Herriko 30 lagun baino gehiago igoko dira Gezala Auditoriumeko oholtzara gaur arratsaldean. Sarek presoen gaia mahaiaren gainean jarri nahi du, Gabonetan bereziki
Ekitaldiaren kartela.
Herriko artista ugari bilduko dituen ekitaldia egingo dute bihar (ostirala) arratsaldean Lezoko Gezala Auditoriumean, herriko Sarek antolatuta.
Musikariak, errezitaldiak, dantzariak eta beste hainbat diziplinetan aritzen diren herritarrak arituko dira, euskal presoen eskubideen aldeko ekitaldian. 19:30ean hasiko da jaialdia.
Lezoko Sareko kide Deiene Zigandak jakinarazi duenez, taldeko kideek «kulturarekin lotutako zerbait» egin nahi zuten aspalditik. «Gainera», esan du, «jendeak eskatzen zuen horrelako zerbait». Horrela, presoen eskubideen gaia mahaiaren gainean jartzeko asmoa zuten, «bereziki data hauetan».
Herriko artistekin harremanetan jarri ziren. «Nik, adibidez, herriko dantzari batekin hitz egin nuen, ideia proposatzeko, eta hura arduratu zen pieza aukeratzeaz, musikariekin hitz egiteaz eta bestelako prestaketa lanak egiteaz. Eta horrela ibili dira parte hartzaile guztiak», esan du Zigandak.
Lezoko Sarek «data finkatu eta koordinatzea» besterik ez duela egin gaineratu du, eta izan duten harrerarekin «oso pozik» daudela berretsi du.
Udalak osatutako Gabonetako agendaren bukaeraren biharamunean egingo dute ekitaldia. Gainera, ostiraleroko karteladaren ordez egingo dute.
30 artistatik gora
Lezoko Sarek ehundu duen oihal artistikoa askotarikoa da. Hogei lezoarrek abesbatza bat osatu dute, eta eurek izango dute kantatzeko ardura. Garazi Lekuona, Aritz Salamanca eta Mederi Orbiso dantzariak ere igoko dira taula gainera, herriko bi bertsolari gazte bezala. Beste hainbat lagun ere pasatuko dira bertatik.
Guztira, 30 lagun inguru izango dira Gezalako eskenatokia zapalduko dutenak. Eta Lezoko Sarek espero du eserlekuetan izango direnak askoz gehiago izatea, aretoa elkartasunez bete arte.