Lezon Ondo Ai Gea taldearen ustez, bost edukiontzien sistema ezartzerako orduan ez da parte hartzerik izan.
Lezon Ondo Ai Gea taldeak, egungo gobernu taldeak
hondakinen bilketarako hartu duen erabakiaren harira, hondakinen mahaia “ahalik eta azkarren” berriz ere martxan jar dadila eskatu du, hondakinen gainean hartuko diren erabakiak “gardentasunez” har daitezen. Lezon Ondo Ai Geak esan duenez, “kontrolik gabeko bost edukiontzien sistema” da udalak martxan jarri nahi duena.
Horren harira, taldeak adierazi du
sistema mistoarekin EAJk eta EH Bilduk, hondakinen mahaian egindako lanketaren ondorioz egin zuten
akordioa “ona” zela, “hondakinen bereizketa maila altua ziurtatzen zuelako, udaleko talde politiko nagusien arteko akordioa zelako, eta ekonomikoki bideragarria zelako”. Baina egungo alkate Jesus Maria Martiarenari leporatu diote erabaki hori hartzeko orduan ez dela herritarren parte hartzerik izan, “ez du hondakin mahairik bildu, ez du parte hartze prozesurik martxan jarri”.
Parte hartzean indar berezia jarri du Lezon Ondo Ai Geak, esanaz, Martiarena alkate izan baino lehen
Lezo Garbia taldean zegoenean hondakinen gaineko erabakiak hartzeko parte hartzea eskatzen zuela, “non dago parte hartze hori? Non dago Lezo Garbiako kide zenean eskatzen zuen parte hartzea?”.
Horregatik, hondakinen mahaia abian jartzeaz gain, horretan izateko “lezoar guztiei irekia izango den” deialdia egiteko eskatu diote alkateari.
Hondakinen mahaia sortu zenean bertako partaide izan ziren udalean ordezkaritza duten talde politikoak (EAK, EH Bildu eta PSE-EE), nahiz hondakinen gaiarekin sortu ziren taldeak, Lezo Garbia eta Lezon Ondo Ai Gea. Taldeak oroitarazi du, besteak beste, hondakinen gaiagatik alkate zen
Kepa Garbizuk eta
Xubero Ubillos zinegotziek dimisioa eman zutela.