Plazerean libre, biluztean aske
Biluzik Mundura, sexualitatea eta generoari buruzko informazioa eta aholkularitza emateko zerbitzua abiatu dute Pasaian; prebentzioa landu nahi dute, eta indarkeria matxistari aurre egin
«Lasai asko etor daitezke nahi duten eran; bakarka, bikoteka, lagunekin …» Cristina Vazquez Gazteria teknikaria «Maiz gazteek eman dezakete indarkeria kasuen berri, arriskuak antzeman» Maider Andonaegi Berdintasun teknikariaZerbitzua, beraz, Pasaiako gazteekin aurretik arlo horretan egiten ari den lana osatzera dator. Haur eta nerabeen tratu onaren alde egiten den lana bideratzeko, Pasaiako Udalak departamentu arteko mahaia du. «Ni horretan hasi nintzen indarkeria matxistarekiko prebentziorako proposamenak egiten, eta testuinguru horretan hasi ginen Lahia Nahiarekin lanean», kontatu du Berdintasun arloko arduradunak. Aurretik inguruko ikastetxeetan egin dituzte lanketa batzuk elkarte horrekin —Anunciata edota Bidebietako institutua kasu—, eta Clara Wolfram berdintasun teknikariarekin ere beste lanketa bat hasi dutela jakinarazi du, «Pasaia-Lezo Lizeoan, baita Hasierako Lanbide Prestaketa Zentroan ere». Baina taldekako lanketa horiek nahikoa ez, eta beste urrats bat egitea erabaki dute. «Nahiz eta familietan eta ikastetxetan sexualitateari buruzko formazioa jaso, adin horietan zailtasunak daude taldean adierazteko bakoitzaren beldurrak, bakoitzaren arazoak… Eta ikusten genuen bazegoela hor espazio bat bete beharrekoa, hain zuzen ere, intimitatearekin edo bakoitzaren konfidentzialtasunarekin loturikoa», gaineratu du Vazquezek. Horregatik, zerbitzuan, «erabateko anonimotasuna» bermatuko dutela nabarmendu du, eta aurrez aurre ez ezik, telefonoz edota posta elektronikoz ere kontsultak egiteko aukera egongo dela iragarri du. Erantzunak, noski, pertsonalizatuak izango dira: «Hona lasai asko etor daitezke nahi duten eran. Bakarka, bikoteka, lagunekin; gurasoak ere hurbil daitezke zalantzaren bat izanez gero, baita hezitzaileak ere. Izan daiteke informazio bat behar dutela, izan daiteke arazo bat dutela eta ez dakitela bideratzen, izan daiteke baliabide baten bila ibili eta ez jakitea nora jo», argitu du. Beatriz Fernandez de Arroiabide Pasaiako Gaztelekuak kudeatzen dituen Kantauri Ludiko Elkarteko hezitzailea da, eta urteetako eskarmentua du nerabeekin lanean. Zerbitzuaren premia badagoela argi du, eta kasu askotan hezitzaileentzat ere lagungarri izango dela iritzi dio: «Hezitzaileen artean kezka handia da. Gazteek ez dute askotan indarkeriarik ikusten. Naturaltasunez hartzen dute, eta hor dago arriskua. Gero eta gehiago antzematen da, eta gero eta gazteago direnean». Eredu egokiak eskainiz «Oso mundu sexualizatuan» bizi garela iritzi dio Vazquezek, «eta askotan eskaintzen zaizkigun ereduak oso negatiboak» direla uste du. Zerbitzuak, zentzu horretan, kontrako norabidean eragin nahi duela dio: «Niri gustatuko litzaidake ez bakarrik arlo negatiboak nabarmentzea, indarra jartzea ere bizipen positiboetan, eta transmititzea nerabe eta gazteei dituzten kezkak eta zailtasunak gaindi daitezkeela, eta eduki ditzaketela bizipen oso aberasgarri, positibo, alai eta zoriontsuak». Udalarentzat orain abiatu berri dutena «esperientzia pilotua» izango da, eta «zerbitzuak ondo funtzionatuko balu», hedatzeko asmoa agertu dute, eskura dituzten baliabideen arabera. Oraingoz, «barruti handienak direlako», Antxon eta San Pedro-Trintxerpen jarri dute martxan zerbitzua. Astean behin barruti bakoitzean garatuko dute programa, txandaka, eta beti asteazkenetan.
Zerbitzu berriak konfidentzialtasuna eskainiko die erabiltzaile guztiei
Espazio segurua eskaini nahi diete gazteei, etxean edo eskolan kontatu ezin dituztenak lasai partekatzeko; Aurrez aurre, telefonoz edo postaz egin daitezke kontsultak.
Lahia Nahia elkarteko kideak dira Itsaso Cañada eta Eider Goiburu. Haiek kudeatuko dute Pasaiako zerbitzua. Nerabeek eta gazteek haiekin izango dute hartu eman zuzena. Sexologia masterra du Cañadak eta sexu hezitzailea da Eider Goiburu. Lahia Nahia elkarteko hezitzaile denen antzera, berdintasun arloko formazioa dute biek, eta ez kasualitatez Goiburuk esan duenez: «Hori da gure oinarria, gure esperientzian zehar ikusi dugulako sexualitatearen bizipena oso baldintzatuta datorrela generoaren sozializaziorengatik». Irabazi asmorik gabeko elkartea da Lahia Nahia. Elkarte bezala 2007. urtean sortu zuten arren, taldea 1990eko hamarkadatik ari da lanean. Sexu heziketa programekin sortu zuten elkartea, eta hiesaren prebentzioan zentratu ziren gehienbat hastapenetan, Goiburuk gogoratu duenez, «garai hartan hura zelako arazo nagusienetakoa». Ordutik, baina, asko aldatu da jendartea, baita Lahia Nahia elkartea bera ere. Generoarekiko ardura duten pertsonak bildu dira taldera azken urteetan, eta psikologian lizentziatuak izan edota sexu heziketan adituak, taldeko profesional denek dute berdintasun arloko formazioa. Ikasgeletatik kalera Ikastetxeak dira aspalditik Lahia Nahian elkartekoentzat lanerako esparrua. Sexu heziketa programak eskaini ohi dituzte ikasgeletan. «Programetan gehien lantzen duguna arau sozialak dira, eta gazteen artean dauden arau eta jarrera orokorrak», azaldu du Goiburuk. Lanketa horiek «oso interesgarriak» izaten direla gaineratu du, hausnarketa bultzatzean, gai interesgarri asko azaleratu ohi direlako: «Gazteak hasten dira kuestionatzen zergatik bizi duten beren gorputzekiko jarrera era batera edo bestera, adibidez, edota zergatik egin dituzten gauza batzuk, egin nahi zituztela argi izan gabe… presio sozialak, zalantzak…». Baina, ikusi ahal izan dutenez, lanketa horiek herren gera daitezke ikasgeletan: «Askotan gazteek ikastetxeko talde naturalak ez dituzte bizi espazio seguru bezala, eta ez dira egokienak beraien intimitatea adierazteko eta egoera indibidual batetik ateratzeko».«Gazteek ez dituzte baliabideak jakiteko zein den informazio egokia» Eider Goiburu Sexu hezitzailea «Aniztasuna handia da. Ez dago galdera bat beti errepikatzen dena» Itsaso Cañada Sexologian adituaHortaz jabetzean «espazio seguru» horiek eskaintzen hasi ziren Lahia Nahiatik, «gazteek konfidentzialtasun baten barruan adierazi ahal izateko euren esperientziak, zalantzak, interesak… edozer». Eta, beraz, Pasaian ere, horixe eskainiko dute, «erabateko konfidentzialtasuna», eta kontsultak aurrez aurre edota posta elektronikoz egiteko aukera. Eskaerak, beharrak Gazteen kezketan «aniztasuna handia» dela diote adituek. «Ez dago galdera bat beti errepikatzen dena», azaldu du Cañadak. «Garapen psikosexuala» dela medio, adinaren arabera, edota sexuaren arabera, askotarikoak izan ohi dira zalantzak. Nesken galderak, askotan, plazerarekin lotuta daudela diote, eta mutilenak, aldiz, gehiago gorputzarekin. Zalantza gehienak, edonola ere, informazio iturrietatik datozela zehaztu du Goiburuk: «Gaur egun ez dago informazio faltarik. Informazio asko dute, batez ere internetekin lotua, baina gazteek ez dituzte baliabideak jakiteko zein den informazio egokia eta zein ez. Guk laguntzen dugu euren adin eta errealitatera informazio hori egokitzen». Arriskuak antzeman Beren jardunean, askotan nerabeen arteko indarkeria kasuekin topatu direla nabarmendu dute Cañadak eta Goiburuk, eta ohartarazi dute gazteak ez direla bere kabuz joan kasu horien berri ematera: «Taldeetan egin izan ditugun lanketen bitartez hasi dira identifikatzen beraien inguruan gertatzen diren egoera matxistak». Horregatik, Pasaian abiatuko duten zerbitzuak informazioa eta aholkularitzatik harago joan nahi duela adierazi dute zerbitzuaren kudeatzaileek: «Zerbitzuaren helburu nagusi bat da, informazioa eta aholkularitzaz gain, horrelako kasuak detektatu eta bideratzea, udaleko beste zerbitzuekin elkarlanean». Zerbitzua martxan jarri aurretik Lahia Nahiako kideak Pasaiako gazteen kolektiboekin bildu dira, zerbitzua aurkezteko. Pozik daude orain arteko harrerarekin, Cañadak azaldu duenez: «Hasi gara aurkezpenak egiten, kale hezitzaileekin eta gaztelekuekin, eta hasiera batean harrera oso ona izaten ari da». «Kuriositate handiarekin» hurbildu dira gazteenak, «ez dakitelako oso ondo zer den hau», eta helduek, berriz, esperientzia gehiagorekin, «bestelako galderak» egiten dituztela, kontatu du. Aurrerantzean zerbitzua eraginkorra izatea espero dute Goiburuk eta Cañadak, sendotzen joatea, eta gazteentzat erreferente bilakatzea.