Altxamendu frankistak hildako herritarrei aitortza egitetik harago joango da udala, eta Buenos Aireseko (Argentina) Epaitegi Nazionaleko Kriminal eta Zentzategi Federalaren 1. aretoan kereila kriminala jarriko du epaitegi horrek irekita duen 4591/91 auziaren barruan.

Uztaileko ohiko osoko bilkura.
Felix Elgarresta Arbelais iturburuzaina, Jose Elorza Narbaiza basozaina, Celestino Gaztelumendi Berasategi zerga biltzailea, eta Miguel Irastorza Etxeberria udal irakasleari aipamen berezia egin zieten atzoko plenoan. Errenteriako Udaleko funtzionarioak ziren guztiak 1936ko altxamendu frankista egin zutenean. Laurak desagertu ziren orduan, eta 80 urte beranduago, haien familiek non diren jakin gabe jarraitzen dute.
Ez da salbuespena. 1936ko uztailaren 18ko altxamendu frankistak eta ondoren ezarritako diktadura gogorrak ehunka milaka pertsonen oinarrizko giza eskubideen urraketa ekarri zuela gogorarazi zuten atzo aztertutako mozioan: “Desagertuak, fusilatuak, sumarioki exekutatuak, kontzentrazio esparrutan, esklabutza lan batailoian, kartzelan, kuartel eta komisaldegietan torturatuak, arbitrarioki atxilotuak, exiliatuak, jazartuak…”.
Horiek guztiak gogoan izan zituzten atzo, “erreparaziorik egin ez dietelako, arduradunak ez dituztelako ikertu, are gutxiago prozesatu edo zigortu”. “Lotsagarria” den egoerak ezin duela jarraitu esan zuten, eta gizarte guztiari dagokiola hiritar guztien eskubideak eta interesak defendatzea, “eta batez ere instituzioei”. Horren harira, altxamendu frankista eta erregimen frankista diktatoriala salatu zituen atzo aho batez udalak eta diktadura horren biktimak eta senitartekoak babesten jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen atzoko saioan: “Beraien memoria iraunarazten jarraituko du udalak, eta erregimen frankistaren oroimenezko inolako adierazpenik eta legitimaziorik izan ez dadin ziurtatuko du”.
Kereila kriminala Buenos Aireseko epaitegian
Altxamendu frankistak hildako herritarrei aitortza egitetik harago joango da udala, eta Buenos Aireseko (Argentina) Epaitegi Nazionaleko Kriminal eta Zentzategi Federalaren 1. aretoan kereila kriminala jarriko du epaitegi horrek irekita duen 4591/91 auziaren barruan. Errenteria-Oreretan diktadura frankistak eragindako gizateriaren aurkako krimen guztiak ikertzeko, zein baldintzetan egin ziren zehaztu, nortzuk izan ziren erantzule zuzenak eta zeharkakoak jakin, eta beraien egozte, auzipetze, epaiketa eta zigorra ezartzeko eskatuko dute kereila horren bidez.
Kereila bera aurkeztuko du, gainera, Errenteria-Oreretako edo Oarsoaldeko Instrukzio Epaitegian. Halaber, frankismoaren aurka kereila edo salaketak jarri nahi dituzten biktima edo familiarteko guztiei aholkua eta laguntza materiala eta juridikoa eskainiko die udalak.
Irailaren 13an ekitaldia
Felix Elgarresta Arbelais, Jose Elorza Narbaiza, Celestino Gaztelumendi Berasategi , eta Miguel Irastorza Etxeberria errenteriarren omenez ekitaldia egingo du Errenteriako Udalak irailaren 13an. Areto horren sarreran jarrita dagoen plakan berariazko aipamena egingo die laurei.