Lintziringo bidearen konponketen kostuaren laurdena Carrefourrek finantzatuko du. Indarkeria matxista eta Euskararen Egunaren mozioak aztertu zituzten.
Indarkeria matxista salatu zuen EH Bilduren mozioak. Irudian, paretan, ikasleek gaiari buruz egindako marrazkiak.
Atzo arratsean egin zuen Oiartzungo Udalbatzak azaroari dagokion ohiko plenoa. Hamabost puntu landu zituzten bertan, horietako bi Lintziringo eremuari eragiten dizkiotenak.
Alde batetik,
Lintziringo atzeko barne errepidearen konponketa finantzatzeko Carrefourrekin hitzarmena lortu du udalak, eta merkatalguneko enpresa nagusiak gastuaren laurdena finantzatuko du. Jexux Leonet alkateak argitu zuenez, “hitzarmena hori da, ez dago ezer ordainetan”. Horrez gain, udalak aldundiaren laguntza ekonomikoa bilatu duen arren, ez dutela lortu zehaztu zuen.
Bestetik, Ramon Vizcaino enpresa zegoen tokia urbanizatu eta jarduera industriala martxan jartzeko baimena eman zuen plenoak. Argitze-Eder SL enpresarekin sinatu du hitzarmena. Eraikin zaharrak berriro okupatzeko ahaleginean kokatu zuen Leonetek.
Indarkeria matxista
EH Bilduko udal taldeak bi mozio aurkeztu zituen. Indarkeria matxistaren aurkako egunari buruzko adierazpena zen horietako bat. Azaroaren 25a, indarkeria matxistaren kontra borrokatzeko data izateaz gain, “harreman askeak eta tratu ona aldarrikatzeko” eguna ere badela jasotzen du adierazpenak.
Gainera, gaur egun matxismoa oso barneratuta dagoela ohartarazten du koalizioaren testuak, eta ez dagoela berdintasun errealik. “Tratu txar batzuk oso agerikoak dira —kolpeak, erasoak…—, eta beste batzuk ez hain agerikoak —txiste matxistak, lan munduko oztopoak”, adierazten du EH Bilduren idatziak. Gainera, indarkeria matxista Oiartzunen presente dagoela salatu zuten, eta biktima diren Oiartzungo hamasei emakume eta bederatzi haurrak gogorarazi zituzten. Indarkeria matxistarekin bukatzea guztien arduratzat jotzen du koalizioak, eta udalak 2017ko aurrekontuetan Feminismo Sailerako diru partida handituko duela gogorarazi zuten. Aho batez onartu zuten adierazpena, bozketa behar zuten plenoko gainontzeko puntuak bezalaxe.
Euskararen Eguna
Plenoko beste mozioak larunbatean ospatuko den Euskararen Nazioarteko Eguna izan zuen hizpide. Horrela, Abenduaren 3a “pozik ospatzeko eguna” dela esaten du EH Bilduren mozioak, “orain dela 40 urte gainbeheran zegoen hizkuntzak hazkundea izan duelako”. Era berean, euskara lehen iristen ez zen toki askotara iritsi dela berretsi dute, eta “hizkuntza moderno” gisa definitu. Euskara hedatzen lagundu dutenei eskerrak eman zizkieten.
Hala ere, Euskal Herrian euskara eta gaztelera/frantsesaren artean berdintasunik ez dagoela berretsi du mozioak, eta oraindik pausoak eman behar direla berdintasunaren bidean. Ildo horretan, gizarte eragile eta norbanako guztiei gonbita luzatu zieten bakoitzak bere esparruan euskararen aldeko ekarpena egiteko. Larunbatean “Euskararen Eguna ospatzeko eta bizitzeko” deia luzatu zuten halaber.
Gainontzeko puntuei dagokienez, auzolanak arautzeko ordenantzaren hasierako onarpena adostu zuten bi taldeek. Leonetek adierazi zuenez, herrian ohitura dena arautu beharra dago. “Orain arte egin da, baina hutsunea zegoen. Horrela babestu egiten dugu”.