Oreretako Ikastolak, Biriatuko, Hendaiako eta Ziburuko ikastolekin elkarlanean Elkartasun Eguna antolatu du.
Lau ikastoletako ordezkariak, jai-zapiak eskuan
Orereta Ikastolak lankidetza konpromisoa hitzartu du aurten
Hendaiako,
Ziburuko eta
Biriatuko ikastolekin, eta lankidetza konpromiso horren barruan antolatu du, hain zuzen, madalenetako Elkartasun Eguna. Igandean izango da, Santioago bezperan.
Elkartasun bazkari batekin emango diote hasiera elkartasun festari, eta pailazoak, urezko zezena eta afaria ere izango dira, besteak beste. Ekitaldirik originalena, hala ere, margo-musika perfomancea izango dela agindu dute antolatzaileek. Performanceak emango dituen margolana eta saioaren oroigarriak enkantean jarriko dituzte afariaren aurretik.
Txosnan, lapurtarrak
Arratsalde-gau horretan Orereta Ikastolak madalenetan jartzen duen ohiko txosnako zerbitzu txanda Biriatuko, Ziburuko eta Hendaiako ikastoletako kideek osatuko dute. Horrez gain, elkartasun zapiak jarriko dituzte salgai, hiru eurotan. Bildutako diru guztia, txosnako jardunak ematen duenarekin batera, Lapurdiko ikastoletara bideratuko dute bereziki.
Gaur aurkeztu dute Elkartasun Eguna, Orereta Ikastolak Agirre Lehendakariaren plazan duen egoitzan, eta bertan izan dira, lau ikastoletako ordezkariak. “Pozik” agertu dira antolatutako ekitaldiekin eta “itxaropentsu” izango duen harreraz galdetuta. “Urtero ahalegintzen gara gure eremua haurrentzako eta familientzako txoko bihurtzen”, adierazi du Orereta ikastolako lehendakari Santi Morionesek, eta aurtengoak dakarren “eduki berezia” nabarmendu du.
Oreretak lapurtarrekin maiatzean sinatu duen lankidetza hitzarmenak “zubi bat eraiki” nahi du ikastolak “elkarrengana hurbiltzeko”.
Egitaraua:
- 14:30: Elkartasun bazkaria, Euskal Gunean.
- 17:30: Pailazoak, Kiki, Koko eta Moko pailazoak, Sustrai Biziak ikuskizunarekin.
- 19:00: Urezko zezena, eta entzierro txikia. Ibilbidea: Alondegia, Herriko plaza, Alondegia. Udalak antolatuta.
- 20:00: Margo-musika performance. Oroigarriak enkante publikoan esleituko dira.
- 21:00: Elkartasun afaria Esmalterian.
- 22:00: Oroigarrien banaketa ikastoletako ordezkariei.