Lanak oinezkoen eta bizikleta zaleen segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko izango dira.
Lanen planoa.
Lezoko Udalak jakinarazi du Altamirako biribilgunearen inguruan oinezkoen eta bizikleta zaleen segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko lanak hastear direla. 306.655 euroko inbertsioa egingo dute egitasmoa burutzeko (%85 aldundiak ordainduko ditu, %15 udalak).
Bi fasetan egingo dituzte lanak. Lehenengoan egungo espaloia zabalduko dute, oztopo arkitektonikoak kenduz. Bigarrenean, gune berdean, arrapala berria jarriko dute.
Lanen barruan, lur azpiko pasabidetik Altamirako zebra bidera doan eskailera luzatuko dute langileek, eta horrek zuhaiztian eragina izango du: beharrezkoak diren lur mugimenduak egiten direnean, berriz ere lur begetala jarri eta belarra nahiz zuhaitzak landatuko dira. Argiteria ere hobetuko dute.
Igogailua eta oinezkoen pasabidea
Lan gehiago egingo dituzte Altamiran aurki. Udalak zehaztu du bertan igogailua eta oinezkoen pasabide berria egingo dituztela. Udalak jada esleitu ditu bi egitasmo horien exekuzio proiektua eta obra zuzendaritza. Igogailua kiroldegiaren ondoan jarriko dute, eta pasabide batekin, Altamirara nahiz Altzate igerilekura lotuko dute.,