Altzakillo emanaldiaren bidez bildutako dirua Super H elkarteari emango dio Aljarafek. Haurren gaixotasun arraro eta onkologikoen ikerkuntza sustatzen du.
Ion Collar, Almudena Sala, Gonzalo Galan, eta Super H panpina aurkezpenean.
Ekintza solidarioa antolatu du Errenteria-Oreretako Aljarafe Andaluziako Kultura Zentroak iganderako.
Altzakillo euskal dantzak eta folklore flamenkoa fusionatzen dituen ikuskizuna taularatuko dute, eta bertan jasotako dirua, Super H taldeak jasoko du haurren minbizia ikertzen jarraitu ahal izateko.
Koldo Mitxelena ikastetxearen jolastokiak hartuko du emanaldia igandean 12:00etan, eta sarrerarik ez bada izango ere, jendeari ekarpena egiteko eskatu dio Gonzalo Galan Aljarafeko kideak, “bertan jasotakoa oso garrantzitsua delako haurren minbizia eta gaixotasun arraroak ikertu ahal izateko”. Elkartasun eta itxaropen emanaldia izango da, beraz, igandekoa.
Altzakillo emanaldiaren ondoren, luntxa antolatu du bestalde Andalauziako Kultura zentroak.
Urnietako
Super H elkarteak bi urte beteko dituela datorren urtarrilean esan zuen Almudena Salasek, “nahiz eta lau urte lanean daramagun”. Elkartearen helburua dirua biltzea da haurren minbizia zein gaixotasun arraroen gaineko ikerketa sustatzeko. Salasek azaldu zuenez, une hauetan bi ikerketarako ari da elkartea diru ekarpena egiten: Bartzelonako Sant Joan de Déu ospitalarekin batetik, horretarako 40.000 euro behar dituzte urtean, eta Biodonostiarekin, bestetik. “Gaixotasun arraroen kasuan,
arraro estigma kentzeko lanean ari gara. Ez ohikoak dira 300.000 pertsonen artetik halako 1 diagnostikatzen da, eta familiak galduta sentitzen dira. Argi pixka bat eman, familia horiei babesa eskaini, eta batez ere ikustarazi egin nahi dugu gaixotasun horien errealitatea”.
Super heroiak
Salasek Super H elkartearen ikur den panpina izan zuen ondoan, atzo egindako aurkezpenean, eta elkartearen izenaren gainean ere egin zuen azalpena: “Super H izena jarri genion elkarteari. Super, izugarria delako minbizia edo gaixotasun arraroak dituzten haurrek duten indarra, superheroiak dira egunero borrokan gaixotasunarekin. H-a, berriz, Bartzelonan ikertzen ari diren gaixotasun arraroa eragiten duen histiozito zelulagatik”. Panpin horiek ospitalean dauden haurrei oparitu nahi dizkie elkarteak.
Ion Collarrek eskerrak eman zizkion Aljaraferi, emanaldi hori Errenteria-Oreretara ekartzeagatik, eta elkartasun izaera emateagatik. Super Hri ere egunero egiten duen lana ere eskertu zion Kultura zinegotziak. Igandean Koldo Mitxelenara hurbiltzeko arrazoi handiak daudela gaineratu zuen, eta herritar guztiak animatu zituen emanaldiarekin gozatu eta ekarpena egitera Super H elkarteari.
Emanaldian bertan, Super H elkarteak materiala izango du salgai, kamixetak eta pultserak besteak beste.