MotxianEby gazteentzako esketx lehiaketara lanak urriaren 10etik azaroaren 18ra aurkez daitezke.
Iazko irabazleak.
MotxianEby 2016 esketx lehiaketaren nondik norakoak eman dituzte
Oarsoaldeko Euskara Batzordeak eta
Buruntzaldeko Udal Euskara Zerbitzuak; aurreko urteetan bezala, elkarlanean ariko dira bi erakunde horiek gazteen artean euskara eta teknologia berriak uztartzen dituen lehiaketa antolatzen. 12-16 adin tartekoentzako da, eta bakarka nahiz taldeka parte har daiteke, mugarik gabe. Gaia librea da. Baina antolatzaileek nahiko lukete bideoak parodiak izatea, umorez beteak.
Bideoak egin behar dituzte gazteek, horiek lantzeko teknika, adibidez, Stop Motion edo Meme erakoa ere izan daitekeelarik. 50 eta 70 segundo artekoak behar dute izan, eta ezinbestekoa esketxak euskarazko audioa izatea. Hala, bideoak egiteko edozein gailu erabil daiteke: sakelako telefonoa, tableta, argazki kamera, bideo kamera…Edizio lanak egin daitezke bideoetan.
Bideoen grabazioek originalak behar dute izan, eta abesti edo doinuren bat erabiltzekotan, Creative Commons-ekoa edo euskaraz abesten duen Euskal Herriko talde batena izan beharko dute.
Nola eta nora bidali?
Esketxak bidaltzeko epea hilaren 10ean hasi eta azaroaren 18an bukatuko da. Esketxak bidaltzerakoan, beti, esketxaren izenburua eta herria adierazi behar dira. Hori egiteko bide hauek daude:
- Whatsapp bidez 608 170 384 zenbakira bidal daitezke.
- Posta elektronikoz ere bidal daitezke. (Wetransfer edo Dropbox zerbitzuak erabiltzea gomendatu dute)
Sariak
Sari ederrak izango dituzte irabazleek. Honakoak dira:
- Lehen saria 300 eurokoa da, eta epaimahaiak emango du.
- Bigarren saria 200 eurokoa da, eta Interneteko bozketa bidez erabakiko da.
- Herri bakoitzeko esketx onenak 50 euroko aipamen saria jasoko du, Interneteko bozketan oinarrituta.