Istanbuleko Hitzarmena betetzen dela bermatzeko, urratsak egingo ditu udalak
Adierazpen instituzionalarekin batera, bihar azaroak 25, deituta dagoen elkarretaratzearekin bat egin du Errenteriako Udalak.
Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da bihar, eta horren harira, adierazpen instituzionala egin du Errenteriako Udalak. Istanbuleko Itunari aipamen berezia egin dio udalak adierazpenean, “emakumeen aurkako indarkeriaren gainean Europako lehenengo tresna juridiko loteslea da, baita giza eskubideen urraketa larri horren aurrean irismen handiena duen nazioarteko ituna ere”. Horren harira, Istanbuleko Ituna betetzen dela bermatzeko, Errenteriako Udalak hitzarmenean xedatutako neurrien kalitatezko estandarrak eta betearazpen maila egiaztatzeko urratsak egiteko konpromisoa hartu du. Bihar, azaroak 25, Errenteria-Oreretan deitutako mobilizazioekin bat egingo duela jakinarazi du bestalde, eta herritarrak bat egitera deitu ditu. Elkarretaratzea Zumardian izango da 19:30ean.