kultura proiektuaren oinarriak biltzen dituen proposamena aurkeztu dio udalak aldundiari. Helburua, egitasmoa bi erakundeek elkarlanean definitzea dela esan du udalak

Lekuona fabrika.
Lekuona fabrika birgaitu eta Arte Eszenikoen sorkuntza garaikiderako erreferentziazko zentroa bihurtu asmoz, lankidetza hitzarmena sinatu zuten Gipuzkoako Foru aldundiak eta Errenteriako Udalak 214. urtean. Orain, kultura proiektuaren oinarriak biltzen dituen proposamena aurkeztu dio udalak aldundiari. Helburua, egitasmoa bi erakundeek elkarlanean definitzea dela esan du udalak: “Lurraldeari kultur proiektu eraikitzaile baten aukera paregabea emango dion espazioa sortu nahi dugu, gizartea kohesionatzeko, ongizatea sortzeko, eta lurralde identitatea sustatzeko asmo garbiarekin”.
Errenteriako Udalak proposatutako proiektuarekin, Lekuonak Errenteriako mugak gaindituko dituela esan du, eta Gipuzkoan kokatuta, Euskal Herriko “bokazioa” izango duela. Harago joan da udala, eta Lekuona Pasaiako Badiaren Biziberritzearekin erabat egokitzen dela gaineratu du: “Errenteria industria herri izatetik bestelako herri eredu bat izatera pasatzeko aukera paregabea da Lekuona, beste toki askotan sorkuntza fabrikak izan diren bezala, eta horrek hazkunderako koiunturan jarriko du badia guztia”.
Espazio eragile eta integratzailea
Lekuona espazio dinamizatzailea, eragilea eta integratzailea izatearen alde lanean ari dela jakinarazi du udalak, bestalde, “inguruko sortzaileen beharrak asetzeko proiektua diseinatzen ari gara, bertako errealitatea kontuan hartuko duena, baina Euopan dauden beste eragileei begira ere egon daitekeena”.
Sortzaile hasi berriei baliabide fisiko, material eta programatikoak eskainiko die Lekuonak udalaren esanetan, eta malgutasuna izango duela oinarri erantsi du: “Argi dugulako aldaketetara egokitzeko eredu malgua behar duela Lekuonak. testuinguru aldakor bati erantzun nahi diogu, denborarekin aldatzen diren premiak dituenari”.
Halako espazioak gero eta ugariagoak direla esan du azkenik udalak, eta horietako batzuk aipatu ditu: Luhusoko (Lapurdi) Harrixuri, Madrileko El Matadero; Bartzelonako Fabra i Coats, Garnollerseko (Bartzelona) Roca Umbert Fabrica de les Arts, Helsinkiko Kaapelithedas eta Luxenburgoko Kulturfabrik. “Eredu horiek aintzat hartuta Hego Euskal Herriko behar bati erantzungo dio Lekuonak, ingurunearen ezaugarri, berezitasun eta premietara egokituta”, gaineratu du udalak.