Artista mexikarren lanen erakusketa inauguratuko dute larunbatean
50 bat artelan ikusteko aukera egongo da udaletxeko areto nagusian. Salmentan jarriko dituzte batzuk, ASPANOGI elkartea laguntzeko.
Datorren larunbatean hasi eta urriaren 15era arte, hainbat artista mexikarren erakusketa egingo dute lehen aldiz Euskal Herrian. Zehazki, Oiartzungo udaletxeko areto nagusian 50 bat lan egongo dira ikusgai.
Mexiko izango da erakusketaren ardatza, eta artistek euren herrialdeko ohiturak eta historia —konkistaren aurretik gaur egunera arte— irudikatu dituzte ikusgai egongo diren artelanetan. Eguzkiaren seme-alabak izenburua izango du erakusketak.
Izaera solidarioko erakusketa izango da. Izan ere, bertan erakutsitako artelanak salmentan jarriko dituzte, eta bildutako dirua Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkarte ASPANOGIri bideratuko diote. Mexikoko Asociacion Plastica de Monterreyk eta Euskal Herriko Nazio Handien Liburutegiak antolatu dute erakusketa.
Astegunetan goiz eta arratsaldez egongo da zabalik: 10:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Asteburutan, berriz, arratsaldez bakarrik ikus ahal izango da.