OKEk bigarren denboraldia du, jarraian, Lehen Mailan. Denboraldiaren ekuadorra gertu da, eta azkeneko postuan daude. Argotek baikor da etorkizunarekin.

Igandean jokatutako Oiartzun-Rayo.
Seigarren jardunaldiari zegokion partida jokatu zuen atzo Oiartzunek. Egungo txapeldunaren etxean, Lezaman, jokatu zuten partida. Gari Argoteren jokalariak oso serio zelairatu ziren, baina pixkanaka Athletic zirrikituak aurkitzen hasi zen, eta aukerak sortzen. Ane Otxoa atezaina bikain aritu zen. Lehenengo zatiko azkeneko minutuan —azken minutu madarikatuak— Erika Vazquezek lehenengo gola sartu zuen.
55. minutuan bigarrena sartu zuen jokalari nafarrak, eta Oiartzun pixka bat esnatu zen, nahiz eta Athleticek kontrolik ez zuen galdu. 80. minutuan zapuztu ziren bisitarien itxaropenak, Irune Muruak atea zulatu baitzuen. Lau minutu beranduago partidako izarrak —Vazquezek— laugarren gola lortu zuen.
Sailkapenaren azkeneko postuan da Oiartzun, hamalau partidatan lau puntu lortuta.
Gari Argote baikor da
Atzoko partida baino lehen, asteartean, Hitza Gari Argote taldearen entrenatzailearekin hitz egin zuen. Futbolean, emaitza txarrek psikologikoki eragin handia dute, eta burutik oinetara pasatzen da eragina. Argote, baina, baikorra da etorkizunarekin. «Hasieran hiru berdinketa lortu genituen, eta tartean beste bat lortuta, gainontzekoak galdu egin ditugu. Jokoa ikusita, oso ongi ari gara lehiatzen. Kontua da emaitzek ez dutela laguntzen», ziurtatu du.
Lehenengo partida haietan taldea koipeztatzen ari ziren, bederatzi jokalari berri fitxatu zituelako OKEk. «Hasieran lortu genituen hiru berdinketa horietan taldea egiten ari ginen. Lehenengo itzulia ia pasata denean, konturatu gara gurekin borrokan ariko direla. Garaipenen bat ez lortzea faltan sumatzen dut», jarraitu du oiartzuarrak.
Emaitza txarrak lortu dituztela onartu du Argotek, baina ez da atsekabean erori, taldea partida guztietan —«bi kenduta»— ongi aritu delako.
Zortea ez dute lagun
«Beste partida guztietan sartuta egon gara, borrokatzen…», jarraitu du entrenatzaileak, «eta puntuak azkeneko minutuan, baita azkeneko segundoan ere, galdu ditugu. Puntuak horrela galtzea kolpe gogorra izan da taldearentzat».
Kolpe gogorrak jaso arren, taldea zutitu egiten da jardunalditik jardunaldira, eta «aurpegia ematen» jarraitzen dutela ziurtatu du entrenatzaileak: «Partidaren bat gure akatsen ondorioz galtzea merezi genuen, baina besteak alderantziz, irabaztea ere merezi genuen. Azkenean futbola horrela da. Ez dakit buelta emango diogun ala ez, baina kolpe gogor asko jasotzen ari gara. Ez baditugu besoak jaisten, etorriko dira garaipenak».

Gari Argote.
Adibide bezala jarri du igandean Rayo Vallecanoren kontra, Karla Lekuonan, jokatutako partida. Jardunaldi horretan erori ziren azkeneko postura. «Taldeak igandean ongi jokatu zuen: partidaren pisua eraman zuten; beraien area setiatu genuen, berdinketak ez zigulako balio. Hiru aldiz iritsi ziren gure atera eta batean muturreko ederra eman ziguten. Egin zuten esfortzua ikusita, ezin zaie neskei ezer ere ez egotzi».
Gehienbat alderdi psikologikoa landu behar dutela berretsi du. Lehen garaipena akuilu ona izan daiteke emaitza positiboak kateatzen joateko. Aitortu du gol gutxi sartu dituztela orain arte jokatutako partidatan, ez dutela asmatzen aurkarien atea nola zulatu.
Txanponaren —eta zelaiaren— beste aldean, defentsa lanean ongi ari direla iritzi du:?«Egia da erlatiboki gol gutxi jaso ditugula, sailkapenaren beheko aldean egonda».
Neguan mugimendurik ez
Atzo Athleticen aurka bezala, Atletico Madril eta Realaren kontra 4-0 galdu zuten kamiseta urdina defendatzen duten jokalariek. Bi partida zeharo ezberdin izan zirela iritzi du Argotek: «Atletico liderra da, eta errepasotxo bat eman zigun. Hala ere, jarrera ona izan genuen haien kontra, eta ongi jokatu zuten». Realarena beste kontu bat izan zen: «Derbia zen; psikologikoki urduri zeuden, badugulako Realean egondako jendea; eta hori nabaritu zen. Lehenengo gola jaso genuenean taldeak behera egin zuen, eta partida horretan bai eman genuela itxura eskasa».
Gainontzeko porrotak, Albacetekoa izan ezik, gol bakarreko aldeagatik izan dira.
Bestalde, kirol egunkarietako orrialdeak betetzen dituen Neguko merkatuan fitxaketarik ez dutela egingo ziurtatu du lehen taldearen arduradunak, «baldin eta ezer berezirik gertatzen ez bada». Klubak dituen baliabideak mugatuak dira eta merkatua «arakatua baino arakatuagoa» dutela baietsi du.
Hori bai, Karla Lekuonaren soropilean aurpegi berririk baldin bada, aurten sortutako bigarren taldetik igotakoena izango da. «Ongi doaz ligan. Talde polita egin dute, eta tarteka batzuek entrenatzen dira gurekin. Dinamika horrekin jarraituko dugu, etorkizunerako oso garrantzitsua da. Mantendu ala jaitsi, bigarren taldea garrantzitsua da laguntzeko», adierazi du Argotek.
Maila pertsonalean, emaitzei ikusita, «gogorra» izaten ari dela esan du Argotek. Jokalariak bezala, entrenatzailea ere garaipen baten beharrean da. «Bestela», argitu du, «gustura ari naiz. Taldea ongi ari da, eta pertsonalki, esperientzia polita izaten ari da liga gorenean jokatzea… Herrikoa naiz, eta esperientzia oso polita da taldearekin bidaiatzea, aurpegia ematea, harro egoteko modukoa da». Prentsarekin aritzera ere ohitu egin da. Eta igartzen zaio.