Elkarretaratzea egingo dute Lezon bihar erasoa salatzeko 19:30ean Gurutze Santuaren plazan.
Erasoa salatzeko manifestazioan ehunka lagun bildu ziren.
Errenteria-Oreretan eta Lezon izandako hiru eraso sexistei gogor erantzun zieten ehunka lagunek atzo. Aski dela eta ez daudela halakoak jasateko prest esan zuten. Manifestazioa deituta zuen mugimendu feministak, eta deialdi horrekin bat egin zuten jai batzordean parte hartzen duten eragileek eta baita udalak ere. Erasorik ez dutela onartuko ozen esan zuten, eta emakumeak espazio guztietan libreki mugitzeko eskubidea aldarrikatu zuten.
Erasoen aurrean erantzun tinkoa ematera deitu zuten gainera, “ez gara kokildu ezta ixilduko. Denon ardura eta parte hartze kolektiboa behar dugu emakumeok. Erasotzaileak izen abizenekin ezagutu, gure kaleetatik baztertu eta kanporatu arte, autodefentsan kolektiboki zein indibidualki sakontzen jarraituko dugu”.
Errenteria-Oreretako bi erasoak genero indarkeriatzat hartu ditu Ertzaintzak.
Lezon elkarretaratzea, bihar
Lezon gertatutako erasoari udalerrian ere erantzungo diote. Adingabe bat erasotu zuten Lezon, Atzekoaten, eta herritar baten eskuhartzeari esker emakumeak garaiz jaso zuen laguntza. Lezoko erdialdean dauden
hamar puntu ilunetako bat da Atzekoate. Horrela jaso zuen Gaxuxa Lezoko Emakume taldeak iazko martxoan emakumeentzat arriskutsuak diren puntuak identifikatzeko egin zuen lanean.
Adingabeak salaketa aurkeztu du polizia etxean. Erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu dute 19:30ean Gurutze Santuaren plazan bihar, asteazkena. Azken horretan ere, herritar guztiak deitu dituzte parte hartzera.