2017ko ordenantza fiskal gehienak aho batez onartu dituzte
Ondasun Higiezinen Zergako tipoa %4,5ean ezartzea adostu dute, EAJren aldeko botoekin.
Lezoko Udalbatzak plenoa egin zuen atzo, 2017ko ordenantza fiskalak aztertzeko. Aho batez onartu zituzten guztiak, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergarena (OHZ) izan ezik.
Zerga hori EAJren aldeko botoekin atera zen aurrera, eta EH Bilduk kontran bozkatu zuen. Balio katastrala berrikusi du aldundiak, eta horri eransten zaion balio tipoa jaistea erabaki zuten atzo. Horrela, OHZk batez beste %4,5eko igoera izango du. Gobernu taldeak “herritarren sakelan izango lukeen eragina arindu” nahi du, %22koa izango litzatekeelako. Hala ere, balio katastralaren berrikusketak ez die denei berdin eragingo. Gehienez, hala ere, %4,5 ez lukete gaindituko.
Udalaren kalkuluen arabera, datorren urtean 73.000 euro gutxiago jasoko lituzke horren ondorioz, eta “esfortzua” egin dute herritarren egoera ekonomikoa arintze aldera.
Beste ordenantzak
OHZrenaz gain, beste hainbat aldaketa onartu zituzten atzo. Diru Sarrera Bermatzeko Errenta edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzak jasotzen dituzten familia ugariek %75eko hobaria izango dute OHZn, eta %35 Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Zergan, bost plaza baino gehiagoko eta hamasei z.f. beherako ibilgailua duten maila orokorreko familia ugarientzat. Maila bereziko familia ugarientzat %50ekoa izango da hobaria.
Bestalde, %35eko hobaria izango dute ibilgailu hibridoek eta %50ekoa elektrikoek, jabearen egoera edozein dela ere.
Gainontzeko tasa eta zergak berdin mantenduko dituzte, “herritarrek jasaten duten presio fiskala ez areagotze aldera”.