"Ongi etorri Errenteriara" esan zieten atzo herrira azken lau hilabeteetan erroldatu direnei. Horretarako ekitaldia egin zuten Merkatuzarren.
Atzoko ongi etorri saioaren irudi orokorra.
Azken lau hilabeteetan Errenterian erroldatu diren pertsonek herriaren ongi etorria jaso dute. Atzo egin zuten harrera ekitaldia Merkatuzarren “ongi etorri Errenteriara” esan zieten.
Epe horretan 336 pertsona etorri dira herrira bizitzera. Atzoko ekitaldian horietatik asko falta ziren, baina izan zirenek ziur besteei esango dietela Errenteria-Orereta herri parte hartzailea, anitza, eta bizitzaz beterikoa dela. Hala jakinarazi zietelako Errenteriako Udaleko Kultur Aniztasuneko, Garapeneko Lankidetza eta Giza Eskubideen azpiatalak antolatutako ekitaldian. Hori, hitzetan, Nagore Basurto azpisaileko zinegotziak eta Samira Goddy teknikariak jarri zuten.
Aldi berean herria zer, nolakoa den, eta etorri berriek zein baliabide dituzten jakinarazi zieten ekitaldian egon zirenei. Gainera, herriko hainbat eragilek zein udalak informazio praktikoa emateko postuak jarri zituzten, herritar berriek zuzenean jakin dezaten udalerrian zer eta nola egin dezaketen.