Andra Mari abesbatzari 10.000 euroko diru laguntza eman eta harrera ekitaldia egingo dio aldundiak ibilbidea aitortzeko.
Sierra, Olaskoaga eta Itxaso gaurko agerraldian.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Andra Mari abesbatzaren lana aitortu du. 50 urte bete ditu Errenteria-Oreretako abesbatzak, eta horren harira, Kultura Diputatu Denis Itxaso abesbatzaren presidente Javier Olaskoaga eta zuzendari andoni Sierrarekin bildu da. Aldundiak 10.000 euroko diru laguntza emango dio Andra Mariri, eta harrera eta omenaldi ekitaldia egingo dizkiotela jakinarazi du gaurko agerraldian Itxasok.
Gipuzkoako kultur arloan egin duen ibilbidea goraipatu du Itxasok, eta Euskal Autonomi Erkidegoan den abesbatzarik handienetakoa dela esan du, “ongi merezia du omenaldia, beraz”.
Azaroaren 5ean egin nahi dute omenaldi hori, baina oraindik data itxi gabe dutela esan du diputatuak, “halere, azaroan zehar egingo da omenaldia eta harrera”. Bertan Errenteriako Udal korporazioa, Ahaldun Nagusi Markel Olano eta Gipuzkoako abesbatzetako hainbat ordezkari izango direla aurreratu du Itxasok, “ez dugu nahi aldundiaren omenaldia izatea soilik, baizik eta gipuzkoarrena”.
Gipuzkoan hiru abesbatza sinfoniko handi daudela esan du Itxasok eta horien artean kokatu du Andra Mari abesbatza, “Gipuzkoari begira izan duen, eta etorkizunari begira eduki beharko luken protagonismoa sendotzea nahiko genuke. Izan ere, beti erakutsi duelako kalitatea eta lan bikaina izan direla bere ildoak eta lan irizpide nagusiak”.
Andra Marik haur eta gazteen musika heziketa eta motibazioan egin duen lanari ere egin dio aipamena, “nabarmena da egin duzuen lana heziketan, musikatresna, solfeoa nahiz abesbatza eremuetan”. Errenteriaren bizitza kulturala sustatzen eta Gipuzkoako kultura aberasten jarraitzea ezinbestekoa dela esan du diputatuak: “Egiten ari zareten lanaren jakitun da aldundia, baita pasatzen ari zareten une txar eta onez, hurbil izango gaituzue zuek babesten, Andra Mari etorkizuneko proiektua delako”.
Urteurrenaren harira liburua eta diskoa
2017 ko Musikasterekin batera amaituko direla 50 urteurrena ospatzeko ekitaldiak esan du Olaskoagak, eta Andra Mari abesbatzaren ibilbidea laburtu du ondoren. Jose Luis Ansorenari abesbatza sortzeko enkargua egin ziotenean sortu zen Andra Mari 1.966. urtean, lehen kontzertua 1967. urtean eman zuen abesbatzak, gaur egun desagertua dagoen Alameda Zineman. Lan artistikoagatik eta handik harago zihoan ekarpen kulturalarengatik haziz joan zen Errenteria-Oreretako abesbatza, eta 1971. urtetik aurrera kontzertu sinfonikoak eskaintzen hasi zen. Ordutik, Euskal Herrian bertan, espainiako Estatuan eta atzerrian ere arrastoa utzi duela Andra Marik egindako emanaldiekin nabarmendu du Olaskoagak, “gure kultura hainbat herrialdeetara eramanda”.
Donostiako Hamabostaldiaren kartelan finkoa den abesbatzak, 1973. urtean Musikaste abiatu zuen, euskal egileen musika konposizioak zabaltzea bilatzen duen Errenteriako euskal musikaren astea. 1974an, berriz, euskal musikaren artxibo ofiziala den Eresbil sortu zen Ansorenaren ekimenez.
50 urteurrenaren barruan Euskal Herrian eta batez ere Gipuzkoan Andra Mariren presentzia aregotu nahi dutela esan du abesbatzaren presidenteak, “eta horretarako eskualdez eskulade kantari programaren barruan hainbat eskualdetan emanaldiak egingo ditugu”. Xenpelar Etxean, gainera, Andra Mariren ibilbidea biltzen duen erakusketa zabalduko dute Xenpelar etxean eta Santa Zezilia egunean kontzertu berezia emango dute. Datorren urtean, berriz, kontzertuekin batera, liburua eta diskoa argitaratuko dituztela gaineratu du Olaskoagak.
Eskerrak eman dizkio aldundiari eta Itxasori azkenik, “zailtasun ekonomikoak izan arren egindako lan eta ahaleginagatik”.