Korrikalariek lasterketan burua hotz izan behar dutela dio Jon Elkano prestatzaile fisikoak. Korrika egiteko teknika egoki bat, errespetua eta gorputzari entzutea dira gakoak.
Behobia-Donostia iaz Errenteria-Oreretan.
Aurreko prestaketak berebiziko garrantzia du Behobia-Donostia lasterketan, baita ondorengo zainketak ere, baina tartean, lasterketaren unean korrikalariaren jarrerak Behobia-Donostiaz gozatzera edo infernu bilakatzera eraman dezake. Jon Elkano Lezoko Bekoerrota kiroldegiko giharketa gelako prestatzaile fisikoa eta aholkularia da, eta Behobia-Donostia lasterketako parte hartzailea. Aurten, zehazki, seigarrenez aterako da proba horretan. Haren ustez, aurretik egindako prestaketa, teknika egokiak, lasterketari berari errespetua izatea, eta burua eta gorputzaren arteko elkarrizketa, koherentzia eta oreka dira Behobia-Donostia gozatzeko giltzarriak.
Lasterketaren lehenengo kilometroetan urduritasuna da nagusi Elkanoren hitzetan, «une horretan garrantzitsua da burua hotz mantentzea, eta argi izatea 20 kilometro luze, oso luze direla. 30.000 lagunek hartzen dute parte, gure bizilaguna ateratzen da, eta horregatik bakarrik pentsa dezakegu erraza dela. Baina 20 kilometro oso luze dira eta luzeago egin ditzakegu hartzen dugun jarreraren arabera».
Lasterketaren hasiera, lehenengo kilometroak, lasai hastea garrantzitsua dela esan du prestatzaileak, «urduritasunak indarra ematen digu eta azkarregi hasten gara. Horrek, ordea, faktura pasatuko digu, beraz, pentsatuta genuen baino erritmo baxuago batean hastea aholkatzen dut nik».
Korrikalari taldea sortu
Lehenengo kilometro horiek, gainera, maila antzekoa izan dezaketen korrikalariekin taldea sortzeko baliatzen ditu Elkanok, «beste jendearekin batera joateak eramangarriagoa egiten du lasterketa, hitz egiteko aukera duzu, babesa duzu…». Jaitsierak askatzeko, oxigenatzeko eta arnasketa lantzeko erabili behar direla dio, eta igoeretan arnasketa erregular mantentzea ezinbestekoa da, «pauso txikiak eman behar dira eta besoekin lagundu, igeriketan bezala, korrika egiteko teknikari ere garrantzia eman behar zaio. Teknikak efikazia ematen dizu, erraztasuna, eta energia gordetzen lagunduko dizu. Teknika gehiagorekin gutxiago nekatuko zara, eta abiadura handiagoa hartuko duzu».
Gaintxurizketako gaina lasterketaren bosgarren kilometroan dago, «portu luze eta gogorra da», eta hori gainditzeko lasterkaria bere buruan zentratu eta teknika erabiltzea aholkatu du Elkanok.
Lintzirin da lasterketaren une klabeetako bat prestatzailearen esanetan. Bertan du erdia lasterketak, eta han hornitzea aholkatu du, «prestatuta bazaude erditik aurrera behar da ura. Nik pertsona bat izaten dut bertan gatz eta mineralekin osatutako edaria emateko, eta oso likidoa den gel bat hartzeko». Bero handia egiten badu, edo korrikalariak bere burua justu ikusten badu, gehiagotan edan daitekeela esan du, «beti zurrutada txikitan edota gorputza freskatuz, ura burutik behera botata».
Lasterketa egunean bertan edari, gel eta arropa berririk ez probatzeko aholkatu du Elkanok, «baliteke kalte egitea. Probatu behar bada zerbait berria, entrenamenduetan egin, inoiz ez lasterketa egunean».
Eskalerillak-Mirakruz
Lasterketa Eskalerillas parean hasten da Elkanorentzat. 14. kilometroa du bertan Behobia-Donostiak, «hankak pisutsu sentitzen hasten zara bertan» eta Mirakruz gainarainoko bidea omen da lasterketaren unerik gogorrena: «Kontrajarria dirudi, baina Eskalerillasen hasten naiz ni daukadan guztia ateratzen progresiboki, gorputzari indar gehiago ematen. Erritmoa mantendu baduzu, indarra izango duzu. Lehenengo 15 kilometroetan indarrak gorde behar ditugu, eta hortik aurrera erritmoa azkartu».
Klabea gorputzari entzutea dela argi du, «gorputzari entzun eta esandakoari kasu egitea da gakoa». Haizea ere kontuan hartzeko faktorea da, «Zurriola inguruan jotzen du gogorren, nekatuta heltzen gara bertara, indarrez justu eta garrantzitsua da kontuan hartzea».
Zentzuzkoak izanik ere, lasterkariek batzuetan betetzen ez dituzten hainbat aholku ere eman ditu prestatzaileak. Dortsalak errespetatzea izan da lehena: «Jendea saiatzen da egokitu zaion dortsala baino azkarrago bat lortzen. Hala egiten baduzu, zure erritmoa ez den batean eramango zaitu jendeak, eta hori kalterako da. Beti hobe da azpitik jotzea». Lesioen gainean eman du hurrengo aholkua: «Lesioa egiten badugu gelditu, egoera okertu daitekeelako, honetan ezin baduzu jarraitu pentsatu Behobia gehiago izango direla». Azken aholkua: ezinbestekoa, burua, hanka eta bihotzaren arteko oreka sortzea, «entrenamenduaren bidez, deskantsuarekin, eta elikaduraren bidez lortzen da hori».