Eskubidea, eta betebeharra
Behar denean, ebakuntzetan adibidez, norberari odola txertatzea eskubidea dela ez du inork zalantzan jartzen. Baina emailerik ez balego, odolik ez legoke. Gizarte betebeharra da odola ematea.
Odolik falta ez arren, badira urteko aroak deialdi berezia egiten dietela herritarrei odola eman dezaten, opor garaian kasu. Eta etenik gabe behar da odola, likido gorria azkar iraungitzen delako, «odola galdu egiten da: globulo gorriak 42 egunean, plaketak bost egunean… Gauzak ondo daude, bai, baina bat-batean odol beharra duten leuzemiko pila etortzen badira, berehala desoreka daiteke balantza, plaketarik gabe geldituko ginateke». Odola jasotzearena eguneroko lana dela nabarmendu du Urzelaik. Hark gogorarazi du 40 urtetik behera duen orok ez duela ezagutu inoiz ere odol faltarik; adibidez, 40 urtetik beherakoei egin beharreko ebakuntzarik ez dela inoiz ere atzeratu odol faltagatik, «baina orain dela 40 urte ez zen hain arraroa ebakuntzak atzeratu behar izatea odol nahikorik ez zegoelako. Esan nahi dut: helduenek ezagutzen dute zer den odolik ez egotea, horregatik, emaileen artean gehienak helduak dira —adin muga 65 urtean dago—. Gazte gutxiago dira emaile egun, agia ez dutelako odol eskasia arorik ezagutu». Helburuak Zifra zehatza aipatu du odol emaileen elkarteko presidenteak beharrak erabat eta modu iraunkorrean asetzeko: Gipuzkoarren %3 odol emaile balitz, primerako egoeran egongo litzateke herrialdeko beharren eta jasotzen denaren arteko balantza, «hortxe nonbait gabiltza, hortik oso hurbil. Kopuru oso ona da». Helduek, bai, eta gazteek ere bai. Emaileen %7-8 inguru 30 urtetik beherakoak dira. Hau da, gazteen eta helduen artean —45 urtetik gorakoak—, hutsunea, etena dago. «Hori izan daiteke behin ikasketak bukatu, eta jendea lan bila hasi, lanean hasi, edo ezkontzen denean, odola ematea ahaztu egiten zaiolako. Ondoren pertsona horiek berriz ere odola ematera azaltzen dira. Baina etena dago 30-45 adin tartean odol emaileei dagokienez». Baina autokritika ere egin du, esanaz, jendeak odola ematen jarraipenik ez izatea euren errua dela, «gu ez bagara gai jende horrek odola ematen jarrai dezan, zer edo zer egiten ari gara gaizki, beharbada mezua ez gaude ondo zabaltzen». Biztanleriaren arabera Gero eta biztanle gehiago izan, gero eta odol emaileen proportzio txikiagoa. Hau da, gero eta herri txikiagoa izan, odol emaileen batez bestekoa handiagoa da. «Hori logikoa da», esan du Urzelaik: «Gu Legorretara urtean hirutan goaz. 1.000 biztanle dauzka. Hortaz, 300 biztanleko behin goaz. Irunera hilean hirutan goaz, proportzioan mila biztanletik behin urtean. Ezin gara toki guztietan etengabe egon». Baina Urzelaik esan du ez dela hain txarra Errenteria edo Irun bezalako herriek emaile finkoen tasa txikia izatea, «odola benetan behar den egoeretan ematen ez duten horiek ere mobilizatzen direlako, erreserban-edo daude, odola gehienez urtean hirutan [emakumeak] eta lautan [gizonak] eman daitekeelako, eta behin ere eman ez duenak edonoiz eman dezakeelako». Gainera, herri txikietan odol emaile berriak lortzeko ahoz ahokoak asko laguntzen du; hiri handietan hori egitea askoz zailagoa da, jendeak ez duelako hainbeste elkar ezagutzen. Odol fabrikarik ez dago oraindik. Bai elkartasun eta eskubide egile faktoriak. Horietako baten beharginak odol emaileak dira. Herritar gehienek ez dute pentsatzen nondik datorren odola Etena dago 30-45 adin tarteko odol emaileei dagokionez Xabin Urzelai Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen presidentea
Jai bat, elkartasunak merezi duelako
Oarsoaldeko eta Bidasoko odol emaileek garaikurren banaketa eta bazkaria egingo dituzte etzi Ficoban. Odol gehien ematen dutenei aitortza egiteko ekitaldia da, baita elkar ezagutzeko ere.
Oarso Bidasoko odol emaileek festa oparoa egingo dute etzi Ficoban. Sei herrietako ordezkaritzetako kideek parte hartuko dute: lehenik eta behin, 13:30ean, azken urteetan odol gehien eman duten 105 herritarri dominak eta diplomak emango dizkiete, eta ondoren bazkaria egingo dute Iñigo Lavado jatetxean: 135 bat lagunek emana zuten izena bazkarirako asteartean. Irungo odol emaileen ordezkaritzak, herrialdekoarekin batera, hartu du etziko festa antolatzeko ardura. Irungo taldearen kide Begoña Olaizola Basetak esan duenez, ilusio eta mimo handiz ari dira elkartasun keinua egiten dutenei merezi duten ospakizuna atontzen, «lana da, bai, baina ilusio eta gogo handiz ari gara dena lotzen. Gipuzkoako delegazioa laguntzen ari zaigu. Maiatzean hasi ginen lanean, hortaz, denboraz ari gara dena egiten». Lehen, Gipuzkoako festa egiten zuten, baina ikusita herrialdeko jaialdia antolatzeak esfortzu handia eskatzen ziela tokian tokiko odol emaileen ordezkaritzei, eskualdez eskualde egiten hasi ziren jaia. Oarso Bidasokoa etzi da. Olaizolak adierazi duenez, giro ederra izaten da gisa horretako bilkuretan, «aurrekoetan egona naiz, eta ederki asko pasatzen dugu». Odol emaileetako askok elkar ezagutzen dute aurreko urteetan egin diren domina emate eta bazkarietan batu direlako, horregatik, elkarren berri izateko ere baliatzen dute urteroko ospakizuna. Irunen gustura Begoña Olaizolaren arabera, Irunen —eta beste herrietan ere—, azken urteetan odol emaileen kopuruak apur bat behera egin du, «baina oso giro ona dugu gure artean eta berriak bilatzeko eragozpenik ez dugu. Odola behar da, kontzientzia hartu behar dugu. Hamar minutuan jende asko lagun dezakezu». Irundarrak deia egin du ahoz aho, familiaz familia odolaren beharraren berri eman dezala jendeak, «etxeko txorrotatik ez da odola lortzen».Proportzioan, Pasaian odol emate gehien
Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak 2015ean jaso zituen datuen arabera, Pasaia izan zen iaz odol emate/biztanleria batez bestekoan emaitzarik onena lortu zuen herria Oarso Bidasoan. 574 pertsonak eman zuten odola iaz, hortaz, mila biztanleko 35ek. Pasaia eta gero Hondarribian izan ziren, proportzioan, odol emate gehien iaz: 529 orotara, mila biztanleko 31,1. Oiartzunek (302 odol emate, 29,6 pertsona/mila biztanleko) eta Lezok (165 odol emate, 27,2 pertsona/ mila biztanleko) eman zioten segida Oarso Bidasoko zerrendari. Bi eskualdeetako herririk handienek lortu zituzten emaitzarik apalenak iaz. Horrela, Irunen 1.365 pertsona izan ziren iaz odola eman zutenak (22,9, mila biztanleko), eta Errenteria-Oreretan, berriz, 580 (14, mila biztanleko). Odol Emaileen Elkarteak esan duenez, herri handiek txikiek baino odol emaileen proportzio txikiak dituzte oro har.Non eman odola?
- Irunen. Ostegunero, urte guztian zehar, 18:00etatik 20:30era Iraso zentroan. Hurrengo saioa: urriaren 27an.
- Hondarribian. Hilabete bakoitzeko lehen ostegunean, 18:00etatik 20:30era, Kasino Zaharrean. Hurrengo saioa: azaroaren 3an.
- Oiartzun. Hilabete bikoitietan, urtean sei saio beraz, 18:00etatik 20:00etara anbulatorioan. Hurrengo saioa: abenduaren 13an.
- Lezon. Urtean bost saio egiten dituzte. Anbulatorioan izaten dira, 18:00etatik 20:15era. Hurrengo saioa abenduaren 12an egingo dute.
- Errenteria-Oreretan. Hilabetean bi saio egiten dituzte, hilaren hasieran gehienetan, Reina aretoan eta Beraungo anbulatorioan bana. Maiztasun zehatzik ez dute, baina asteartetan eta asteazkenetan izaten dira, bi tokietan 18:30etik 20:30era. Hurrengo saioak: azaroaren 2an Beraunen, azaroaren 15ean Reina aretoan.
- Pasaian. Antxon, hilabete bakoitzeko hirugarren asteazkenean, 18:30etik 20:30era anbulatorioan. Donibanen, hiru hilabetean behin, anbulatorioan, 19:00etatik 21:00etara (hurrengoa urriaren 27an); Trintxerpen, bi hilabetero, 18:30etik 20:30era Itsas Etxean (hurrengoa abenduaren 20an).