Aitzol Gogorza eta bere egoeran diren beste bederatzi euskal presoen osasun eskubideak bete, eta etxeratzea eskatu zuten atzo anbulatorioaren aurrean.
Arantxa Otaegi, Asier Mitxelena eta Luix Gogorza osasungitzako langileekin eta herritarrekin.
Aitzol Gogorza larri gaixorik dagoen euskal presoa eta bere egoeran dauden beste bederatzi euskal presoen osasun eskubideak bete daitezela, eta horien etxeratzea eskatu zuten atzo Errenteria-Oreretako anbulatorioaren aurrean. Oarsoaldeko Sarek deitu zuen elkarretaratzea, eta osasungintzako langileak eta bestelako herritarrak batu ziren bertan, euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriekin amaitu eta osasun arloan legeek diotena betetzea exijitzeko.
Atzoko elkarretaratzearen bidez, gainera, larunbat honetan (hilak 15) Sarek Donostian larri gaixo dauden euskal presoen alde deitu duen manifestazioarekin bat egitera deitu dituzte herritar guztiak.
Aitzol Gogorzaren gurasoak, Arantxa Otaegi eta Luis Gogorza, ondoan zituela, Asier Mitxelena Oiartzungo sendagileak hartu zuen hitza: “Euskal presoek kartzeletan pairatzen dituzten osasun eskubide urraketez ohartarazi nahi dugu, bereziki larri gaixorik diren presoen eskubide urraketez, eta Salatzen Dut dinamikaren bidez, osasun arloko espezialistak izanik, larri gaixorik dauden hamar euskal presoen egoera larria salatu nahi dugu”.
Presoek espetxean jaso beharreko zaintzaz Espainiako Estatuaren legediak dioena gogorarazi zuen Mitxelenak: “Presoen bizitza, integritatea eta osasuna zainduko ditu administrazioak. Zehatzago, Espetxe Arautegiak preso guztiei, salbuespenik gabe, gainontzeko herritarrek duten osasun arreta bermatuko die. Tratamendu egokia jasotzeko larri gaixorik dauden presoei baldintzapeko askatasuna ematea ahalbidetzen du legediak”.
Hala ere, Espainiako eta Frantziako estatuetan gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamar euskal preso daudela nabarmendu zuen sendagileak: “Kalean egonik gaitz larri eta sendaezinak jasatea oso gogorra bada, irudika al dezakezue, esaterako, esklerosi anizkoitza, kardiopatia iskemiko larria, nahasketa psikotikoak, edo espondolitis ankilopoietikoa duten presoek jasaten duten sufrimendua?”.
Egoera horiei, gainera, isolamenduaren edota araudi bereziaren ezarpena gehitu behar zaiola salatu zuen Mitxelenak. Pertsona guztiek dutela osasunerako eskubidea eta gaixotasunen tratamendua zein zaintza ahalik eta era egokienean jasotzeko eskubidea dutela gogora ekarri zuen azkenik.