Errege Magoak itsasoz iritsiko dira Pasaiara
Trintxerpen jaitsiko dira lehenik, eta ondoren lau barrutietan desfilatuko dute.
Meltxor, Gaspar eta Baltasar txalupan iritsiko dira gaur arratsaldean Pasaiara. Bisita goiztiarrena Trintxerpen egingo dute. 16:45ean porturatuko dira, Hospitalilloko ontziralekutik alkateordetzarako bidea egiteko. Han, haurren eskutitzak jasoko dituzte, eta 19:00etan desfilean irtengo dira, Euskadi etorbidetik Azkuenerantz, handik berriz ere Gernika plazarantz jaisteko. Diskurtsoa irakurrita, goxokiak botako dituzte alkateordetzaren balkoitik.
Ordurako, baina, beste hiru barrutietan ere izango dira Erregeak. Donibanen, 18:00etan irtengo dira Meipitik. Kabalgatan parte hartu nahi duten herritarrak 17:00etan elkartuko dira, kabalgatarako dotore jantzi eta plazara arteko bidea Meltxor, Gaspar eta Baltasarrekin batera egiteko. Plazan jaiotza bizidun ikusgarri bat izango dute, zain.
Antxon ere, 18:00etan irtengo dira Errege Magoak, Lore Txorta elkartetik. Barrutiari buelta eman eta gero, kultur etxean jasoko dituzte haurren eskutitza.
Azkenik San Pedron irtengo dira. 19:00etan aterako dira Gatzagatik, barrutiaren goialdean bira egin ondoren, parte zaharrerantz jaitsi eta Torrera arteko bidea egiteko. Elizan bukatuko da San Pedroko desfilea.
