Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna da gaur, eta herri guztietan iragarrita daude protestak
eta datari lotutako bestelako ekitaldiak
‘Gogoratzen nauzuenetan’ Ipuin bildumaren aurkezpena, Irunen
Indarkeria matxista salatzeko eguna izaten da urtero azaroaren 25a, eta beste tokietan bezala, Oarsoaldean eta Bidasoan ere, hamaika ekitaldi antolatu dituzte gaurko egunaren harira. Udalak, gizarte eragileak, emakume taldeak, mugimendu feminista eta herritar anonimoak… Guztiek batu dituzte indarrak azaroaren 25aren bueltan indarkeria matxista salatzeko. Bide batez, emakumeen kontrako bortizkeriarik gabeko gizarte bat lortzeko bidean sentsibilizazioa eta prebentzioa lantzeko jarduerak programatu dituzte han eta hemen.
Egitarauetan, gaurko elkarretaratze eta manifestazioetatik harago badira hainbat jarduera; informazio hitzaldiak, ekintza sortzaileak, gazteei begira landutako programak, antzerkiak, kontzertuak… Askotarikoak dira indarkeria matxistari aurre egiteko egitasmoetan txertatu diren jarduerak.
Toki askotan, hasiak dira jada egunari lotutako jarduerak egiten, eta datorren astean ere izango dira ekitaldiak. Hitzaren webguneetan (
bidasoa.hitza.eus eta
oarsoaldea.hitza.eus) bada horiek kontsultatzeko aukera, agendaren atalean.
Prebentzioa lantzen
Prebentzioa lantzeko programek indarra hartu dute azken urteotan, eta horregatik gero eta gehiago dira gazteei begira jorratzen diren egitasmoak. Lezon, esaterako, institutuko gazteek bat egin dute egunarekin eta ekintzak antolatu dituzte. Puntu lila erraldoia margotuko dute Bekoerrota kiroldegian, eta mural hori erabilita, selfie bidezko kanpaina abiatuko dute, indarkeria matxistaren kontrako mezuak sare sozialetan partekatzeko. #Az25Lezon traola baliatzeko eskatu dute kanpainaren antolatzaileek.
Bihar, bestalde, Urdulizera joango dira inguruko gazte asko. Beldur Barik egitasmoaren sari banaketa eta topaketa ospatuko dute han, eta inguruko herrietan programa ikastetxe eta udalen bidez lantzen denez, hara joango dira nerabe asko. Pasaiako Udalak autobusa antolatu du, eta Lezoko Kuadrillategikoak ere han izango dira.
Ipuin Bilduma
Lehengo larunbatean, bestalde, Asun Casasola Ipuin Lehiaketako lanekin argitaratu berri duen liburua aurkeztu zuen TASek,
Gogoratzen nauzuenetan. Ipuin bilduma indarkeria borrokatzeko tresna gisa erabilgarri izan dadin kaleratu du Bidasoko plataforma anti sexistak.
Egitaraua
Asteburuko deialdiak
Irun
Gaur. 12:00etan, LABek emakume langileen kontrako indarkeria salatzeko ekitaldia egingo du; 17:00etan, Martindozenea gaztelekuan, Beldur Barik serigrafia tailerra; 19:00etan, udalak eta hainbat emakume elkartek antolatutako elkarretaratzea Zabaltza plazan; 19:30ean, Zabaltzatik abiatuta, TASek deitu duen manifestazioa.
Etzi. 18:00etan, Amaia KZn, Pauso-k Dance Studioren eskutik, emakumeen indarkeriaren kontrako dantza ikuskizuna, doan.
Hondarribia
Gaur. Saindua Udal Gaztelekuan txapak banatuko dituzte, 17:30ean; 19:30ean, Itsas Etxean,
Refugiado filmaren proiekzioa (3 euro); astean zehar murala margotu dute.
Lezo
Bihar. 09:00etatik 14:00etara, Bekoerrota kiroldegian, autodefentsa feminista ikastaroa; 19:00etan, Gezala Auditoriumean eta Gaxuxak antolatua,
Las hijas de Eva antzerkia Emakume Ausartak taldearen eskutik.
Pasaia
Gaur. 19:00etan, elkarretaratzeak Antxoko Gure Zumardian eta Trintxerpeko alkateordetzan, Pasaiako emakumeek deituta.
Oiartzun
Gaur.
La teta asustada zineforuma, 17:00etan, udaletxeko areto nagusian; 19:30ean, elkarretaratzea Done Eztebe plazan. Horrez gain, astelehena bitartean, indarkeria matxistaren gaineko erakusketa atonduko dute plazan.
Errenteria-Orereta
Gaur. Auzoetako emakume elkarteek jositako oihala udaletxean eskegiko dute; 19:30ean, elkarretaratzea Gamon Zumardian.