Antxotarrok Historia Mintegiak erakusketa antolatu du Espainiako II. Errepublikaren gainean 100 argazki eta egunkari orriekin.
Antxotarrok Historia Mintegiko kideak erakusketaren kartelarekin gaurko agerraldian.
Hamarretxeta Errepublika 1931-1936 erakusketa zabalduko du AHM Antxotarrok Historia Mintegiak larunbatean. Garai horretan Pasaiako lau barrutietan gertatutakoa biltzen duten argazkiak zein egunkari orriak bildu dituzte erakusketa osatzeko, 100 dokumentu guztira. Egunkari orriak gainera, lehen aldiz erabiliko ditu mintegiak erakusketa batean. Kronologikoki antolatuta dago, eta sei urte haietako unerik garrantzitsuenak ekarri dituzte bistara. Ikusteko eta irakurtzeko erakusketa izango da, informatiboa eta atsegina antolatzaileen esanetan.
Lau arlotan banatu dute erakusketa Izagirrek azaldu duenez: “Espainiako Estatuari erreferentzia egiten dioten argazkiak eta egunkari orriak daude batetik, Asturiasko Iraultza adibidez; Euskal Herrikoak bestetik, eta hor barruan Lizarrako Estatutuari aipamena egiten dioten agiriak bildu ditugu; Pasaiakoak, hirugarrenik, eta bertan Trintxerpeko marinelen kontrako errepresioa erakusten dituztenak jaso ditugu. Greba luzea egin zuten arrantzaleek bertan eta ondorio latzak izan zituen gainera, manifestazioan zihoazten asko hil zituzten Ategorrietan tirokatuta. Greba horren aurretik ere beste sei langile hil zituzten Iruñeatik ekarritako tropek, portuko moiletan bertan. Azkenik, Antxoren gainekoak kontatu eta erakusten dituztenak bildu ditugu: hauteskundeak, grebak, atrakoak, labankadak… Zine Modernoa bilerak egiteko erabiltzen zen, hortxe sortu zen Gipuzkoako ELAren itsasoko sekzioa eta ondoren, kuartel gisa erabili zen”
Goiburua “xelebrea” dela esan du AHMko kide Koldo Izagirrek aurkezpenean, ” Antxo oso errepublikazalea izan delako beti aukeratu dugu, foko errepublikano handia izan da, hauteskundeetan eta bizitza publikoan ere. Gainera, 85 urte betetzen dira Espainiako II. Errepublika ezarri zela”. Horren harira, Antxon Espainiako II. Errepublikaren aldeko aldarrikapen publikoa egin zela ekarri du gogora, “Hamarretxetak hamar sarrera batzen ditu etxe bakarrean, patio irekia dauka kontrafuerteekin, barrutiko zaharrenetakoa dugu, izena eman dio kale bati eta bertan aldarrikatu zen Espainiako II. Errepublika 1931ko apirilaren 14an”.
Errepublika garaia oroitzeko antolatu duten erakusketa, ikusteko eta irakurtzekoa izango da, baina baita lanerakoa ere. Izan ere, bisitarien laguntzarekin, garai hartako datuak, gertaerak, dokumentuak eta argazkiak bildu nahi ditu Antxotarrok Historia Mintegiak. “Oso garrantzitsua da argazki zaharretan azaltzen diren horiek identifikatzea guretzako. Horrekin batera pertsona askok erakusketa ikusita, etxean daukatenari balio historikoa emango diote, eta kolaboratzaile bihurtzen dira”.
Dituzten agiriekin eta erakusketaren harira biltzen dituztenekin, liburua osatu nahi du datorren aurteari begira Mintegiak.
Inazio Uria alkate eta diputatua gogoan
Antxok eman duen figura politikorik handiena ere ekarri nahi izan du gogora, bestalde, AHMk, Inazio Uria. Alkatea izan zen eta baita diputatu ere ANV-EAE alderdiarekin, “ahaztuta dagoen pertsona da eta ekarri nahi dugu gogora”. Bere garairako oso aurreratua izan zela esan du Izagirrek: “Eskatu zuen elebistasuna ezartzea eskola publikoetan garai hartan”.
Mintegiak antolatu duen erakusketa larunbateatik hilaren 27ra izango da zabalik Antxoko Kultur Etxean astelehenetik larunbatera 19:00etatik 21:00ak arte eta igandetan, 12:00etatik 15:00etara.