Zerealen trafikoaren gorakada goraipatu du, besteak beste, Portu Agintaritzak.
Edukiontzien garraiori zentral termikoak libratutako lurrak baliatuta ekin dio Portuak.
Portuak abuztuko trafikoen berri eman du. Zehaztu dutenez, portuko salgaien trafikoak, %4,5 egin du behera urtea hasiz geroztik. Beherakada, baina, txatarraren trafikoaren gainbeherak eragindakoa izan dela argitu nahi izan du Portu Agintaritzak, baina gainontzeko salgaien trafikoak %15ean egin duela gora nabarmenduta.
“Jaitsiera honen arrazoi nagusia, txatarraren trafikoaren beherakada izan da”, esan dute. Izan ere, Zumarragako Arcelorren plantaren itxieraz geroztik %69,9 egin du behera trafikoak. (111.000 Tona gutxiago).
Aitzitik, automobilen, zerealen eta paper-pasten trafikoaren hazkundea %10tik gorakoa izan dela goraipatu dute. Zerealen trafikoa da gehien hazi dena. 2015 urtearekiko hirukoiztu egin da, Portu Agintaritzak zabaldu duenez. Guztira, 133.550 tona zereal mugitu dituzte urteko lehenengo zortzi hilabeteetan.
Azkenik, arrantza kaiak utzitako datu “onak” nabarmendu dituzte. 18,5 milioi arrain kilotik gora mugitu dituzte orain arte, “iaz baino %20 gehiago”. Portuak esan duenez “Pasaiako arrain lonjak inoiz mugitu duen arrain-bolumen handiena da, eta “batik bat, uztailean eta abuztuan izandako antxoaren kanpaina hobeezinagatik”.