Elkartasuna jaso itxaropena zabaltzeko
Elkartasunak gainezka egingo du Errenteria-Oreretan asteburu honetan. Juneren Hegoak elkarteak bere eguna antolatu du biharko bigarrenez, eta Aljarafe Andaluziako Kultura Zentroak ‘Altzakillo’ fusio emanaldi solidarioa, etzi.
Eskerrak emateko jaia izango da Juneren Hegoak EgunaAurten jaiaren kokapena aldatu, eta egitarau xumeagoa prestatu dute. Hala ere, txikienek gozatzeko osagai guztiak bildu dituzte. Agirre Lehendakariaren plazak hartuko du egun guztiko jaia. 11:00etan hasita, puzgarriak eta tailerrak izango dituzte txikienek, «Gaztelan elkartearen laguntza izango dugu tailerretan, eta puzgarriak, berriz, Irrien Lagunak taldeak utzi dizkigu». DJ Martinbertsok eta Ane Piratak emanaldia egingo dute, arratsaldez, eta 18:00etan, berriz, Juneren Hegoak elkarteko familiak omenduko dituzte. Hemeretzi familia Haurren gaixotasun, heriotza edo dolu esperientzia bizitzen ari diren Gipuzkoako familiei laguntza eta babesa emateko sortu zen elkarteak hemeretzi familia bildu ditu bidea egiten hasi zenetik. Familia guztiek omenaldian parte hartuko ote duten ez daki Mendikutek, «haurren egoerak baldintzatzen duelako hori kasu batzuetan, baina momentuz zortzik baieztatu dute izango direla». Omenaldiaren gaineko zehaztasunik ez du eman izan nahi: «Sorpresa bat da eta ez dugu ezer gehiago kontatu nahi». Elkartearentzat eguna garrantzitsua izango dela esan du, eta herritar guztiak deitu ditu parte hartzera, «egitarau polita izango dute gozatzeko, eta bide batez, elkarteko familia horiei elkartasuna eta babesa adierazteko modua ere bada». Biharkoan dirua biltzea ez da lehentasuna izango Juneren Hegoak-entzat, baina elastiko, motxila, eta izerditakoak salgai izango dituzte, elkarteari laguntzeko alea jarri nahi duten orok laguntzeko aukera izan dezan. Horretan ere ez dira bakarrik izango, haurren bizimodua hobetzeko elkarlanean ari diren hainbat elkartek ere jarriko dute postua biharko jaian. ‘Altzakillo’ fusio emanaldia Aljarafe Andaluziako Kultura Zentroaren emanaldi solidarioa etzi da. Altzakillo euskal dantzak eta folklore flamenkoa fusionatzen dituen ikuskizuna taularatuko dute, eta bertan jasotako dirua, Super H elkarteari emango diote haurren minbizia ikertzen jarraitu ahal izateko. Koldo Mitxelena ikastetxearen jolastokiak hartuko du emanaldia, 12:00etan hasita. Doakoa da, baina jendeari ekarpena egiteko eskatu dio Gonzalo Galan Aljarafeko kideak, «bertan jasotakoa oso garrantzitsua delako haurren minbizia eta gaixotasun arraroak ikertu ahal izateko». Elkartasun eta itxaropen emanaldia izango da, beraz, igandekoa ere. Urnietako Super H elkarteak urtarrilean bi urte beteko dituela jakinarazi du bertako kide Almudena Salasek. Elkartearen helburua dirua biltzea da haurren minbizia zein gaixotasun arraroak iker daitezen. Egun, bi ikerketarako ari dira diru ekarpena egiten. Lehena Bartzelonako Sant Joan de Déu ospitalarekin egiten ari diren elkarlanerako da: horretarako 40.000 euro behar dituzte urtean. Bestea Biodonostiarekin ari dira lantzen. «Gaixotasun arraroen kasuan», jarraitu du Salasek, «arraro estigma kentzeko lanean ari gara. Gaixotasunak ez ohikoak dira 300.000 pertsonen artetik halako bat diagnostikatzen bada, eta familiak galduta sentitzen dira. Argi pixka bat eman, familia horiei babesa eskaini, eta batez ere gaixotasun horien errealitatea ikusarazi egin nahi dugu». Super heroiak Salasek Super H elkartearen ikur den panpina izan zuen ondoan ekitaldia aurkezteko egin zuten agerraldian. Elkartearen izenaz azalpenak eman zituen: «Super H izena du elkarteak. Super, izugarria delako minbizia edo gaixotasun arraroak dituzten haurrek duten indarra, super heroiak dira. H-a, berriz, Bartzelonan ikertzen ari diren gaixotasun arraroa eragiten duen histiozito zelulagatik». Etzi Koldo Mitxelenara hurbiltzeko arrazoi asko daudela esan zuen Ion Collar Kultura zinegotziak aurkezpen agerraldian, eta herritar guztiak animatu zituen emanaldiarekin gozatu eta Super H elkarteari ekarpena egitera. Juneren Hegoak Eguna 11:00. Eskulanak, puzgarriak, makillajea. 11:30. Kalu Erice eta Javier Delgado 2016. urtean Juneren Hegoak elkartearen alde korrika ibili diren korrikalariei elkarrizketa. 16:30. Irrien Lagunak. DJ Martinbertso eta Ane Pirata. 18:00. Juneren Hegoak familiei omenaldia. 18:30. Zumba fitness saioa Oliber Nestar eskolarekin. 19:30. Jaiaren amaiera.

