Tristeziaren kontrako zortzi pilula sei egunetan
Bi asteburutan umorezko zortzi antzezlan taularatuko dituzte Pasaian; Kale ikuskizuna, klown, komedia klasikoa... oholtza gainean askotariko lanak aukeran.
35. Umorezko Antzerki Jardunaldiak hasiko dira gaur Pasaian, eta datozen bi asteburuetan askotariko antzezlanetarako erakustoki ibiltaria bihurtuko da udalerria. Udazkeneko kultur egitarauan ia klasiko bat dira jardunaldiak, barrea bidelagun, urtero-urtero, herritarrak antzezlanetara erakartzeko.
Miguel Galindok Pasaiako antzerki tailerra gidatzen du eta jardunaldien programazioaz arduratzen da. Aurtengo egitarauaz galdetuta, «aukera zabala» dagoela nabarmendu du, egitarauan dauden antzezlanak «estilo aldetik askotarikoak» direlako.
8 Antzerki konpainia Jardunaldiek iraungo duten bi asteburuetan zortzi taldek aurkeztuko dituzte beren lanik berrienak Pasaian. Sarrerak. Antzezlanen aurretik zabalduko dituzte leihatilak, funtzioak hasi baino lau ordu lehenago. Bonuak eskuratzeko aukera ere izango da.35 urte ez dira gutxi, are gehiago kultur programazio batentzako. Galindok, baina, argi du zein den Pasaiako Umorezko Antzerki Jardunaldien arrakastaren gakoa. «Nire ustez lanen aukeraketarengatik izan da. Estilo asko eskaini izan ditugu, askotan zertxobait ezberdinak diren lanak, eta maiz talde ezezagunak gerturatu ditugu. Nik uste dut horiek direla arrakastaren arrazoiak. Jendeak badaki Pasaian gauza diferenteak ikusiko dituela. Saltsa duten ikuskizunak izaten dira urtero». Berritasunak Aurten, testurik gabeko bi ikuskizun programatu dituztela iragarri du Galindok, horietako bat, berritasun gisa, kalean: «Trintxerpeko Gudarien enparantzan antzeztuko dutena da bat. Zirku ikuskizun bat da, gorputz adierazpena oinarri duena. Bigarrena, A pan y agua, hilaren 22an Antxoko Kultur Etxean taularatuko dute». Egun eta toki berean, Sarean kateatuta lana ikusteko aukera izango da. Galindok azaldu duenez, datorren asteburuan Antxoko emanaldi bikoitzean aurkeztuko dituzten bi lanak Asvienenea Poltsiko Antzerki Sorkuntza lehiaketan saritu dituzte, Nogusano Konpainiaren A Pan y agua publikoaren sariarekin, eta Poltsikoko Antzerki Sorkuntza sariarekin Sarean kateatuta. Bi antzezlanak moldatu eta luzatu dituztela azaldu du programazioaren arduradunak. Bi konpainiek bertsio berriak taularatuko dituzte Antxon . Horrez gain, Antxoko bi emanaldiak kafe antzerki formatuan eskainiko dituztela iragarri du Galindok eta, ohi bezala, Kultur Etxeko antzezlanez gozatu bitartean tragoa egiteko aukera izango dela gogorarazi du. Klasikoak eta berriagoak Cascai konpainia eta Marcel Tomas behin baino gehiagotan izan dira Pasaiako jardunaldietan. Aurten errepikatu egingo dute. «Marcel Tomasen lana oso ona da» dio Galindok, eta Tomasek oholtza gainean «denetarik egingo duela» aurreratu du. Gertuagokoak eta berriagoak dira Metrokoadroka konpainiakoak. Eskualdeko konpainiak bigarren aldia du jardunaldietan. Galindok gogorarazi duenez, Salto lana antzeztu zuten Pasaian orain dela hiru urte. Aurten, berriz, Su izan nahi taularatuko dute San Pedron. Berritasunen artean aipatzekoa, baita ere, Brujas antzezlana, Lolita Corina konpainiarena. Antzezleak «oso onak, eroak eta dibertigarriak» direla iritzi dio Galindok, eta bide batez gogoratu du Trintxerpeko emanaldian ere mokadutxoa egiteko aukera izango dela. Hurrengo geltokia Antzerki jardunaldiek Trintxerpen hasi zuten bidea, pilotalekuan. Gerora areto txikiagoetara egin zuten jauzi, eta bide batez, gainontzeko barrutietara zabaldu. Antxoko Kultur Etxean, San Pedroko Udal Aretoan, eta garai batean baita Donibaneko zine zaharrean ere ikusi ahal izan dira emanaldiak. Azken urteetan, baina, azpiegitura egoki baten faltan, Donibanen ezin izan dute programatu. Baina eraikin sozio kulturalean lanak aurrera doaz, eta datorren urterako prest izango da Donibaneko antzoki berria, jardunaldien ibilbidea erabat ixteko. Pasaiako agertokiak txikiak dira eta horrek programazioa baldintzatzen du. Galindok, baina, ez du uste tamaina kalterako izan denik. «Trintxerpeko pilotalekuan ikuskizun handiagoak programa zitezkeen, baina beste barrutietara zabaldu izanak funtzio kopuru handiagoa ekartzeko aukera eman digu, eta estilo aldetik aukera handiagoa izatekoa», ohartarazi du. Agertokietan, bada, dena prest da dagoeneko. Atze-oihalak igotzekotan dira, eta barre egiteko gonbidapena egina dago, beraz.
‘Zirriborro’
Konpainia. Badut taldea.
Noiz. Gaur goizean (ikasleentzat)
Non. San Pedron, Udal Aretoan.
Hizkuntza. Testurik gabeko ikuskizuna, klown kodigoan.
Sarrera. Doan.
‘Tulipas’
Konpainia. Decopivolta taldea.
Noiz. Bihar.
Ordua. 22:30.
Non. Antxoko Kultur Etxean
Hizkuntza. Gaztelaniaz. Komedia «lotsagabea».
Sarrera. 8 euro.
‘El pillo’
Konpainia. Cascai Teatre, (Marcel Tomas).
Noiz. Etzi.
Ordua. 20:00.
Non. San Pedron, Udal Aretoan.
Hizkuntza. Musika, keinua, objektuen antzerkia, ikus-entzunezkoa eta inprobisazioa.
Sarrera. 10 euro.
‘Brujas’
Konpainia. Lolita Corina.
Noiz. Hilak 21, ostirala.
Ordua. 20:30.
Non. Trintxerpen, alkateordetzan.
Hizkuntza. Komedia, gaztelaniaz.
Sarrera. 10 euro.
‘A pan y agua’
Konpainia. Nogusano.
Noiz. Hilak 22, larunbata.
Ordua. 22:30.
Non. Antxon, Kultur Etxean.
Hizkuntza. Gaztelaniaz, kafe antzerkia. Asvineneako lehiaketan, publikoaren saria.
Sarrera. 8 euro.
‘Sarean kateatuta’
Konpainia. Nomofobikak.
Noiz. Hilak 22, larunbata.
Ordua. 22:30.
Non. Antxon, Kultur Etxean.
Hizkuntza. Euskaraz, kafe antzerkia. 2016ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza irabazleak.
Sarrera. 8 euro.
‘Txatarra’
Konpainia. Malas Compañias.
Noiz. Hilak 23, igandea.
Non. Trintxerpen, Gudarien enparantzan.
Ordua. 12:00.
Hizkuntza. Hitzik gabeko kale ikuskizuna da. Zirkua.
Sarrera. Doan.
‘Su izan nahi’
Konpainia. Metrokoadroka.
Noiz. Hilak 23, igandea.
Ordua. 20:00.
Non. San Pedron, Udal Aretoan.
Hizkuntza. Euskaraz. Umorea, poesia bisuala eta performancea.
Sarrera. 8 euro.
