Etorkizuna irabazteko bidean taldean batzeak indarra ematen duela-eta haiekin boga egitera deitu dituzte herritarrak.
Eskualdeko arraunlariak, azaroaren 6ko giza katera batzeko deia egiteko agerraldian.
Demoarsok antolatuta datorren urteko martxoaren 19an herri galdeketa egingo da eskualdean, eta kontsultara arteko bidea landu asmoz, azaroaren 6rako giza katea antolatu du erabakitzeko eskubidearen aldeko herri dinamikak.
Atzo, eskualdeko arraunlariek bat egin zuten deialdiarekin, eta herritarrei parte hartzera deitu. “Guk badakigu taldean batzeak ematen duena. Oso ondo ezagutzen dugu guztion eskuak batuz lortzen den indarra. Eta jakin badakigu indar horiek batuz eta boga eginez baino ezin garela iritsi amesten ditugun helmuga guztietara” esan zuten.
Horregatik, azaroaren 6ko giza katera batzeko eta haiekin batera arraun egiteko deia egin zuten, “eskuak lotuz, etorkizuna irabazteko”.