Fanderiako errota eta ubideari arnasa
Ondare historiko eta arkeologikoak izan arren, ez dute halako trataera izan Fanderiako errotak eta ubideak. Horiek balioan jartzeko anbizio handiko plangintza abiatu du udalak, ondarea herritarren eskura jartzeko.
Interpretazio zentroarekin batera, aisialdi eremua egitea aurreikusi du udalakFanderiako ubidea eta errota ondare historiko eta arkeologiko izendatu zituen udalak 2004 urtean, halere, itxita dago errota eta ubidea bera ere ezin da ikusi. «Ondarea izanik, hori ez da posible», esan du Mikel Azkarate Ingurumen teknikariak. Beste elementu berezi bat ere aurkitu dute bertan, Olaldeko zubia. Gaur egun errepide batek estaltzen du zubi hori: «Olaldeko zubia bertan zegoela udaberrian jakin genuen, dokumentazio historikoa begiratzen ari ginela ohartu ginen. Fanderian urbanizazioa egin zenean udalak ubidea itxi egin zuen. Hesia jarri zuen ez hurbiltzeko, eta horren ondorioz ez ubidea, eta ezta zubia ere ez ziren ikusten». Elementu horiek guztiak balioan jarri behar zituela erabaki zuen udalak, eta anbizio handiko plangintza abiatu du eremu horretarako. Errotan erakusketa iraunkorra eta interpretazio zentroa zabalduko du, eduki espositiboak berrituko ditu, ibaiari eta ondareari lotutako bisita gidatuak antolatuko ditu, eta ubide inguruan aisialdi eremua egingo du. XVI. mendeko errota Argi du Azkaratek: «Herri ondarea da, babestutakoa, eta balorean jarri behar da. Babestuta dauden Madalenaren ermita, San Marko edo hiltegia itxita egoteak ez luke zentzurik, eta errota eta ubidea itxita egoteak ere ez du. Herriaren ibilbidearen aztarna dira, hori berreskuratu eta erakutsi egin behar da, ondarea herriarena baita. Beti erabilera egoki eta bideragarri batekin, baina zabalik izan behar du». Fanderiako errota XVI. mendekoa da, eta 2000. urtera bitartean izan da martxan pentsu fabrika gisa. Azken garaian irina egiteko erabili zuten errota, baina aurretik burdinola izan zen. Errota berrituta dago, eta Azkaratek berak bisita egin zuen bertara duela hilabete. «Motorra martxan jarri genuen eta konponketa eta ajuste txiki batzuk egin behar dira», gogorarazi du. Errotan bertan irina egiteko zegoen makina Gipuzkoako Foru Aldundiak duela azaldu du. «Konponketak egin zirenean babesteko eraman zuten», orain errotara itzuli eta erakutsi nahi dute, «idatzi ofiziala prest dugu aldundiari eskaera egiteko». Aisialdirako espazioa ere egin nahi du udalak Fanderian: «2018an bukatuko da tabernaren kontzesioa, eta orduan udalak berreskuratuko du eraikina. Taberna publikoa izango da bertan, baina izaera berritzailea izango du, ez da poteo taberna izango, jarduera kultural eta anbientalak antolatuko dira». Azterketa arkeologikoa Aurretik udalak ikerketa arkeologikoa egina duela esan du Azkaratek. Baina ez dute azterketa osoa egin: «Ubidearen gaineko azterketarik ez da egin eta bertako sedimentuak aterata ikerketa egingo du arkeologo batek». Behin azterketa eginda, Olaldeko zubia argiztatu egin nahi dute, bisita gidatuak beheraino, ubideraino bertaraino, jaitsi ahal izateko. Bertan dagoeneko bisitaririk badela ziurtatu du Azkaratek, gelditzeko asmotan iritsi zen jakiterik ez dago, baina haren argazkia pozik erakutsi du teknikariak: «Ibai karramarroa azaldu da ubidean».
2018rako aurreikusi du Azkaratek interpretazio zentroa martxan izateaUdalak Fanderian aurreikusitako ekintzak ez direla inprobisazioa nabarmendu du Azkaratek: «Planifikatuta daude eta norabide bat daramate. Teknikoki, politikoki zein herriarentzat planifikatutako ekintzak egokiagoak dira zalantzarik gabe, bai inbertsioetan, bai jardueretan, baita helburuetan ere». Ekintzak, gainera, parte hartze prozesutik eratorritakoak direla erantsi du, «bizilagunek beraiek eskatu dute koniferoak moztu eta ubidea garbitzea. Eragileekin landu du hau guztia udalak». Lanak hasi badira ere, oraindik itxaron beharko dute errenteriarrek Fanderiako errotaz eta bertako tresneriaz, edota ubideaz gozatu ahal izateko, 2018rako aurreikusi baitu Azkaratek interpretazio zentroa martxan izatea: «Hala ere errotara zein ubidera bisitak data hori baino lehenago egitea izango bagenu, zoragarria litzateke». Fanderiako ekintza «lehentasunetako bat» izatea espero duela esan du teknikariak, «ekintza horiek guztiak aurrera eramanda Fanderia hobetuko delako, baina hobekuntza horrek herri osoari eragingo diolako: Fanderiakoa herri osoaren ondarea da».

