Atlantikoa zeharkatzeko itsasaldia egingo du Miren Amaia Arotzena Muxika errenteriarrak. Hogei egunean heldu nahi dute San Martin uhartera; hura dute helmuga eskifaia osatuko duten bost lagunek.
Isabel Mancebo Baldaren ilustrazioa.
Atlantikoan zehar itsasaldia egingo du Miren Amaia Arotzena Muxikak, hilaren 16an Las Palmasetik (Kanaria Handia) abiatuta. Ez da bakarrik joango, beste hiru lagunek eta kapitainak osatuko dute abentura horretako eskifaia. Gogotsu dago Arotzena abiatzeko. Oraindik, ordea, azken unekoak antolatzen ari dira, eta hilaren 11n joango da errenteriarra Kanaria uharteetara: «Dagoeneko belaontziari egin diote azterketa teknikoa eta gu bidaiarako erosketak egiteko bilduko gara abiatu baino bost egun lehenago».
Atlantikoa zeharkatuko duen laugarren aldia izango du Arotzenak. Baina 20 urte luze joan dira azken aldiz itsasaldi hori egin zuenetik: «Bi aldiz egin dut joanaldia eta beste batean buelta. Hiru urte eman ditut bidaia lotu nahian, baina ez dut lortu beste modu batean lotzea, eta azkenean charter batean joango naiz, ordainduta».
Ordaindu gabe egiteko beste modu bat badagoela esan du errenteriarrak. «Kanarietara joan eta bertan ontzistop-a egitea badago. Karibera joateko garaia azarotik otsaila amaiera bitartekoa izaten da, alisio haizeak daude, harantz eramaten zaituzte, eta urakanen garaia ere amaitu da. Hau da, beraz, garai egokia bertara joateko. Bizpahiru belaontzi-estropada antolatzen dituzte eta jendeak bertara jotzen du bere burua tripulante gisa eskaintzera. Nik, ordea, ez dut nire burua horretarako ikusten eta beste bidea erabiltzea erabaki dut», jakinarazi du.
Nabigazioan, kasualitatez
Hamabost metroko belaontzian egingo dute bost lagunek itsasaldia, eta noski, haizea baliatuko dute Kariberaino heltzeko: «Motorra tarteka piztuko dugu egunerokoan generadorea elikatzeko eta argindarra eduki ahal izateko, baina nabigatzeko haizea baliatuko dugu».
1991n iritsi zen nabigazioaren mundura Arotzena. Kasualitatez: «Lagun baten lagunak ultrarinean hegaldiak egiten zituen, eta behin probatzera joan nintzen. Denbora batera herriko jaietan, madalenetan, elkartu eta Atlantikoan zehar itsasaldia egin behar zuela esan zidan». Gehiegi pentsatu gabe bat egin zuen harekin errenteriarrak, tentatuta, eta ordutik nabigazioarekin maiteminduta dago. «Nabigatzea, itsasoa, bakea dira niretzat, eta itsasaldi honetan ere hori bilatuko dut, gozatzea noski, eta bakea», esan du. Prestaketarik gabe egin zuen lehen itsasaldi hura Arotzenak: «Hiru egunez atera nintzen beraiekin itsasora Atlantikoa zeharkatzera joan aurretik. Bederatzi lagun joan ginen, eta beste zortziek bazekiten nabigatzen. Nik zertxobait jakitea gomendatzen dut».
Gaur egun, Aisialdirako Ontzien Patroi titulua du, eta lehenengo bidaiatik itzulita, Hondarribian hasi zen nabigazioan, «jende pila batekin aritu naiz, asko ikasi dut, esperientzia handia hartu dut».
San Martin helmuga
Lehenengo bidaia hartan sestantea erabili zuten gutxi gorabeherako kokapena jakiteko. 26 urte beranduago GPSa baliatuko dute, eta eguraldiaren iragarpenak irrati bidez ezagutzeko aukera izango dute, ontzia prestatu ahal izateko. Magia hori galdu izana ez da okerrerako kontua errenteriarraren aburuz, «aurrerapen horiek aukera gehiago ematen dutelako jende gehiagok halako itsasaldiak egiteko».
Hilaren 16an abiatuta Cabo Verdeko Errepublikara helduko dira. Sortaldera joko dute ondoren, San Martin uhartera heltzeko —hura dute helmuga— eta bidean San Tome eta Principeko Errepublika Demokratikoko Guadalupe uhartea eta Martinika igaroko dituzte.
Itsasaldiaren zailena elkarbizitza dela argi du Arotzenak. «Azkenean itsasontzian denak ongi antolatuta egon behar du, txukun, ordu asko ematen dugulako elkarrekin. Batzuetan ez da haizerik, eta orduak ematen dituzu geldituta belaontzian, itsasoaren erdian», adierazi du.
Zorabioak ere aipatu ditu errenteriarrak: «Hiru egunean gainditzen dira, oreka kontua da. Arazoa bueltan lehorreratzean dator, gorputzak berriz ere ohitu behar du, eta mozkorrak bezala ibiltzen zara». Berak lehen itsasaldian ez zuen zorabiorik izan, baina beste bietan zorabiatu da, «gogorra da oso». Horren harira, argi du itsasoko lehen esperientziak ona behar duela izan, errepikatzeko, «lehen aldia txarra bada ez duzu errepikatuko eta. Belaontzian lehen aldiz ibili nahi dutenei, beraz, baldintza onetan egiteko aholkatzen diet, bidaia atzeratu behar badute ere».
Balantzaren alde onean, berriz, nabigatzea jarri du Arotzenak: «Itsasoa lasaitasuna da. Gainera izugarria da animaliak ikustea, baleak, izurdeak, begien aurrean. 1996an egindako itsasaldian Azoreetan izurdeak izan genituen inguruan saltoka… Izugarria izan zen».
Itsasoak zoratzen badu ere, beldurra ere ematen diola aitortu du, baita bainatzea ere: «Tiburon filmaren ondorio izango da [barre egin du]. Baina argi dut beldurragatik ez diodala utziko nahi dudana egiteari. Ausarta ez, baina irmoa naiz erabakitzen dudanarekin, eta Atlantikoan bainatuko naiz, noski. Izugarria da itsasoaren erdian soka bat heldu eta belaontziaren atzetik joatea, zoragarria».
Hogei egun emango dituzte Atlantikoa zeharkatzen. Horietako egun bakoitza ahaztezina izatea nahi dute.