Errigora egitasmoarekin bosgarrenez ari dira lanean Oarso Bidasoan. Nafarroa hegoaldeko euskalgintza zein ekoizpena sustatu nahi dituzte.
Euskara eta tokian tokiko nekazaritza dira Nafarroako hegoaldea eta Euskal Herriko gainontzeko eskualdeak Errigora egitasmoa batzen ari dena.
Orain dela mende batzuk galdu zen euskara Erriberan, baina duela zenbait hamarkadatik hona, hizkuntza berreskuratzeko lanean ari da Nafarroa hegoaldeko euskalgintza. Lan egiteko baldintzak, baina, ez dira onenak. Eta ekonomikoki, bederen laguntzeko asmoz, orain dela lau urte Errigora sortu zuten, modu apalean. Egun Zazpiak Bat, Sortzen, Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta AEK-k osatzen dute Errigora.
Nafarroako hegoaldean ekoitzitako proiektuekin osatutako saskiak eta produktuak banatzen dituzte Euskal Herriko 200 udalerritako 700 salmenta puntuetan. Errigoraren banaketan aritzen direnak boluntarioak dira. “Auzolanik gabe ez legoke etekinik”, esan du Errenteria-Oreretako Saretuz proiektuko kide Antton Aizkorretak. Buru-belarri ari dira Nafar Hegoaldeko uzta, euskarari puzka izeneko udazkeneko kanpainarekin, eta asteartean izango da saskiak eskatzeko azkeneko eguna.
Zuria ala beltza?
Ilustrazioa: Isabel Mancebo balda.
Kanpaina berrirako Nafarroako hegoaldeko produktuekin osatutako saskiek 50 euroko prezioa dute. Hiru laurdenak ekoizleei bideratuko zaizkie, eta gainontzeko %25 euskalgintzari. Aurten, zehazki, Viana, Lodosa eta Fontellaseko ikastolen aldeko Hegoa proiektuari, Erriberako AEK-ri eta Sortzen elkartearen Hamarratz proiektuari bideratuko zaizkie irabaziak.
Orain arte saski bakarra jasotzeko aukera zegoen: beltza. Aurten zuria ere banatuko dute. Saski bakoitzak hamahiru produktu izango ditu. Dozena erdi izango dituzte komunean izango dituztenak:?ardo beltza, ozpina, melokotoia almibarrean, orburu bihotzak, pikillo-piper osoak eta zainzuri estra lodiak.
Zurian, horiez gain, txokolatezko gutiziak, pasta ekologikoa, polboroiak edo teilak, udarea almibarrean, eskalibada eta pikillo saltsa izango dira. Beltzean, berriz, aurreko urteetakoak: oliba olio birjina estra, mahats zukua, potxak, melokotoi marmelada, arbendolak, borraja ekologikoa eta pikillo-piper mamia. Hogei ekoizlek —inoizko kopururik handiena— ontziratutako produktuak dira horiek.
‘Los vascos’
Saretuz-eko kideek nabarmendu dutenez, euskararentzako «eremu arrotza» zen Nafarroako Erribera. Aizkorretak gogorarazi du bertako ekoizle askorentzat Errigoraren bueltan dabiltzanei «los vascos» deitzen zietela. Eneko Guridik, berriz, pasa den urteko kanpainan hasieratik Errigoraren aldeko apustua egin zuen ekoizle batek kontatu ziena azaldu du: “Ekoizle horri, gainontzekoek, esaten zioten erotuta zegoela, nola joan zitekeela ‘
con los vascos‘. Esaten zien berak onura bat izan zezakeela hortik. Azkenean, sosak jokoan daudenean… [kar-kar]”.
Hala ere, harremana pixkanaka sendotzen ari da bi aldeen artean. Horrela, Errigoran saltzearen truke, ekoizleei eskatzen diete euren etiketetan zein webguneetan euskarari tartea eskaintzea.
Elkar ezagutzeko aukera ere ematen du. Horrela, Aizkorretak aitortu duenez, berak orain dela hiru urte “ez zuen ideiarik ere” Nafarroan olioa bazenik, eta orain, Errigorari esker, kontsumitu ere egiten du. “Kontzientziazio hori ere sortzen da gugan”, gaineratu du.
Horrez gain, hilaren 18tik 20ra saskiak osatzeko auzolana egingo dute Ablitasen. 80 bat lagun inguruk hartu dute parte orain arte, “giro onean”.
Kopuruak handitzen
Orain arte, euskalgintzari ia milioi erdiko haize ufada ematea lortu dute denen artean. Euskarari ez ezik, ekoizleei ere hauspoa ematen diete: bi milioi euro bideratu dizkiete kanpainak egin diren urteetan.
2012an 1.600 saskirekin hasi zena, iaz 12.000ra iristea lortu zuten. Eskutik eskura kanpainan elikadura burujabetza sustatzen da, eta iaz 75.000 litro olio eta 160.000 kontserba ontzi saldu zituzten horren barruan.
Ez dira nolanahiko markak, eta eskaera gero eta handiagoa denez, koordinazio eta dinamizazio maila altuagoak behar dituztela jakinarazi dute Errigorakoek.
Errenteria-Oreretan, berriz, dena nahiko lotuta daukatela esan dute Saretuz-eko kideek. “Jendea oso prest dago horrelakoak jaso eta euskarari laguntzeko”, zehaztu du Aizkorretak.
Horrela, Oarsoaldean zein Bidasoan hainbat tokitan eska daitezke saskiak —eragile batzuek modu pribatuan egiten dute eskaera—. Honakoak dira: tokian tokiko AEK-ren eskaltegietan;?Fermiñenen eta Haurtzaro Ikastolan (Oiartzun); Tiñelun (Lezo);?Leunda eta Pasaia-Lezo Lizeoan (Pasaia); Lau Haizetaran, Oiartzon eta Orereta Ikastolan (Errenteria-Orereta); eta Talaia eskolan, Olagarro elkartean eta Txantxangorri tabernan (Hondarribia).
Aurtengo udazkeneko kanpaina inoiz baino “
Errigorago” izatea nahi dute. Horren hazia, behintzat, erein dute. Orain uzta jasotzea besterik ez da falta, euskararen landarea ureztatzeko.