Maria Magdalenaren Lagunak elkartea sortu zenetik, Errenteria-Oreretako basilika zaindu dute. Eraikina biziberritu ez ezik, bizitza kulturala eman diote.
Orain dela hiru urte zaharberritu zuten Maria Magdalenaren basilika udaleko langileek.
Gaur egun, Erenteria-Oreretako Magdalenaren basilika bisitatuz gero, toki argitsua eta zaindua dela argi dago. Orain dela lau urte, baina, ez zen horrela.
Aurten lau urte bete dira Miguel Iraeta eta Jose Luis Insausti mugitzen hasi zirela. “Basilikaren egoerari buruz hitz egiten hasi ginen”, gogorarazi du Insaustik. “Iraeta Maria Magdalena eramailea baita, eta Aste Santuan, prozesioa egiten zenean, ere. Basilika oso utzita eta hondatuta zegoela pentsatzen genuen biok: hezetasun ugari zegoen, argi oso gutxi zuen… Egoera ez zen oso atsegingarria”.
Maria Magdalenaren omenez eraikitako basilika herriaren ondare dela iritzi du Insaustik, “esanahi erlijioso guztien gainetik”. Historia handia dago horma horien artean, baita “gure herriko zaindaria bera ere”. Horregatik, zerbait egin behar zutela iritzi zuten.
“Zaharberritze guztia egin zuen udalak, udaleko langileek eraberritu zuten”
Jose Luis Insausti, Maria Magdalenaren Lagunen Elkarteko kidea
2012ko festak pasatzean hasi ziren elkartearen muina lantzen. Iraetak Tafallan egiten du lan, eta Insaustiren eskuetan utzi zuen ardura: “Hainbat jenderekin hitz egiten hasi nintzen: herriko parrokien inguruan dabiltzanak, Madalena kaleko bizilagunak eta abar”.
Hasieran hemeretzi lagun elkartu ziren. Fatimako parrokiako lokal batean egiten zituzten bilerak, eta helburuei forma ematen hasi ziren. Kultura gaien funtzionamenduarekin edo instituzioekin harremanetan ez zeuden hain ohituta han biltzen zirenak, Insaustik aipatu duenez, eta berak jokatu zuen paper hori. “Elkarte izaerarekin osatu behar ginen, bestela ezin ginen beti joan ‘teila bat erori da, itogin bat dago’ esanez. Gure helburua arreta handiagoa lortzea zen”, esan du elkarteko kideak.
Behin elkarte izaera hartuta, egoitza bat behar zuten. Basilikak berak ezin zuen izan, urteko egun gehienetan itxita zegoelako. Horrela, Jasokundeko Amaren elizako garaiko parrokoarekin hitz eginda, Madalena kalean bertan lokal bat laga zieten.
Elkarteak, hiru oinarri
Maria Magdalenaren Lagunak elkartearen lehenengo oinarria basilikaren mantenu eta kontserbazioa da. Horrela, orduko egoerari buelta emateko asmoz, udalera jo zuten. Insaustik gogorarazi du: “Bilera bat egin genuen eurekin, basilikan bertan. In situ ikusi zuten egoera, eta arrazoia eman ziguten alkateak, Hirigintza eta Kultura Saileko zinegotziek eta teknikariek —arkitektoa, aparejadorea…—. Esan zidaten ez nituela engainatu”.
Basilikaren eraikina askotan eraberritu dute.
Udalarentzako esker oneko hitz onak dituzte, emandako babes handiarengatik. “Zaharberritze guztia egin zuten, udaleko langileekin. Egur guztia tratatu zuten, hezetasunak zituzten paretak altxatu zituzten, basilika guztia margotu zuten, argiteria gehiena berria da…”, gehitu du elkarteko kideak.
2013an berritu zuten guztia, baina babesa ez zen urte horretara mugatu: “Gaur egun, guk konpondu ezin dezakegun zerbait baldin badago, udalari deitu eta segituan etortzen dira”.
Edukiontziak, baina, bizia izan dezan, edukia izan behar duela argi eta garbi zuten elkarteko kideek. Eta irekita, urtean lau egun baino gehiago egon behar du horretarako. “Uztailaren 22an Madalena parrokiara eraman, 25ean bueltatu eta urte guztia hau itxita edukitzea… egoera berean jarraituko genuke. Lan guztia pikutara joango litzateke”, ziurtatu du Insaustik.
Horregatik, kontzertuak antolatzen hasi ziren: abesbatzenak; seikote eta boskoteenak; Errenteria Musikalekin ere urte guztian elkarlanean aritzen dira, helduekin nahiz haurrekin… Lehenengo urtean hamabi kontzertu antolatu zituzten, 2014an hamalau, hirugarrenean hamasei eta aurten hamazazpi egingo dituzte Madalenaren basilikan. Datorren urterako jada bost itxi dituztela aurreratu dute. Batez beste, 180 lagun egon dira musika emanaldi bakoitzean. Herritarrek harrera “ezin hobea” eman diote.
Musikaz gain, Insaustik berak zortzi hitzaldi eman zituen iaz, basilikaren historiari buruzkoak. Publikoa, askotarikoa: helduak, eskoletako haurrak, zaharren etxean bizi direnak… Madalena kaleko tenpluaren barruan zein kanpoan eman zituen.
Dibulgazioa
Mantenu eta kontserbazioarekin zein kultura jarduerarekin batera, dibulgazioa da Maria Magdalenaren Lagunen hirugarren zutabea.
Ezagutarazi zuten lehenengo gauzetako bat basilika izaerarena da. Errenteria-Oreretan gutxi batzuk ziren izen horrekin ezagutzen zutenak, gehienek ermita esaten edo esan izan diote. “Badirudi basilika esatean, zerbait handia izan behar duela, Donostiako Artzain Onaren katedralaren antzekoa. Bada ez. Izan duen garrantzia historikoarengatik ere izan dezake izen hori”. Txantxaren bat edo beste ere egin diote Insaustiri: “‘Zer, orain lehen baino gehiago al gara?’ esan izan didate”.
Atetik sartu eta parean geratzen den arkuaren gainean, badago plakatxo bat. Bista zorrotza izanez gero, eraikinaren basilika izaera adierazten du plakak.
Elkartearen helburuetako bat basilikaren ateak ahalik eta egun gehienetan irekita egotea izango dela jakinarazi dute. Insaustiren esanetan, irekitzen duten egunetan, aukera aprobetxatu eta jende asko hurbiltzen da. “Gure nahia”, gaineratu du Insaustik, “udalak pertsona bat kontratatzea da, baina tira… aldarri horrekin gabiltza”. Errenteria-Oreretako bisitariak ez ezik, kanpotik joaten direnak ere hurbiltzen dira bertara. Insausti: “Done Jakue Bidean dago basilika, eta eragin handia du oraindik ere. Batzuetan, Pasai Donibaneko aterpetxetik deitzen naute, bertan dauden erromesek basilika ikusi nahi dutelako. Hona hurbildu eta gustu handiz irekitzen diet atea”.
“Badirudi ‘basilika’ esatean, zerbait handia izan behar duela. Bada ez”
Jose Luis Insausti, Maria Magdalenaren Lagunen Elkarteko kidea
Udalerriko mugetatik kanpo ere ezagutarazi nahi dute Maria Magdalenari eskainitako basilika. “Badakigu ez dela Zumarragako Antioko baseliza bezalakoa izango, baina tira, jendea etortzea nahi dugu”. Eta horretan ari dira.
Basilikaren historia azaltzen duen liburua egin dute
Iaz basilikari buruzko zortzi hitzaldi eman zituen Jose Luis Insaustik. Adierazi duenez, jende asko hurbiltzen zitzaion emandako hitzaldia paperezko euskarrian ea bazuen galdetzera. Ezetz erantzun behar izaten zien.
Orduan izan zuen liburua idazteko ideia: “Elkartearen zuzendaritza batzordean egin nuen proposamena, eta esan nien liburuaren eskubide guztiak elkarteari lagatuko nizkiela. ‘Zeren zain zaude?’, galdetu zidaten”.
Helburua herritarrentzako dokumentu bat izatea zen. Gainera, bisitariei ere eskaini ahal izango diote liburua. 300 aleko tirada egin dute, eta astelehen eguerdian ikusitakoaren arabera, martxa onean doa salmenta.
Astelehenetik ostiralera egongo da liburua erosteko aukera, basilikan bertan. Goizez 11:00etatik 13:00etara, eta arratsaldez 18:00etatik 19:30era, madalenak arte. Ale guztiak salduko ez balira, jaietan ere egongo litzateke aukera herriaren historiaren zati bat jasotzen duen liburua erosteko.
Bilduma
Insausti iaz hasi zen liburuari forma ematen. “Hainbat historialarik —Mujika, Arozena…— basilikari buruz momentu jakin batean idatzitakoa jaso dut. Oarso aldizkarian 25 urte daramat kolaboratzen, eta udal artxiboan askotan egoten naiz”, esan du liburuaren egileak.
Prozesioan ateratzen den Magdalenaren prozesioa, eta zaharberritutako koadroa.
Maria Magdalenaren Lagunak elkarteko kide Lourdes Uranga eta Lourdes Odriozolaren artikuluak ere erabili ditu. “Bilduma bat egiten dut, azken finean”, aitortu du. Bere uzta propioa ere ikus daiteke liburuan. Basilikaren erdialdean dagoen Maria Magdalenaren irudiaren jatorria ikertu du. “Iruñera joan behar izan nuen, gero Tafallara eta abar”, zehaztu du.
Onartu du udal artxibategian ez dagoela basilikari buruzko datu gehiegi. “Badago testuren bat non esaten den lehenengo parrokia izan zela. Pentsatzekoa da, hau bazen lehen parrokia, herriko festak Maria Madalenaren omenez egitea, eta ez Jasokundeko Amaren egunarekin. Badu bere logika”.
Euskarara itzultzeko ardura Sebas Galdos Erriondorena izan da.
Berreskuratzeak
Materiala argitaratzeaz gain, berreskuratu egin dute. Jasokundeko Amaren parrokian zegoen. Kristo bat berreskuratu dute: prozesioan ateratzen zen, eta egiten utzi zenean, Zamalbideko elizako lokalean gorde zuten. Parrokoari baimena eskatu zioten basilikara eramateko, eta udaleko langileek lekualdatu zuten.
Basilikan modu txarrean zegoen margolan bat ere berreskuratu dute. Markoa ongi zegoela jakinarazi du Insaustik, baina bastidorea gaizki zegoen. “Sandra Rodriguez de Paulak bere burua aurkeztu zuen, modu eskuzabalean zaharberritzeko. Guk materiala eman genion, nola edo ahala ordainduta. Zazpi hilabete eman zituen basilikan lanean”, gogorarazi du.
Seikote batek emandako kontzertuarekin inauguratu zuten orain eskuineko paretan dagoen koadroa.
Done Jakue Bideari lotutako eraikina
Historia handiko eraikina da Maria Magdalenaren omenez eraikitako basilika. Toki berean mende asko eman ditu, baina ez du beti funtzio bera izan.
Done Jakue Bidea basilikaren paretik pasatzen da, eta horren itzaletan sortu zen. Liburuan agertzen den hipotesia da X. edo XI. mendean sortu zela, legenardunak artatzeko ospitale bezala. Herrien kanpoaldean jartzen zituzten, biztanleak ez kutsatzeko. Orduan ehun bat biztanle bizi ziren, eta dozena bat etxe zeuden itsas bazterrean. Maria Magdalenarekiko debozioa zuten. Izan ere, bere anaia Lazaro Jesusek berpiztu zuela dio Bibliak, eta Maria berak azken urteak gaixo pasatu zituen basamortuan.
Oreretako [orduko izena] lehenengo parrokia toki horretan izan zen, eta horregatik ospatzen dira festak Magdalakoaren omenez. Villanueva de Oarso izatera pasatu zenean, fededunak bertara joaten ziren.
Dokumentatutakoaren arabera, 1476an eraikina erre zen. 1514an, berriz, txiroen eta haurren ospizioa izan zen. Tamaina ez omen zen gaur egungoa; handiagoa zen.
Mende horretan bertan, XVI.ean, konponketa lanak egin zituzten, baina hurrengo ehunurtekoan ia guztiz hondatu zen basilika, ospitale jarduerarik ez zuelako. 1710ean berreraikitzen hasi ziren, XIX. mendean kanpai fabrika izan zen, eta Bigarren Karlistaldian eta 1936ko Gerran mezak eman zituzten, parrokia nagusiari erabilera militarra eman baitzioten.
1986an hasi zituzten azkenaurreko eraberritze lanak, egoera txarrean baitzegoen.