Udalak ez duela ordainduko adierazi du gaurko plenoan alkateak.
Manuela Nicolas zinegotziaren kargugabetzea berretsi dute gaurko plenoan.
2012az geroztik ordaindu gabe daude tasak, guztira 28.000 euro. Horixe Portu Agintaritzak Udalari Zirizaren erabilerarengatik erreklamatzen dion kopurua. Gaur goizean jakinarazi du Izaskun Gomezek eskaera, plenoan, EH Bilduk egindako galdera bati erantzunez.
Portuaren azken Administrazio Kontseiluan bozkatu zen eskaera, eta aurrera atera. Gaur zehaztu dutenez, Izaskun Gomezek eta Nahikari Oterminek kontra bozkatu zuten, eta LABeko ordezkaria abstenitu egin zen. Gainontzeko guztiek aldeko botoa eman zuten, Portuak kontrako botoa ematea legearen kontrakoa izan zitekeela ohartarazi ondoren.
Alkateak gogorarazi duenez, udalak 1.200.000 euro inbertitu ditu jada Zirizan, kultur azpiegitura gisa berrerabiltzeko asmoz. “Udalaren inbertsiorengatik ez balitz eraikina ez legoke zutik” nabarmendu du alkateak, eta Portuaren Administrazio Kontseiluan horixe defendatu zuela jakinarazi du.
Alkateak aurreratu duenez, udala ez dago Portu Agintaritzak exijitzen dion kopurua ordaintzeko prest, eta gaia konpontze aldera irtenbide bat aztertzen ari direla iragarri du. Udalaren proposamena zehaztean publiko egingo dutela baietsi du alkateak.
Atxiki gabeko zinegotzi berria
Gaurko plenoan
Manuela Nicolas zinegotziaren kargugabetzea gauzatu da. Orain arte PSE-EEko zinegotzi izan dena, atxiki gabeko hautetsi izango da aurrerantzean. Plenoan ez da egon gaiaren gaineko azalpenik gobernu taldearen aldetik, ez eta argibide eskaerarik oposiziotik. Manuela Nicolasek ere ez du publikoki defendatu bere jarrera.
Gaurko plenoan beste eztabaidagaia, Mandela Araudia. EH Bilduk bere gin dezan eskatu dio udalari, mozio bidez, eta proposamena aurrera atera da, botazioa puntuz puntu egin bada ere, PSE-EEk hala eskatuta. Presoen eskubideen defentsa biltzen du Mandela Araudiak, Europako Batasunaren oniritzia du, eta besteak beste, presoen tratu duinerako eskubidea defendatzen du, eta sakabanaketaren kontra egin.