Zortzi eta hemezortzi urteko oiartzuarrek har dezakete parte. Izena emateko epea azaroaren 3an bukatuko da.

Iazko lehiaketaren sari banaketa.
Oiartzungo Udalak 29. aldiz antolatu du Prosa eta Poesia lehiaketa. Zortzi eta hemezortzi urte artean dituzten haur eta gazteek har dezakete parte, baldin eta Oiartzunen jaio, bizi edo ikasten badute. Derrigorrezko hezkuntzako mailetan ikastetxeen bitartez hartzen dute parte, eta udalak dei berezia egin die 16 eta 18 urte arteko gazteei euren lanak aurkez ditzaten.
Horretarako, lanek euskaraz eta argitaratu gabeak izan behar dute. Idazle bakoitzak lan bakarra aurkez dezake sail bakoitzean. Poesian, 40 lerrokoak izan behar dute lanek. Prosan, berriz, hiru orrialdeko luzera gehienez. Ordenagailuz idatzita egon behar dute, A4 formatuan, eta bi espazioko tartea izan behar dute. Lehen orrialdean izengoitia idatzi beharko dute.
Bi kopia kartazal itxi baten barruan aurkeztu behar dira Oiartzungo Udaleko Euskara zerbitzuan (Fermiñene etxean). Kartazalaren azalean datu hauek jarri beharko dira: lan mota (prosa edo poesia); ikasmaila; adina eta izengoitia. Barruan, beste kartazal itxi batean, datu pertsonalak eman beharko dira. Honakoak dira: izengoitia; izen-abizenak; ikasmaila eta adina; ikastetxea; helbidea eta telefonoa.
Sariei dagokienez, 120 euroko bina sari banatuko dituzte lan mota bakoitzeko. Lanak aurkezteko epea azaroaren 3ko eguerdian bukatuko da.