Igandean hasiko du Oiartzun Kirol Elkarteak bigarren denboraldia —aro berrian— Lehen Mailan. Iaz bezala, mailari eustea izango dute helburu, eta taldea ongi sendotu dute.
Bost aste iraun ditu Oiartzun Kirol Elkartearen aurredenboraldiak. Irudian, asteleheneko entrenamendua
Iristear da eguna. Ia hiru hilabeteko lehia geldialdiaren ondoren, etzi eguerdian hasiko du liga Oiartzun Kirol Elkarteko talde nagusiak, emakumeena. Espanyol jasoko dute, 12:00etan, Karla Lekuonan. Bertan, kirol elkartearen bazkide egiteko aukera egongo da.
Lehen Mailan, bigarren aroko bigarren denboraldia izango da asteburu honetan hasiko dena. Iaz, hiru jardunaldiren faltan lortu zuten mailari eustea. Musika taldeentzako bigarren diskoa zailena izan ohi da, egonkortu behar dutelako, eta filmeei bigarren zatiekin gertatu ohi den ez bezala, Oiartzunek paper ona jokatu nahi du.
Horretarako, bederatzi jokalari fitxatu dituzte, eta talde tekniko guztia aldatu dute. Gari Argotek (Oiartzun, 1977) hartu du Jon Alkortaren entrenatzaile postua, eta Alkorta kudeaketara pasatu da.
Argotek zazpi urtez entrenatu zuen mutilen lehen taldea, eta emakumeenera abenduan iritsi zen, laguntzaile gisa. Gustura ari da taldea entrenatzen, eta txantxetan aitortu du oraindik prentsari adierazpenak-eta egitea kosta egiten zaiola, ohitura falta duela. Ez zaio asko nabaritu, baina.
“Bigarren urtea zailagoa izan daitekeela uste dut. Lehenengo urtean badago ilusio handi bat, eta inertzia positibo batekin zatoz”, adierazi du entrenatzaile oiartzuarrak. Konplikatua izanagatik, taldea «ilusioz beteta eta gogotsu» ikusten du Argotek.
Iazko bloketik bost jokalari faltako dira, eta horietako bi egungo txapeldunak —Athleticek— fitxatu ditu: Esti Aizpurua eta Esti Bajo. “Taldearentzako negatiboa da bi baja horiek edukitzea, bi erreferentzia zirelako”, adierazi du. Beste alde batetik, baina, irakurketa positiboa egin du:?”Erakusten du lana ongi egin dela, eta jendeak aukera polit horiek eduki ditzakeela. Azken batean, nahiz eta Oiartzun Lehenengo Mailan egon, estruktura aldetik, ezin da Athletic edo Reala bezalako taldeekin alderatu. Beste profesionaltasun bat dute, beste baliabide batzuk, eta hori pizgarri bat da”.
Hala ere, argi utzi nahi izan du Oiartzunek bere lana “ahalik eta modu onenean” egin behar duela.
Ideia berriak ezarri nahian
Bederatzi hilabete daramatza, kargu batean ala bestean, Karla Lekuonako aulkian. Iazko jokoarekin alderatuta, aurtengoa ezberdinagoa izango dela ziurtatu du Argotek. “Iaz laguntzaile moduan aritu nintzen, eta aurten saiatuko naiz nire ideietan pixka bat gehiago sakontzen”.
Gari Argote da entrenatzaile berria.
Hainbeste fitxaketa egitearen arrazoia iaz jokalari kopuru aldetik “nahiko justu” ibili zirela da. “Lehen Maila oso exijentea da, eta gure helburuetako bat lerro guztietan fitxaketak egitea zen”, gaineratu du. Horrela, postu guztiak indartzeaz gain, jokalarien artean lehiakortasuna ere sustatu nahi dute. Merkatua oso murritza du Oiartzun Kirol Elkarteak, are gehiago talde ez-profesionala izanda. “Gure inguruan Reala eta Athletic ditugu; gu gara azkenekoak. Gertukoak dira, Euskal Herrikoak. Irundik bi, Azpeitia, Orio, Bilbotik pare bat… Ongi miatu behar duzu merkatu guztia, ikusi zein profil behar dituzun, eta ahal bada gure ideiekin bat egitea”. Onartu du zaila dela fitxaketekin asmatzea, baina aurredenboraldiko partidetan ikusitakoaren arabera, Argotek uste du asmatu dutela.
Maila mailakatua
Iazko denboraldiari errepasoa emanda, hiru multzotan sailkatu ditu Lehen Mailako —orain Iberdrola Ligako— taldeak: tituluaren bila doazenak —Athletic, Atletico, Bartzelona eta Reala—;?kopan sartzeko txartela lortu nahi dutenak eta, azkenik, mailari eusteko lehiatzen direnak. Azken talde horretan sartu du Oiartzun. “Goikoen, erdikoen eta behekoen artean diferentzia nahiko handia da. Erdi profesionalak dira, goizez entrenatzen dira, beste baliabide batzuk dituzte. Hemen juxtu-juxtu bidaiak ordaintzeko daukagu, eta klubak esfortzu handi bat egiten du horretarako”, baietsi du.
Iaz bolada txarrak harrapatu zituen Oiartzunek. Maila berean taldeen artean dagoen aldeari egotzi dio: “Agian, jarraian, talde onenen aurka jokatu behar duzu, eta momentu zailak dira, ezintasun pixka bat sorrarazten du horrek”. Hala ere, akatsetatik ikasten saiatzen direla baieztatu du, eta aurkari gogorrenengandik “ahalik eta hurbilen” egoten.
Dena den, arerio gogorren kontra jokatzetik ere ondorio positiboak atera ditu entrenatzaileak. Izan ere, Oiartzun bezalako klub txiki batentzat maila handiko arerioen kontra jokatzea «sari bat» dela iritzi du. Eta Karla Lekuonan jokatzea ere “gozamen” bezala definitu du: “Jende pila bat etortzen da ikustera, eta edonork jokatu nahi du arerio horien kontra. Kanpoan ere, beraien instalazioak eta abar ikustea, oso polita da. Pizgarri politak dira”.
Partidaz partida
Topikoa dirudiela onartu du, baina denboraldiko aurtengo helburuei buruz hitz egiterakoan, “partidaz partida” joan behar dela esan du: “Igandero aukera bat dago hiru puntuak lortzeko, eta zenbat eta lehenago lortu, hobeto”. Horrela, oraingoz, helburu “bakarra” etziko partida izango da. Talde indartsua da Espanyol, eta aitortu du gauzak “oso ongi” egin beharko dituztela hiru puntuak lortzeko. Ugaldetxoko zelaian gertatzen dena gertatzen dela ere, hurrengo helburua Albaceten hiru puntuak lortzea izango da.
Penintsula barruko gainontzeko bidaiak bezalaxe, autobusean joango dira Albaceteraino. Ordu askoko bidaia da. “Gogortasun puntu hori badu. Ordu asko pasatzen dituzte elkarrekin”, jarraitu du, “eta nola edo hala pasatu behar dira. Giro oso ona dago, eta harreman estua sortzen da taldekoen artean”.
Desplazamenduak ez dituzte bakarrik egiten, normalean. “Badago guraso talde bat hutsik egiten ez duena. Pentsatzen duzu ‘a zer morala duten!’, baina ederki pasatzen dute tokiak bisitatuz [kar-kar]”. Edonon Oiartzun animatzen ari den norbait badela ikusteak indarra ematen die taldekideei.
Epe luzeagora begira, Argotek adierazi du Oiartzun Lehen Mailan urte askotan mantentzea “zaila” izango dela. “Hala ere, ahalik eta denbora gehien geratzen saiatuko gara”, ziurtatu du. “Hamasei taldeetatik, hamar edo hamaika estruktura profesionaleko taldeak dira, eta horrekin lehiatzea ezin da alderatu”, gaineratu du entrenatzaileak, baina, trukean, talde urdinak “ilusioa eta gogoarekin” lehiatu behar du.
“Jokalariei esaten diet”, jakinarazi du, “ez dutela hau baino maila altuagoan jokatuko. Disfrutatu behar da segundo bakoitza. Zuek esan ahal izango duzue ‘Nik lehen mailan jokatu dut. Ez galdu aukera hori’. Bizitza guztian kontatu ahal izango duzu”. Entrenatzaileari ere ilusio handia egiten dio Lehen Mailan entrenatzeak, bere herriko taldean.
Igandea iristeko gogoz dagoela berretsi du, eta uztailaren 26tik aurredenboraldian landutakoa praktikan jarri nahi dute. Emaitza onak lortu dituzte, eta jende berria ongi moldatu da. Talde guztiak ongi indartu direla esan du Argotek, eta ikusi behar dela nola jokatzen duten.
Baloia jokoan jartzen duten egun seinalatua etzi izango da.
Kick-off.
Anne Mugarza: “Jende berria etortzeak norberari helburu berriak jartzen dizkio”
Anne Mugarza, taldeko kapitaina.
Bederatzigarren denboraldia (gehi aurretik beste bi) jarraian izango ditu klubean Anne Mugarza kapitainak (Lezo, 1985). Denboraldi berriari begirako sentsazioei buruz aritu da erdilaria.
Zein egoeran hasiko duzue liga?
Ilusio guztiarekin. Talde oso berria da, iazkoarekin alderatuz, eta jende pila bat etorri da kanpotik. Ilusioa, betikoa: guztia. Ea iazko helburu berbera lortzen dugun. Azken finean, gure helburua iazko berbera da: Lehen Mailan jarraitzea, bertan jarraitzeko txartel hori lortzea. Hortik aurrera, zer edo zer hobetzea lortzen badugu, ongietorria izango da, baina oso argi dugu helburu nagusia maila mantentzea izango dela.
Entrenatzaile berria duzue. Zer moduz?
Oso ongi. Talde tekniko osoa berria da: bigarren entrenatzailea, atezainena eta prestatzaile fisikoa ere. Entrenamenduen metodologia aldatu da, eta nabaritzen dugu hobekuntza. Jonek [Alkorta] urte dezente zeraman gurekin, eta berak esan bezala, puntu batera iritsi zen ez zuela ezer berririk proposatzeko. Alde horretatik, entrenatzera jende berria etortzeak, norberari helburu berriak jartzen dizkio: bakoitzak duen onena eman behar du, eta berriro postua irabazi behar du. Oso ongi etorri zaigu, bakoitzak bere buruari helburu berriak jartzen dizkiolako eta lehiakortasuna sortzen duelako. Sanoa, baina lehiakortasuna azkenean.
Jokalarien ia erdia iritsi berriak dira. Zer moduz integratu dira aldagelan?
Oso ongi. Jende oso jatorra da, umila, eta askok badute esperientzia Lehen Mailan, eta horrek ere taldearen maila mantendu edo igo egiten du. Egunerokotasunean, entrenamenduetan zein maila pertsonalean, oso ongi moldatu dira. Egia da Oiartzunek baduela ospea alde humanoari dagokionez. Diru askorik ez du klubak, baina beste gauza batzuk ditugu. Jokalari berriek eurek esaten dute super gustura daudela hasieratik, eta oso ongi hartu dituela taldeak. Eta horrek guri ere poztasuna ematen digu. Gure helburua ere hori da: kanpotik datozenak eskuzabal hartzea, eta ahal den ondoen sentiaraztea.
Entrenamenduak ezberdinak direla esan duzu. Zelaian ere aldaketak egongo dira taktikoki?
Zelaian gogorrak izateko eskatzen digute, agresiboagoak. Egia da gure berezitasunetako bat izan dela hori. Taktikoki antzekoa probatzen ari gara: 4-3-3 euskarri batekin eta bi barnekorekin, edo 4-2-3-1 bi euskarri eta puntaerdi batekin. Baina aldakorra izango da, jokatzeko moduan gauden jokalarien arabera edo entrenatzaileak nahi duenaren arabera. Jokalari guztiak daude oso maila onean, eta partidaren beharren arabera, aukera pila bat daude. Taktikoki, pertsonalki, nik ez dut aldaketa handirik ikusi, ez marrazkian ezta jokatzeko garaian.
Helburuak lortzeko bidean, garrantzitsuak dira zaleak.
Aurreko urteetan ere zelai honek puntu asko eman dizkigu. Alde batetik, arerioak ez daudelako ohituta belar naturalean jokatzera —oso irregularra da, neguan batez ere—. Bestetik, jende asko hurbiltzen delako zelaira. Lezama eta Zubieta kenduta, beste zelaietan ez da hainbeste ikusle egoten, benetan. Tristura pixka bat ematen du zelai ia hutsak ikusteak. Bartzelonaren zelaian jende gutxi zegoen guk han jokatu genuenean. Agian puntako talde batekin ikusle gehiago joaten dira, baina hala ere… Gurea da ligan gehien betetzen den hirugarren zelaia, eta horrek kristoren
subidoia ematen du. Oiartzun inguruko jende pila bat ere hurbiltzen da, eta horrek kristoren goxotasuna eta sekulako indarra ematen dizu. Hori aprobetxatu behar dugu, iaz bost puntu bakarrik atera baikenituen etxetik kanpo. Ia puntu guztiak hemen lortu genituen, eta hori oso esanguratsua da.