Oiartzungoaz gain, Gaztelako bat eta Portugalgo bat izango dira 15. ekitaldiaren ardatz. Bihartik igandera arte iraungo dute jardunaldiek.

Brigada Victor Jara laukote moduan ariko da Herri Musikaren Jardunaldiak-en.
Bihar hasi eta igandera arte, Soinuenea Fundazioak antolatutako Herri Musikaren Jardunaldiak ospatuko dira hamabosgarren aldiz. Herri musika oinarri duten hiru museo izango dira protagonistak,
Hiru museo, hiru musikari, hiru historia, hiru proiektu, hiru bizitza lelopean. Horrela, Oiartzungo Herri Musika Txokoaz gain, Urueñako (Valladolid, Gaztela) Centro Etnografico Joaquin Diaz eta Sendimeko (Portugal) Sons da Terra izango dira bertan.
Horrela, bihar arratsaldean danbolinteroei buruzko tailerra emango dute udaletxeko areto nagusian, 17:00etatik aurrera. Angelo Arribas portugaldarra, Manuel Perez gaztelarra eta Aitor Arozena oiartzuarra izango dira tailerra emateko arduradunak. Izena emateko, 943 49 35 78 edo 682 589 925 telefono zenbakietara deituz, edo Soinuenearen
e-posta helbidera idatziz.
20:00etan, tailerra eman duten hiru musikariek kontzertua eskainiko dute toki berean,
Europar Danbolinteroen Hiru Eredu izenburupean.
Etzi, berriz, Urueña, Sendim eta Oiartzungo museoen proiektuei buruz ariko Diaz, Mario Correia portugaldarra eta Juan Mari Beltran. 10:00etan hasiko da hitzaldia, udaletxeko areto nagusian. 16:00etan, berriz, mahai ingurua egingo dute Manuel Lekuona Bibliotekan. Arratserako utziko dituzte musika emanaldiak. 19:00etatik aurrera kale bueltan ibiliko dira hainbat musikari herriko kaskotik zehar. 22:00etatik aurrera, Done Eztebe plazan,
Hots Kaleidoskopioa izenburupean kontzertua emango dute Manuel Perezek, Juan Mari Beltran hirukoteak eta Brigada Victor Jara Portugalgo laukoteak. Euria eginez gero, Elorosoro kiroldegian izango da emanaldia.
Igandean bukatuko dira aurtengo Herri Musikaren Jardunaldiak. 11:00etatik aurrera musikariak kalez kale ibiliko dira Elizaldetik zehar. Horrez gain, igandera bitartean, hiru museoek argitaratutako materialarekin erakusketa ikusteko aukera izango da udaletxeko areto nagusian. Ordutegia 10:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara izango da.