Lezoko memoria historikoa berreskuratu eta ezagutarazteko, Etxetxo elkartea sortu dute. Gerran hildako lehenengo lezoarren baserriaren izena hartu dute.
Iparragirre baserriaren ondoan zeuden barrakoietako bat, sasiak hartuta.
Santakrutzetan murgilduta daude lezoarrak. Duela 80 urtekoak, baina, inoiz izan diren tristeenetarikoak izan ziren. 1936ko irailaren 13an, lehenago Oiartzun eta Irun hartu zituzten falangista, karlista eta militar altxatuen tropen esku erori zen Lezo.
Gerrak estreinakoz, baina, hilabete eta erdi lehenago kolpatu zuen Lezo. Errenteria-Oreretako paper lantegiaren ondoan zegoen Etxetxo baserriko Maria Oiartzabal eta bere hiru semeak hil zituzten aliantza faxistakoek. 1936ko uztailaren 27a zen.
Orduan eta ondoren gertatutakoak berreskuratzeko eta ezagutarazteko asmoz, elkartea sortu dute Lezon, Etxetxo izenekoa.
Trabajadoreak Jaizkibelen, otordua egiten. Argazki bakarra da
Taldearen ernamuina, ordea, duela ia hamarkada bat erein zen. Faxistak sartu zireneko 70. urteurrenaren harira, Zigortuak. ilunpetik argitara liburua egin zuten Agustina Pontesta, Ander Leon eta Joxe Luix Agirretxek.
Azkeneko horrek gogorarazi du nola hasi ziren: “1936ko gerraren joan-etorriak herrian ahazten ari zirela ikusteak kezkatzen gintuen. Batetik zegoen 40 urte luzeko ahanztura bat, ofiziala. Bestetik, familietan, lotsa edo beldurra ere existitzen zen. Azkenik, gerraren lekuko zirenak desagertzen ari ziren”. Memoria historikoa berreskuratzeko abiapuntua beste esparru batzuetatik etorri zen. Lezoko euskarari eta beste hainbat gairi buruzko aurrez egindako lanetan, konturatu ziren zahar askok gerrako kontuak aipatzen zituztela. “Bakoitzak bere kontuak botatzen zituen, modu isolatuan, eta denak elkartzean, sekuentzia osatzen genuen”, gogorarazi du Agirretxek.
Lehen omenaldia, 2007an
2007an lehenengo aldiz omendu zituzten frankismoaren biktimak Lezon, eta plaka bat jarri zieten herriko plazan. 2011n bigarren bat egin zuten, eta ordurako Tito Labordeta batu zitzaion hirukoteari.
Labordetak berak 2012an —errepresaliatua da, baita bere senideak ere— liburu bat argitaratu zuen, 1960tik aurrerako errepresioarekin. Taldeari forma ematen, orain dela urte eta erdi hasi ziren: Oiartzungo Kattin Txiki elkartekoak trabajadoreei buruzko lan bat egiten ari zirenean. “Oiartzunen zentratuta zegoen, baina eskualdera zabaldu nahi zuten, laguntza eskatu ziguten”, jakinarazi du Agirretxek.
Informazio gutxi
Eskualdean trabajadoreen batailoiak Aritxulegin, Arkalen, Usategietan eta Jaizkibelen aritu ziren lanean behartuta, errepideak eraikitzen. 2008an argitaratutako liburuan beraiei aitortza egitearen “arantzatxoa” geratu zitzaien egileei. Jexux Mari Fernandez Otxoa batu zitzaien.
Trabajadoreei buruzko informazio gutxi zuten. “Gertutik ezagutu ditugu”, esan du Pontestak. “Asko hemen geratu ziren, eta bertako emakumeekin ezkondu ziren. Nik harremana baneukan horietako askorekin, eta erraza izan zen haritik tiratzea”, gaineratu du. Hala ere, bera zen garai hartan bake epailea, eta artxibo zein erregistroetan hiru heriotza akta besterik ez zituzten aurkitu. “Ez dakigu zer gertatu zen aktekin”, zehaztu du Pontestak. Udalerri askotan, trabajadoreak erroldatuta egoten ziren.
Horrela, beste iturri batzuen bila jo behar izan zuten, ofizialetatik haragokoak. “Bereziki aipatuko genuke Mikel Salaberria, Martizkoenekoa. Datu asko eman dizkigu”, eskertu du Agirretxek. Ez da bakarra izan: “Elkarrizketak egin ditugu, eta lan bat osatu dugu. Horrekin liburuxka bat argitaratuko dugu, urrian. Gaiari buruz dakigun ia guztia agertuko da liburuxka horretan, eta momentuz argazki bakarra daukagu”.
Mila trabajadore inguru
Lezo eta Guadalupe lotzen dituen errepidea egiten aritu ziren Lezon bizi ziren trabajadoreak. Bi destakamentu izan ziren Lezon —Errotetan eta Iparragirre baserri inguruan—, eta beste bat Pasaian —Jaizkibelen, kuartela zegoen tokian—.
Batailoi bakoitzean 750 kide izaten ziren: 150 militarrak eta 600 presoak. “Kalkulatzen dugu Lezon, 1939 eta 1946. urteen artean, 900-1.000 trabajadore aritu zirela. Gure ustez gehiago izan ziren, baina ez dugu daturik”, adierazi dute Etxetxoko kideek.
Errepideaz gain, muga babesteko lerro gotorra egin zuten. “Galeriak, biltegiak, ametralladora habiak eta abar zituen. Injenieria lan erraldoia da”, nabarmendu dute, “Gaintxurizketako errepide berria egitean, ordea, hondatu ziren, baina oraindik 300 metro baino gehiago geratzen dira. Bunkerren aztarnak ere badaude inguruetan”.
Herriko baserrietan ere nabaritu zuten batailoien eragina. Baserri askotako zatiak okupatzen zituzten militarrek, gehienetan intendentzia lanetarako.
Tropa faxistak, Oiartzun hartu ondoren.
Mendialdean ez ezik, militarren eta preso langileen presentzia herrigunean ere nabaritzen zen. Horrela, hainbat etxabe hartu zituzten eurentzat —egun Sahatsa taberna dagoena, edo Ixkulin elkartearena—. Trabajadoreek otorduak, batzuetan, Jaizkibelen bertan egiten zituzten eta, besteetan, herrigunean. “Dakigunaren arabera, Atzekoaten jaten zuten. Lurrean esertzen ziren metalezko platerekin. Bizilagunek ikusten zituzten, eta hor sortu zen trabajadoreen eta lezoarren arteko harremana”, esan du Agirretxek. Gainera, eskarnio gisa, plazara ateratzen zituzten trabajadoreak, eta jipoitzen zituztela esan dute, baita desfilarazi ere.
Kanpoko lekukotzak
Lezoarren testigantzez gain, beste hainbat informazio iturriren laguntza jaso du Etxetxok. Horrela, Jaizkibelen trabajadore izandako bi lagunen testigantza jaso dute. Alde batetik, Comisiones Obreras sindikatuko idazkari nagusi izan zen Marcelino Camachok Confieso que he luchado liburuan utzi zuena. Bertan kontatzen zuenez, hain gogorrak ziren hango baldintzak, ezen 42 egun pasatu behar izan zituela Zumaiako ospitale militarrean.
Bestetik, Jose Maria Etxabe Kamiñazpi ondarrutarrak ere behartutako egonaldiaren berri eman zuen liburu batean. Euskaltzain urgazle izan zen gerora.
Barrakoien destakamentuak nolakoak ziren jakiteko Juan Antonio Saez Garcia adituarengana jo dute. “Frankismoko defentsa eraikinei buruzko lanak idatzi ditu, eta planoak altxatzen ditu, besteak beste. Iparragirreko, Errotetako eta Guadalupeko barrakoien plano guztiak, baita bunkerrenak ere, jasota eta altxata ditu. Mikel Salaberriak bere burutik atera zuen planoa, memoriaz, eta Saez Garciaren oso antzekoa zen”, baietsi du Agirretxek.
Hala ere, jakitun dira oraindik informazio asko falta dutela. Trabajadoreei dagokienez, Jaizkibelen lanean aritutako 24 presoren izen eta abizenak dituzte bilduta. Euren helburuetako bat webgune bat abian jartzea da, trabajadore izandakoen senideek beren izena eman dezaten, erregistroa handitze bidean.
Beste zerrenda bat ere badute osatua: Lezon edo bertatik kanpo hil ziren lezoarren zerrenda. Guztira, 33 pertsonek osatzen dute zerrenda tristea.
Aurrera begirako lanak
Etorkizunean egingo duten lanari dagokionez, elkarteko kideek, besteak beste, Iparragirreko bi barrakoietako baten sasia kendu nahiko lukete.
Lezoko Udalean mozio bat ere sartu dute. “Mozio bat sartu dugu, eta udalari eskatu diogu noizbait urratsak egin ditzan aztarna horiek interes sozial, historiko edo kulturaleko izenda ditzan, edo urratsak egiten hasteko. Gauza asko galtzen ari dira, eta oso azkar”, azaldu dute.
Euren helburua horiek guztiak mantentzea eta ez ahaztea da.
Iparragirreko eskailerak. Urriaren 9an joango dira hara.
Hainbat ekitaldi antolatu dituzte urriko lehenengo asterako
Etxetxok antolatutako lehenengo ekitaldi sortaren ardatza herrian lanean aritutako trabajadoreak izango dira. Urriaren 3tik 8ra erakusketa egingo da, goiz eta arratsaldez, Kultur Aretoan. Kattin Txikik Oiartzunen antolatu zuen erakusketaren antzekoa izango dela iragarri dute Etxetxokoek, funtsean, “baina elementu berri batzuk erantsiko dizkiogu”.
Urriaren 6an, ostegunarekin, hitzaldia egongo da, Gezala aretoan, 19:00etatik aurrera. Dokumental bat proiektatuko dute bertan: Trabajadoreak. Frankismoaren gatibuak Oarsoaldean. Ondoren, Fernando Mendiolak eta Mikel Mendizabalek hizketaldia egingo dute.
Esclavos del franquismo en el Pirineo liburua idatzi zuen Mendiolak, eta trabajadoreei buruz aditua da. Ikuspegi globala emango du berak: zer egiten zuten, zigortuen sailkapenak… Mendizabal oiartzuarra da, eta eskualdeko testuingurua azalduko du. Mikel Salaberria eramango dute ere, bere baserriaren ondoan baitzeuden Iparragirreko barrakoiak. Mahai-inguru gisakoa izango da ekitaldiaren zati hori.
Irteera eta omenaldia
Urriaren 9an Iparragirreko barrakoietara bisita egingo dute. 10:00etan geratuko dira herriko plazan, eta Sotxora igoko dira. Han azalpen batzuk eman, eta handik barrakoietara abiatuko dira. Handik, errepidera atera eta Errotetara jaitsiko dira. 12:30ean omenaldi nagusia egingo da. Barrakoietako baten aztarnetako pareta batean plaka bat jarriko dute.
Panel bana bistaraziko dituzte, Iparragirren eta Errotetan. Informazioa emango dute, trabajadoreak zer ziren esateko. Hainbat trabajadoreren senideei oroigarriak emango dizkiete aldi berean. Bilboko Luis Ortiz etorriko da, eta hark bizitakoaz egingo du.
Kaskora bidean, Andreonen geratuko dira sorpresa batentzako, eta gero, plazan, dantzariak, txalapartariak, Iñaki Labaka kantaria eta beste gauza asko izango direla iragarri dute.