Larunbatean, gaztelerazko liburu zaharrak jasoko dituzte Argentina eta Saharako eskoletara bidaltzeko. Euskarazkoak, Hego Ameriketako euskal etxeetara.
‘Paperezko ametsak’.
Abaraxka Oiartzungo udal ludotekak Paperezko Ametsak egitasmoa jarri du martxan. Azaldu dutenez, “liburuei hegoak jarri” nahi dizkiete, eta bide batez, bigarren bizitza bat eman euskara zein gaztelerazko liburu zaharrei.
6 eta 12 urte bitartean dituzten familiei dago zuzenduta. Erabiltzen ez dituzten liburu zaharrak bildu nahi ditu Abaraxkak, “irakurtzearen plazera zabaltzen” laguntzeko.
Horrela, liburuei hegoak jarri eta hiru helmuga izango dituzte. Gaztelerazko liburuak Argentinako Humahuaca herriko eskola txiki batera bidaliko dituzte, baita Saharako errefuxiatuen guneetako eskoletara ere. Euskarazkoak, berriz, Hego Ameriketako euskal etxeetara bidaliko dituzte.
Proiektuan parte hartu nahi dutenek, larunbatean izango dute zita, udaletxeko pleno aretoan, 16:30ean. Liburuak bertara eramateko eskatu diete. Gainera, Argentinan dagoen Xabi Salaberria oiartzuarrarekin zuzeneko konexioa egingo dutela jakinarazi du Abaraxkak.