50 urte bete ditu Haurtzaro Ikastolak. Bidean une latz eta goxoak aurkitu ditu, oztopo eta arnasguneak, eta denak gaindituta, osasuntsu eta etorkizunari begira dago.
50 urte bete ditu Haurtzaro Ikastolak.
Mende erdia bete du Haurtzaro Ikastolak, eta urteurren biribila ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Hezkuntza komunitateak kalejira egin zuen hilaren 17an eta joan den igandean ikastolaren hasierak gogoratzeko jaia.
Egun sustraiak sendo dituen eta Oiartzunen erreferente den ikastola agertoki horretara eramateko, esfortzu handia egin behar izan zuten sortzaile izan ziren guraso eta herritarrek. Etorkizuna eraikitzeko, beharrezkoa da atzera begirada, hori badaki Sorkunde Lekuona Haurtzaroko zuzendariak. Atzera begira jarri da, ikastolaren 50 urteko ibilbidearen nondik norakoak azaltzeko, ikasle garaietara itzulita. «Haurtzaro Ikastolako lehen promozioetako ikaslea izan nintzen ni, eta orduan 20 bat ikasle ginen, 1962. urteko zazpi ikasle, eta 1963. urteko hamahiru».
Gaur egun, 50 urte beranduago, 3 eta 16 urte arteko 878 ikasle ditu Haurtzarok, 64 irakasle, hiru administrazioko langile, bi mantenukoak, 23 jangelakoak, bat garraiokoa, eta 500 familiatik gora. Ikasle kopuruak nabarmen aldatu dira, ez ordea, Haurtzaroren sorrera bultzatu zuen filosofia, «euskararen aldeko hezkuntza sortu zen bere garaian, inguruko herrietan hasiak ziren hainbat guraso horretan, eta Oiartzunen ikastola beharrezkoa ote zen galdetu zuenik izan zen. Euskalduna zen herria, nahiz eta orduko eskoletan derrigorrezkoa zen gazteleraz egitea. Azkenean, ikastola hemen ere beharrezkoa zela ikusi eta ekin zioten».
Sortzaileek lan handia
Sortzaileek lan handia egin zutela argi du, «geletan lagundu, garbitu, tonbolak antolatu… zer ez zuten egingo proiektu honetan. Gurasoak motorra izan dira». Izen abizenak ere jarri dizkie: Juanito Oñatibia, Luis Zalakain, Jon Mendarte eta Julian Bergaretxe. Bergaretxe ikastolaren lehenengo lehendakaria izan zen, eta hura dutela erreferente esan du Lekuonak.
Euskalduna, nazionala, euskal kultura eta euskal curriculuma oinarri dituena, eta herriko beharrei erantzuten zion ikastola sortu zutela esan du, «gaur egun, horiek guztiak, gure hezkuntzaren oinarri dira. Hasierako espiritu hori beti izan da presente ikastolan, iparra eman duelako».
Egoitzaz egoitza egindako ibilbidea ere ez da nolanahikoa izan; gaur egungo eraikina ere ez da beti horrelakoa izan. Ikastola ondoko etxe azpiko lokaletan hasi zuten hezkuntza ibilbidea lehen ikasleek: «Hasieran bi garaje zeuden, gero ondokoa erosi zuten… Gaur egun Haurtzaro Txiki Haurreskola dugun lekuan zegoen». Ibargain elkarteko sukaldean aritu ziren ondoren, tximini handiaren ondoan biltzen omen ziren bi taldeak, «ondoan parke zoragarria genuen eta gogoan dut zenbat disfrutatzen genuen hango zuhaitzetan». Ospital zaharrera joan ziren gero, «gaur egun Biblioteka denera. Gure atzekoak, Zulo Txiki tabernaren lokalean aritu ziren».
Gaur egungo kokapena 1977. urtean heldu zen, ikastola sortu eta 11 urtera, «lurrak erosi eta pisu bakarreko eraikina egin zuten lehenik. Moldatzen joan da ondoren beharren arabera, gela gehiago, frontoia, jangela… Poliki poliki handitzen joan ginen». Garai ezberdinetako arkitektuta estiloak argi erakusten ditu eraikinak, eta Madrildik heldutako arkitekto askok bisitatu dute, Peña Gantxegi arkitektoak eraiki zuelako.
1992an garai gogorrak
Ibilbide luzeak une gogorrak izan ditu: «Hasiera hartan apustu handia egin zuten gurasoek eta hainbat herritarrek, beste herri askotan bezala. Oiartzunen ikaragarria izan zen. Euskal Herrian gauza asko horrela lortu dira, jende ausarta egon delako, printzipio garbikoa».
1992. urtean, Hezkuntza Saila PSE-EEk hartu zuen garaian, ikastolek krisi handia bizi izan zutela du gogoan, «ikastolen eredua mapatik desagertu behar zuela esan zuen, pribatua edo publikoa zinen, eta ikastola batzuk ezin izan zuten aurrera egin ito zirelako. Beste batzuetan guraso eta langileek hala erabakita aurrera egin zuten, eutsi zioten». Haurtzaro Ikastolarentzat garai gogorra izan zen, eta matrikuletan nabaritu omen zuten, «asko jaitsi ziren. Esfortzu handia eginda, buelta eman zitzaion proiektuari eta hemen gara, dinamiko, osasuntsu eta bizirik 50 urte geroago».
Izan ere, jaiotza tasa jaitsi egin bada ere, Haurtzarok mantentzen omen du matrikula kopurua, «horrek erakusten du gure proiektuarekiko konfiantza badutela gurasoek».
Une gogorrak bai, baina arnasguneak ere izan ditu ikastolak bidean, eta garrantzitsuenetako bat Ikastolen Elkartearen sorrera izan zela dio Lekuonak, «ikastolen proiektuari forma eta oinarria jarri dien erakundea izan da, ikastolek aurrera egiteko giltzarria izan da». Europar kooperatiba elkartea ere urrats garrantzitsua izan zen, «eta horri lotuta ditugun proiektu pedagogiko guztiak».
Haurtzarok herrian duen garrantziaz galdetuta argi du eragile garrantzitsua dela euskara eta kultura alorrean: «Askotan ez zaie balioa ematen gauzei. Horiek lortzeko, ordea, gauza txiki asko egin behar dira, jende ugari behar da gauza txiki horiekin katea osatu eta trasnmititzeko, zipriztintzeko. Nola irudikatuko genuke Oiartzun ikastolarik gabe? Uste dut ikastolak paper handia duela herrian. Ikasle ohi asko daude inplikatuta herrigintzan, parte hartzean, eta oso garrantzitsua da nahi dugun herria eraikitzeko. Herritar aktiboak nahi ditugu, hori islatzen dela uste dut, eta herrian eragiten duela».
Ikastola berri baterantz
Guztion artean leloa aukeratu du ikastolak 50. urteurrenaren kanpainarako, eta mende erdia guztion artean ospatzeko, ikasturtean zehar ekitaldi gehiago antolatuko ditu Haurtzarok. Bi une berezi nabarmendu ditu Lekuonak, «Gabonak batetik, eta ikasturte amaierako jai erraldoia, bestetik». Ikastola berri baten irudia emateko garaia ere izango da urteurrena, eta horretarako, ikastolaren irudi korporatiboa eta marka lantzen ari dira: «Berrikuntza pedagogikoetan urrats esanguratsuak eman ditugu eta emango ditugu, Haur Hezkuntzatik hasita».
Herritarrak ikastolaren inguruko ekitaldietan parte hartzera gonbidatu ditu, azkenik, Haurtzaroren zuzendariak, eta ez bakarrik hori, baita ekarpenak egitera ere, «ikastolaren 50. urteurrena guztion artean ospatzeko, eta etorkizuna elkarrekin diseinatzeko».
«Txotxekin egiten genituen letra eta zenbakiak»
Arantxa Madariaga, Irakaslea
Arantxa Madariaga.
Haurtzaro Ikastolaren lehen egunetik izan zara irakasle bertan. Nola oroitzen dituzu garai horiek?
Euskara klasetara joaten ginen Juanito Oñatibiarekin, eta hark proposatu zigun haurrei eskolak ematea. Baiezkoa eman genion, eta horrela hasi ginen Haurtzaro Ikastolan eskolak ematen.
Zenbat urte zenituen orduan?
21 urte nituen hasi nintzenean. Ikasketarik ez nuen orduan, Magisteritzarik ez genuen, eta gure prestakuntza Orereta Ikastolan egindako praktikak izan ziren. Bazeraman denbora bat martxan Oreretak. Ondoren, astebukaera asko eman genituen, baita oporraldiak ere, ikastaroak egiten, pila bat egin genituen. Lan orduetatik kanpo egiten genuen prestaketa hori, opor guztietan genuen zer edo zer, eta beste ikastoletako irakasleekin batera aritzen ginen. Mordoxka bat ginen titulurik gabe, eta horrela ibiltzen ginen, ikasten. Praktikak egin, baten eta bestearen esperientzia hartu. Titulua gerora atera nuen, Bergaran.
Zenbat haurrekin eta non hasi zinen eskolak ematen?
Hamasei haurrekin hasi nintzen gaur egun Haurtzaro Txiki denean. Nahastuta genituen haurrak, 3-4 urtekoak eta 5 urtekoren bat ere izan nuen hasiera hartan.
Nola ziren eskola haiek, nola oroitzen dituzu?
Nahiko egokia zen lokala eskolak emateko. Hori bai, mahairik eta ezer ez genuen, eta orduan, lurrean aritzen ginen lan guztiak egiten. Mahai bat bazegoen, paretaren kontra igotzen zen horietakoa, lehengo baserrietan eta izaten zirenen antzekoa, baina besterik ez. Gerora izan genituen gela okerragoak, jende gehiago genuen, lokalik ez, eta orduan ahal genuen moduan sartzen genituen ikasleak.
Materiala ere garai hartan ez zenuten askorik izango. Nola moldatzen zineten? Tokatu zitzaizuen materialik sortzea?
Material gutxi genuen. Besteen esperientzia baliatu genuen eta haiek zuten materiala erabilita osatzen genuen beharrezkoa zena eskolak emateko. Xabiertxo eta Martin txilibito, ez genuen besterik, eta gero txotxak. Txotxa zapalekin egiten genituen mirari guztiak, hizkiak, zenbakiak, dena. Arbela eta igeltsoa bagenituen, papera eta kola ere, eta horiekin moldatzen ginen.
Zer izan zen gogorrena hasierako garaietan?
Garai haietako oroitzapen gogorrik ez daukat nik. Behin inspektorea heldu zela-eta ume guztiak hartu eta alde egin genuen… Baina horrez gain ez dut halako oroitzapen txarrik. Inspektorearen beldurra, hori bai.
Aurretiko erretiroa heldu zitzaidanean izan zen gogorra, ez nintzen prestatuta edo, ez nuen pentsatua. Hamar urte hauetan, halere, jarraitu dut ahal dudan moduan eta behar izan denean laguntzen.
Zenbat urte eman dituzu guztira ikastolan?
39 urtez izan naiz irakasle bertan. Beti Haur Hezkuntzan aritu naiz.
50 urte bete ditu Haurtzarok, nola ikusten duzu gaur egun Haurtzaro Ikastolaren proiektua?
Ilusio handia egiten dizu hainbeste jende, horrelako martxa ikustea ikastolaren inguruan. Alde batetik inpresioa ere egiten du, nola hasi ginen ikusita, asko aldatu da, oso antolatua, sistematizatua dago dena. Irakaskuntzan aldaketa handia eman da. Halako aurrerapenekin ez dakit nola jarraituko nukeen nik martxa. Aldaketa handia sumatzen da.
Zein eragin izan du urte luze hauetan ikastolak Oiartzunen?
Eragin positiboa, jende asko inplikatu da, ekintza asko dago gaur egun, asko aldatu da. Jendearen parte hartzea, gurasoena, oso handia dela esango nuke, lehen ere bai, gurasoek beti izan dute bere garrantzia. Euskal Herrian, oro har, garrantzi handia izan dute ikastolek.
Zerk eraman zintuen Haurtzaron irakastera. Zergatik erantzun zenuen baietz?
Etxean nengoen, gaixotasun baten ondoren, eta proposamena egin zidatenean ilusioa egin zidan, eta aurrera egin nuen.
Zergatik zen beharrezkoa ikastola?
Gu eskola estataletan ibili ginen. Gazteleraz egiten genuen dena, eta haurrei euskaraz ikasteko aukera ematea izugarria iruditu zitzaigun.
1966. urtean hamasei ikaslerekin hasi zinetela esan duzu, baina zenbat irakasle zineten?
Hasiera hartan bi, lehenengo bi urteetan Ines Olaziregi eta biak aritu ginen.
Joan den igandean jai nagusia egin zuen Haurtzarok, eta omenaldia jaso zenuten hainbat pertsonek, tartean zeuk.
Emozio handiarekin bizi izan nuen. Aurreneko ikasleek antolatu zuten, abestu egin zuten, eta aukeratu zuten kantua beti, bizitza osoan Haur Hezkuntzan irakatsi izan dudana izan zen, Han urrun etxe poxpola. Talde berria hartzen nuenean erakusten nien, ‘hara Arantxaren kanta’ esaten zuten. Oso gustuko izan dut betitik. Oso polita izan zen omenaldia.
Zein etorkizun dauka Haurtzaro Ikastolak?
Pentsatzen dut etorkizuna ona izango dela, hobea izango dela oraindik, garai hauetan.
39 urte eman dituzu irakaskuntzan lanean. Zein da zuk gogoan duzun unerik berezi edo goxoena?
Beti Haur Hezkuntzan aritu naiz eta oso gustura izan naiz bertan. Haurrek asko eman didate.