Aitzol Gogorza oreretarra eta larri gaixo dauden beste bederatzi euskal presoen osasun eskubideen alde manifestazioa egingo dute bihar Donostian. Preso horien egoera larria dela salatuko dute.
Aitzol Gogorza eta larri gaixorik dauden beste bederatzi euskal presoen egoera larria salatu dute.
Aitzol Gogorza larri gaixo dagoen preso oreretarra eta egoera berean dauden beste bederatzi euskal presoen osasun eskubideak errespeta ditzaten exijitzeko elkarretaratzea egin zuten joan den astelehehenean hamarnaka lagunek Errenteria-Oreretako Iztietako anbulatorioaren parean. Osasungitzako langileak eta herritarrak batu zituen elkarretaratzeak, hamar euskal presoek etxean behar dutela, berandu baino lehen, esateko.
Bihar, berriz, Sare Herritarrak deituta nazio manifestazioa egingo dute, Bulebarretik 17:00etan aterata, Larriki gaixorik dauden euskal presoak etxera lemapean. Aitzol Gogorza, Txus Martin, Josetxo Arizkuren, Jagoba Codo, Iñaki Etxeberria, Ibon Iparragirre, Ibon Fernandez Iradi, Gorka Fraile, Jose Ramon Lopez de Abetxuko eta Garikoitz Arruarteri ezartzen dizkieten salbuespen neurriekin amaitu, eta osasun arloan legeek diotena betetzea eskatuko dute.
Osasun arloko espezialistek larri gaixorik dauden hamar euskal presoen egoera larria salatu zuten asteleheneko elkarretaratzean, eta biharko manifestazioak ere hala egingo du.
Araudi berezia ezarrita
Presoek espetxean jaso beharreko zaintzaz Espainiako Estatuaren legediak dioena gogorarazi zuen Asier Mitxelena Oiartzungo medikuak asteleheneko elkarrateratzean: «Presoen bizitza, integritatea eta osasuna zainduko dituela dio administrazioak. Zehatzago, Espetxe Arautegiak preso guztiei, salbuespenik gabe, gainontzeko herritarrek duten osasun arreta bermatuko diela dio, eta tratamendu egokia jasotzeko legediak larri gaixorik dauden presoei baldintzapeko askatasuna ematea ahalbidetzen du, gainera».
Legediak larri gaixo dauden presoei baldintzapeko askatasuna ematea ahalbidetzen du»
«Egoera horiei espetxean aurre egin behar izatea izugarria da»
Asier Mitxelena, Sendagilea
Hala ere, Espainiako eta Frantziako estatuek gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamar euskal presoak espetxean mantentzen dituzte. «Kalean egonik gaitz larri eta sendaezinak jasatea oso gogorra bada, irudika al dezakezue, esaterako, esklerosi anizkoitza, kardiopatia iskemiko larria, nahasketa psikotikoak, edo espondolitis ankilopoietikoa duten presoek jasaten duten sufrimendua? Egoera horiei espetxean aurre egin behar izatea izugarria da», gaineratu zuen.
Gaixotasunari eta espetxeari, gainera, isolamenduaren edota araudi bereziaren ezarpena gehitu behar zaiola salatu zuen Mitxelenak. Gogorarazi zuen pertsona guztiek dutela osasunerako eskubidea, eta gaixotasunen tratamendua zein zaintza ahalik eta era egokienean jasotzeko eskubidea.
Herrian babes handia
Asteleheneko elkarretaratzea, eta biharko manifestazioa bezalako protestak «pozik» hartzen dituzte Arantxa Otaegi eta Luix Gogorzak. Aitzol Gogorzaren gurasoak dira. Aire ahokada da beraientzat gaixorik dauden presoen alde antolatutako ekintza bakoitza, «babesa da guretzako. Izugarria da ikustea jendeak nola laguntzen digun, nola egiten digun kasu. Eskerrak horri. Herrian babes handia dugu, eta eskertzekoa da». Gaztetxe inguruan biltzen diren gazteei aipamen berezia egin die Otaegik, «jarrera oso ona dute gurekiko, etengabe azaltzen digute gur
e semearen gaineko kezka».
Herriaren erantzuna, oro har, ona izaten ari bada, politikoekin ez dela gauza bera gertatzen esan du Otaegik, «Aintzane Intxausti, Aitzolen psikiatra, eta Julen Mendoza alkatea legebiltzarrean izan ziren semearen egoeraren berri ematen. Kasua bertatik jarraitzen dutela esan zieten, buruan dutela alegia, baina ez dute ezer egiten».
Beldurrak airean bizi gara. Kartzelan eta gaixorik egotea, izugarria da»
«Ateak jo eta jo gabiltza eta leku guztietan ezezkoa jasotzen ari gara»
Arantxa Otaegi, Aitzol Gogorzaren ama
22 urterekin ihes egin zuen Aitzol Gogorzak Errenteria-Oreretatik. 41 urte ditu egun. Hamazazpi urte beteko ditu espetxean datorren abenduan, eta duela hamabost bat diagnostikatu zioten obsesio konpultsibo nahasmena. 20 urteko espetxe zigorra ezarri zioten epaitutakoan. Ia hamazazpi urte hauetan Frantziako Estatuko Fresnes, Villepinte, La Santé, Poissy, Bois D´Arcy, eta Espainiako Estatuko Soto del Real eta Sevilla espetxeetan izan da. Egun Euskal Herrian da, Basauriko espetxean.
Egoera oso gogorra dela esan dute euskal presoaren gurasoek: «Beldurrak airean bizi gara. Kartzelan egotea jada gogorra bada, kartzelan eta gaixorik egotea, izugarria da. Telefonoak jotzen duen bakoitzean beldurrez izaten gara, batez ere bere konfidantzazko sendagilearen telefono zenbakia dela ikusten dugunean. Badakigu zer edo zer gertatu zaiola Aitzoli, halakoetan deitzen digulako beti. Kezkarekin bizi gara».
Une honetan Basauriko espetxean beste euskal preso batekin dago Gogorza, «asko laguntzen omen dio. Lau hilabeterako sartu dute eta epe hori amaitzen denean bakarrik geldituko da Aitzol. Ikusiko dugu orduan…», esan du Otaegik. Astean behin 40 minutuko bisita, eta hilean bi aurrez aurreko izaten dituzte, «emaztea ere espetxean dagoenez, bi aurrez aurreko familiar egiten ditugu. Bisitak txandaka egiten ditugu, batzuetan gu, besteetan bere anaiak eta ilobak, besteetan sendagilea…». Astean bost minutuko lau telefono dei egiteko eskubidea du: «Telefonoa hartu bezain pronto berehala ohartzen naiz hobeto dagoen edo ez».
Etxeratzea, ezinbestekoa
Emaztearen haritik mintzatu da Luix [Gogorza], «gogorrena semea horrela ikustea da. Bisitara beldurrez joaten zara, nola aurkituko duzun pentsatzen etengabe. Beti beldurrez zaude bere buruaren kontra zerbait egin dezakeela pentsatzen».
«Bisitara beldurrez joaten zara, nola aurkituko duzun pentsatzen etengabe»
«Beti beldurrez zaude, bere buruaren kontra zerbait egin dezakeela pentsatzen»
Luix Gogorza, Aitzol Gogorzaren aita
Mobilizazio ugari egin dira azken urteetan larri gaixo dauden presoak etxeratzea eskatzeko. Errenteria-Oreretan ere hamaika iniziatiba egin dituzte Aitzol Gogorzaren egoera ikustarazi eta etxera ekartzea eskatzeko. Hala ere, Otaegik ez du itxaropen handirik semea zigorra bete aurretik etxean ikusteko: «Nik galdu dut itxaropen guztia, aspalditik ez dut. Jende askok esaten dit itxaropena izan behar dugula, ez dugula galdu behar, baina nik ez dakit zer den ere. Ateak jo eta jo ari gara, eta alde guztietan ezezkoa jasotzen dugu».
Biharko egunari begira jarri dira biak, eta Donostiako kaleak betetzea espero dute: «Hori da gelditzen zaiguna, kalera atera eta larri gaixorik diren presoen eskubideen alde egitea. Haiek etxeratzea eskatzea ezinbestekoa da».
«Sufrimendua eta desesperantza handitzen ditu krisi bakoitzak»
Aintzane Intxausti, Psikiatra
Aitzol Gogorzaren psikiatra da Aintzane Intxausti. Kalean egonda gaixotasuna kontrolatzea zaila bada, Gogorzak espetxean 24 orduz bere buruarekin borrokan aritu behar duela esan du.
Aintzane Intxausti Aitzol Gogorzaren psikiatra.
Zein da Aitzol Gogorzaren gaixotasuna eta zein da beregan duen eragina?
Obsesio konpulsibo nahasmena diagnostikatu zioten duela hamabost bat urte Aitzoli [Gogorza], Frantziako Estatuko espetxeetan zegoela. Garai hartan hasi zen sintomak nabaritzen. Han bertan, medikuak, psikiatrak eta psikologoak diagnostikatu eta tratamendua jarri zioten, eta tratamendu horrekin eta giro egoki batean sintomak kontrolpean eduki zituen eta kalitatezko bizitza orekatu bat eraman zuen.
Obsesio konpultsibo nahasmena gaixotasunaren sintoma nagusiak ideia eta pentsamendu obsesiboak dira. Izugarrizko antsietatea sorrarazten duten sintomak dira. Arazo larriena eta ulergaitzena da antsietatearen intensitatea noraino iristen den ikustea. Obsesioak eta beste sintoma guztiek duten intensitateak buruaz beste egiteko ideiak sor ditzakete.
Espetxeak larriagotu egiten du Gogorzaren osasun egoera. Zertan eragiten du?
Kalean egonda gaixotasun hori larria da, eta sintomak kontrolatzea eta estabilizatzea zaila izaten da. Dena den, kalean baditugu mekanismoak sintomak kontrolatzeko eta lasaitzeko: badaude profesionalak, badaude medikazioak, badago psikoterapia, eta beste aldetik, baditugu lagunak, gure beldurrez hitz egiteko.
Halako egoera batean kalera irten gaitezke lasaitzera, mendira edo hondartzara joan gaitezke arnas hartzera … Espetxean zaudela ezinezkoa da hori. Imaginatu behar dugu zer den gaixotasunaren menpe, zu bakarrik, bost metroko ziega batean 24 orduz bueltak eta bueltak emanez zure buruarekin borrokan izatea, etengabe.
Zein baldintza behar ditu halako gaixotasuna duen pertsona batek gaixotasunari aurre egin ahal izateko?
Orokorrean, tratamendua oso garrantzitsua da gaixotasunari aurre egiteko. Baina horrekin batera oso garrantzitsuak dira lasaitasuna, goxotasuna, laguntasuna, familia eta ondoren tratamendu espezifikoak.
Aitzolen [Gogorza] kasuan, kontuan izan behar dugu Frantziako Estatuko espetxeetan egon zen bitartean nahiko konpentsatuta egon zela, baina Espainiako Estatuko espetxeetara estraditatu zutenean gaixotasunak okerrera egin zuela. Bere buruak eztanda egin zuen. Baldintzak okertu egin ziren, tratu txarrak jaso zituen, bai fisikoak eta baita psikologikoak ere. Horren guztiaren ondorioz bere osasun egoera asko okertu zen.
Krisiak direla-eta maiz atera behar izaten dute Gogorza ospitalera. Azken aldiz joan den ekainean ospitaleratu zuten.
Bai, hala da. Azken urteetan maiz atera behar izan dute ospitalera, gutxi gorabehera bi hilabetetik behin.
Zein eragin du beregan krisi bakoitzak?
Sufrimendua eta desesperantza handitzen ditu krisi bakoitzak. Horrekin batera gaixotasunak eragin ditzakeen konplikazio larrien arriskuak gehitu egiten ditu krisiak, eta pronostikoa ere okertu egiten du.
Une honetan beste euskal preso batekin aurkitzen da Basauriko espetxean. Halere, bakarrik egotea tokatu izan zaio denbora askoan. Nola eragiten du bakartasun horrek Gogorzarengan?
Une honetan bere kidea asko laguntzen ari zaio, izugarri. Aurretik esan dudan bezala, bakardadean gaixotasun honek dakarren sufrimendua deskribaezina da, ezin da azaldu. Alde horretatik, beste preso batek ematen dion laguntza eta babesa ezin da bere neurrian baloratu ez eta ordaindu ere.