute bilketaren bidez. Azken horientzat, esne hautsa, pardelak eta poteko pureak eskatu dituzte bereziki. Botikarik ez dute jasoko.
Errenteriako Udalak bi palet osatu nahi ditu Siriara bidaltzeko. Horretarako bilketa puntu bat jarriko du udaletxe sarreran baina interesdunek herriko hainbat farmazitan, bi Eroski supermerkatutan, eta Super Amara supermerkatuan ekarpena egiteko aukera izango dute. Zein materiala behar den jakiteko bilketa puntuetan afixak jarri dituzte antolatzaileek.