Jarraipen batzordea sortzeko EH Bilduren mozioa aho batez onartu dute. Bestalde, errauste planta egingo balitz, %63 igoko litzake hondakinen tasa.
EAJko zinegotziek batzordea eratzea babestu zuten.
Oiartzungo Udalbatzak ikasturteko azkeneko ohiko plenoa egin zuen atzo arratsean, eta hamalau puntu jorratu zituzten bertan. EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen, hondakinen kudeaketa aukerak aztertzeko batzorde bat eratzeari buruzkoa. Izan ere,
Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioa gaur bildu da, Zubietako errauste plantaren eraikuntza onartu eta kudeaketa pleguak adjudikatzeko.
Jexux Leonet alkateak onartu zuen gaurkoarekin zuela lotura mozioak, baita EH Bilduko hainbat alkatek herenegun egindako agerraldiarekin. Ezkerreko koalizio subiranistako alkateek salatu zutenez, Zubietako errauste plantak 1.500 milioi euro kostatuko du, eta Gipuzkoako udalek 35 urtetan ordaindu beharko liokete enpresa pribatu bati. Horregatik, “denen arteko irtenbide serio” bat eskatu zuten, “hondakinak kudeatzeko zein azpiegitura behar den denen artean erabakitzeko”.
Herriko hondakinen egoera
EH Bilduren deialdi horren harira, herriko egoerari errepasoa eman zioten mozioan. San Marko Mankomunitatean dago 1984tik, eta hondakinen tratamenduagatik ordaintzen die, baita bilketagatik ere, nahiz eta udalak bere gain hartzen duen kostua. Oiartzunen hondakinen tratamendua “jasangarria” dela adierazi zuen koalizioak, %83 sailkatzen delako.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioaren aginduz —eta San Marko barruan dago—, errauste planta egingo balitz, udal bakoitzak %10 bertara bidaliko lukeen errefusagatik ordaindu beharko luke, eta %90 planta beraren “erabilgarritasunagatik”. Ondorioz, hondakinen gaineko egungo tasa %63 igoko litzateke. Guztia “erabat bidegabea” izango litzakeela uste du koalizioak. Informazioa “beste bide batzuetatik” lortu dutela jakinarazi zuen Eneritz Arbelaitz San Marko Mankomunitatean ordezkari den zinegotziak, mankomunitatearen bilera ez baitzieten eman.
Horregatik, hondakinen kudeaketa egokia aztertzeko batzordea proposatu zuten. EH Bilduko bi zinegotzik, EAJko batek, Ingurumen teknikariak, udal idazkariak eta kontu hartzaileak osatuko dute.
EAJk mozioaren aldeko botoa eman zuen, nahiz eta esamolde batzuekin ados ez egon. Rafael Bergaretxe eledunak azaldu zuenez, eurek ez dute eragotziko gisa horretako batzorde bat. Gainera, udalak ematen duen bilketa zerbitzuagatik San Markori ordaindu beharrarekin ez daudela ados berretsi zuten. Alkateak modu positiboan baloratu zuen jeltzaleen jarrera.
Etxebizitzan, bi hitzarmen
Etxebizitza hutsen parkea merkaturatzeko asmoz, ekaineko plenoan Alokabiderekin hitzarmena sinatzea onartu zuen Udalbatzak. Atzo, berriz, Etxebiderekin elkarlanean aritzea atera zen aurrera. Maizterrek Etxebideren zerrendan egon behar dute, eta udalean bertan eman ahal izango da izena, erraztasun bilatze aldera. Oarsoaldea Garapen Agentzia izango da leihatila bakarra kudeatzeko ardura izango duena, beste hitzarmen baten bitartez.
Gainontzeko gaiak
Beste puntu batean, asteartean hasiko diren xanistebanetako aurrekontua onartu zuten. 91.502 eurokoa izango da. Horrez gain, musika eskolako diru laguntzak ere onartu zituzten, baita hainbat tramite administratibo ere.
Azkenik, galde-eskeetan, EAJk Urkabe Baitan egindako festari buruz galdetu zuen, baita haren egoerari buruz ere. Alkateak erantzun zion “aukera askoko gunea” dela, baina gaur egun beste gai batzuek dutela lehentasuna. Aurrekontuak ahalbidetzen duenean, eta behar duen prozesua eginda, gaia hartuko dutela iragarri zuen Leonetek.