Sare, Gehitu, Ozzinema, Zaporeak, CEAR Euskadi, Mundubat, Mikelazulo elkartea, Elwattan, African Union Associacion, eta Asociacion Ucrania-Euskadik hartu dute parte.
Giza eskubideen astea aurkeztu dute gaur goizean.
Giza eskubideen astea antolatu dute bigarren urtez udalak eta herriko hainbat eragileek. Zehazki, Sare, Gehitu, Ozzinema, Zaporeak, CEAR Euskadi, Mundubat, Mikelazulo elkartea, Elwattan, African Union Associacion, eta Asociacion Ucrania-Euskadik hartu dute parte. Horren harira, hilaren 12tik 18ra bitartean ekintza sorta egingo dute. Munduan ematen diren giza eskubideen urraketek lekua izango dute astearen barruan, eta, baita gertuko errealitateek ere. Sare Herritarraren eskutik helduko dira azken horiek bi ekintzen bidez: hitzaldia egingo du hilaren 14an, asteazkena, Dispertsioa eta haurrak goiburuarekin. Xenpelar Etxean izango da 19:00etan. Hilaren 17an berriz, larunbata, Zine Foruma antolatu du. Alex Mesaren
40 minutos dokumentala emango dute, 12:00etan Reina Aretoan.
Zinema Solidarioa
Ozzinemak haurrentzat antolatutako filmak emango dio hasiera Giza Eskubideen asteari
Kiriku eta basapiztiak filmarekin. Astelehenean izango da 18:00etan. Ozzinemarena ez da haurrei begira antolatutako ekintza bakarra, ipuin kontalariak ere izango dira astearen barruan, larunbatean (hilak 17) 11:00etan hasita haurren liburutegian. “Gatazka bizi duten herrietatik etorritakoak izango dira kontalari horiek”, azaldu dute antolatzaileek.
Mikelazulo elkarteak Lampedusaren gainean sortutako proiekzioa emango dute, bestalde, Zinema Solidarioaren atalean Niessen kulturgunean, asteartean 18:00etan. Azken hori zein
Kiriku eta basapiztiak filma ikustera joaten direnei garbantzu eta espinaka kontserbak eramateko eskatu diete. Bildutako guztia, Zaporeak elkarteak Kios uhartean duen sukaldera bideratuko dute bertan diren errefuxiatuei jaten emateko.
Kolonbiaraino bidaia ere proposatu dute, Kolonbia lekualdatua erakusketaren bidez, hilaren 15ean bisita gidatua egingo dute eta
Colombia invisible dokumentala emango dute Xenpelar Etxean 19:00etan hasita. Astea amaitzeko, hilaren 18an,
Elegy antzezlana taularatuko dute. Errefuxiatuen errealitateaz eta sexu orientazioaz mintzo da lana. Egitarauaren gaineko informazio zehatza udalaren
herribizia.errenteria.eus webgunean bildu dute.
Herriko DBHko ikasleek zein gaztelekuetan parte hartzen duten gazteek giza eskubideen gaineko informazioa jasoko dute astearen harira, “errefuxiatuen eta etorkinen eskubide urraketen gainekoa bereziki”.