Guinness World Records liburuan tokia izango du Lezok igandetik aurrera. Betizutik Dantzazale Taldeko kideek ilusioz eta mimoz prestatu dute egun osoko jaia
Herri osoa hartuko dute dantzariek etzi.
Ez zuten espero. Muxikoak dantzatzen 1.000 lagun jartzeko erronka bota zuten, eta ez zuten haraino iristea espero. Baina iritsiko dira. Lezoko Betizutik Dantzazale Taldeko kideek muxikoak dantzatzen 1.000 lagun inguru jarriko dituzte etzi 12:30ean, hortaz,
Guinness World Records liburuko
Largest Basque Folk Dance atalean Lezo agertuko da, etziko egun batez 1.000 pertsona herrian euskal dantzekin gozatu zutela esanaz.
Izan ere, errekorra baino, giroa sortzea, elkar ezagutzea, euskal dantzez gozatzea eta egun zoragarria izatea da Lezoko taldearen ametsa. «Handinahikerietatik harago, euskal kulturaren erakustaldi handi bat egin nahi genuen, horren bila aritu gara lanean. 1.000 dantzari lortu edo ez gutxienekoa da. Dantzaren egun zoragarria izan dadila nahi dugu», adierazi du Julen Conde Betizutik taldeko kideak.
Herenegun 750 pertsonak zuten izena emanda jardueran parte hartzeko. Hortaz, 1.000 ez badira, handik hurbil ibiliko da muxikoen dantzarien kopurua. «Lan handia da, baina gogoz egiten ari gara, ilusioz, mimoz», aitortu du Condek egunerako pankarta bat egiten ari zen bitartean: «Gainera, antolaketan jendeak eman digun laguntzarekin oso pozik gaude. Beste herrietakoek ere asko lagundu digute». Euskal Herri osotik etorriko dira dantzariak Lezora; adibidez, hainbat herritatik autobusak antolatu dituzte.
Egunaren gaineko xehetasunak, errekorraren arauak eta bestelakoak
muxikoaklezokorecord.com webgunean ikus daitezke.
Igandeko egitaraua
- 10:00. Izena emateko eta dortsal nahiz zapiak jasotzeko gunea zabalduko dute.
- 11:45. Herrira etorri diren dantzariei Lezoko dantzarien omenaldia plazan.
- 12:00. Goiko Plazako gunera sarrera eta entsegua.
- 12:30. Errekorra egiteari ekingo diote.
- 14:45. Herri bazkaria.
- 18:00. Egan taldearekin dantzaldia. Xabier Saldiasek azken kontzertua izango da erretiroaren aurretik.