Estrategiaren garapenean parte hartu duten eragileen ordezkariak, programaren aurkezpenean.
Muittulezo Lezoko herritarrak bizitza aktiboago eta osasuntsuagoa izan dezaten bultzatu nahi duen estrategia da. Gaur goizean aurkeztu dute, eta aurkezpenean estrategiaren lanketan parte hartuko dute eragile guztien ordezkariak izan dira. Jesus Maria Martiarena alkate ez ezik, Irlentz Ortega Lezoko Udaleko Kirol zinegotzia; Mikel Abasolo Jauregi, Bidasoako Osasun Publikoko eskualdeko koordinatzailea, Aitor Thalamas Atienza, Lezoko lehen mailako arretaren unitate buruak eta Unai Benedited orientazio zerbitzuaren arduradun izango dena.
Estrategia hau aurrera eramateko, Lezon, sarean aritu dira lanean. Udalak Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta Osakidetza izan ditu bidelagun eta aurrerantzean hezkuntza komunitateak bat egingo du estrategiarekin. “Badakigu zenbaterainoko garrantzia duen, gure ongizaterako, ohitura aktiboak sustatzeak” nabarmendu du Osasun Sailaren ordezkari Mikel Abasolok eta 2014. urteaz geroztik ari direla lanean gogoratu du, besteak beste, TipiTopa bezalako iniziatibak aurrera ateraz. “Hiru urteko ibilbidearen ondoren, Osasun Sailaren izenean esan dezakegu oso positiboa izan dela jarduna” adierazi du.
Gaur aurkeztu duten estrategia martxan jarri izana “garrantzi handiko aurrera pausoa” dela esan dute, “deribazio protokolo bat adostea lortu” dutelako, eta horri esker, “osasun arloko profesionalek jarduera fisikoa agintzen dutenean, herritarrek preskripzio egokia” jasoko dutela bermatuko delako, kasu bakoitzari jarraipena emanez.
Zerbitzua jarduera fisikorik egiten ez duten herritarrei zuzendua da, doakoa izango da, eta Aiton Bordan kokatuko dute. Herritarrak bere kabuz joan daitezke bulegora, baina kasu askotan osasun zentrotik, gizarte zerbitzuetatik edo ikastetxeetatik bideratuko dituzte.
Bulegoan, deribatutako pertsonen fitxa egingo dute, eta haien beharren, patologien eta gustuen araberako jarduera fisikoa aginduko diete, “proposamen pertsonalizatua”, Unai Benedited teknikariak azaldu duenez.
Zerbitzuak bi indargune ditu: norbanakoari “jarraipen pertsonalizatua” egingo diote eta “osasun-zerbitzuekin etengabe harremanetan” egongo da.
Zerbitzuaren ordutegia
- Asteartea: 9:30etik 11:30era.
- Asteazkena: 17:30etik 19:30era.
- Osteguna: 9:00etatik 10:30era.