Aritz Egea handia bakarrik izan zen Ander Iñarra lezoarraren aurretik.
Aritz Egea eta Ander Iñarra, lasterketa bukatu berritan.
Ander Iñarra Olaziregi lezoarra bigarren izan zen atzo Euskal Herriko Mendiko Lasterketa Txapelketan, zilarrezko domina irabazi zuen. Aritz Egea Euskal Herriko selekzioko kide urretxuarra izan zen garaile 1:59:33 denborarekin, Iñarrak 2:02:15eko denbora egin zuen bitartean. Helmugaratzean, oso pozik agertu zen Iñarra lortutako emaitzarekin. Idiazabalen egin zen lehia, Axari Trail izenarekin.
25,4 kilometroko eta 1.550 metroko gora behera zuen Euskal Herriko Txapelketak, Idiazabal inguruko mendialde malkartsuan. Latza bidea, eta eguraldiak ere ez zuen gehiegi lagundu, karrera hasieran tenperatura egokia zegoen arren, ondorenean beroak jo zuelako. Dena dela, Iñarrak atzetik aurrerako bidea egin zuen, izan ere, hasieran ez zegoelako podium postuetan, baina txapelketaren azken zatian ahalmena izan zuen aurretik zituenak aurreratu, bigarren izateko. Aritz Egea gainditzea hitz potoloagoak dira, ordea.
Lehia horretan Joxe Amunarriz hondarribiarra hamargarren izan zen, 2:11:06 denborarekin.
Bide motza
Axari Trailen barruan bide motzeko proba ere bazegoen, 16,4 kilometrokoa. Horren barruan ere gazteen mailetako Euskal Herriko Txapelketak egin zituzten. Hala, horretan, emakumeetan, Lide Urrestarazu Euskal Herriko selekzioko kidea izan zen garaile, eta Ana Cruz pasaitarra laugarrena izan zen.
Sailkapen osoa
Kirolprobak-en ikus daiteke.