Lan munduan euskararen erabilera sustatzeko asmoz, kanpaina berria martxan da Oarsoaldean
Euskaraz, S.A, kanpainaren aurkezpena, Donibanen
Lan munduan euskararen erabilera sustatzeko helburuz kanpaina berria aurkeztu dute gaur Donibanen. Oarsoaldeko lau udalek hamahiru urte daramatzate lan munduan euskararen presentzia handitzeko egitasmoak gauzatzen, baina gaiari bultzada berria eman nahi diote, alor sozioekonomikoan euskara normalizatzeak euskara gainerako alorretan ere normalizatzea ekarriko duela sinetsita.
Horiek horrela, gaur lan munduko eragileak sentiberatzea helburu duen kanpaina berria aurkeztu dute;
Euskaraz, S.A. Azaldu dutenez, kanpainaren lehen fase batean, autobus geltokietan, autobusetako pantailetan eta irratian zabalduko dute mezua, eta datorren urtean beste hainbat jarduera aurrera ateraz eta bestelako euskarriak erabiliz jarraipena emango diote kanpainari.
Euskarari lana eman
Aurkezpen jendetsua izan da gaurkoa. Udaletako arduradunen ondoan, sindikatuetako ordezkariak eta eskualdeko enpresa esanguratsu batzuen ordezkariak ere izan dira. Denon aurrean azaldu du Nagore Garcia de Vicuñak Strogoff komunikazio enpresaren ordezkariak kanpainan landutako mezuaren nondik norakoak.
“Guztiok ditugu maila pertsonalean egin nahi ditugun eginkizun batzuk, lanekoez gain. Euskara izaten da, askotan, horietako bat. Euskara ikastea, euskaraz hitz egitea, euskara partekatzea, euskaraz konposatzea, euskaraz idaztea eta euskaraz bizitzea bizi osoko konpromiso eder bat da jende askorentzat”, esan du. Halako pertsonen enpresa Euskara S.A dela baietsita, euskarari lana ematera deitu ditu sozietate honen parte diren guztiei, enpresaren zuzendaritza eskualdeko “milaka herritar anonimok osatzen dutelako”.
Aurkezpenean izan dira:
- Izaskun Gomez (pasaiako alkatea),
- Jesus Maria Martiarena (Lezoko alkatea),
- Jexux Leonet (Oiartzungo alkatea),
- Garazi Lopez de Etxezarreta (Errenteriako zinegotzia),
- Miguel Mari Torrea (Pasaiako zinegotzia),
- Nerea Gonzalez (Pasaiako zinegotzia),
- Miriam Cano (Pasaiako zinegotzia),
- Mikel Urdangarin (Haize),
- Jaione Urruzola (Pasaiako euskara teknikaria),
- Antton Cuadrado (Pasaiako euskara teknikaria),
- Joxemari Iraola (Lezoko euskara teknikaria),
- Aitziber Arnaiz (Oiartzungo euskara teknikaria),
- Marije Manterola (EMUN-Niessen),
- Albaro Garcia (Carrefourreko ordezkaria),
- Xabier Etxaniz (Oarsoaldeko ELA sindikatua),
- Maddalen Dorador eta Kristina Gete (Oarsoaldeko LAB sindikatua),
- Nicolas Sagarzazu (Don Bosco LHIIren zuzendaria),
- Ibon Usarralde (Pasaiako Portuko Agintaritzaren ordezkaria),
- Fernando Nebreda (Oarsoaldea Garapen Agentziaren zuzendaria eta Garapeneko lehendakaria),
- Nagore Garcia de Vicuña (Strogoff konunikazio enpresaren ordezkaria).