Collar, Rios, Altuna, Buselo eta Legorburu gaurko agerraldian Xenpelar Etxean.
AizpitArte erakusketa zabaldu du Xenpelar Etxean Felix Ugarte Lurpeko Eremuen Ikerketa eta Zaintza elkarteak Errenteriako Udalaren laguntzarekin. Joan den astean abiatu zuten eta gaur goizean egin dute agerraldia Jon Collar Kultura Zinegotziak, Jose Cruz Legorburu Ingurumen zinegotziak, Javier Buselo eta Joseba Rios Felix Ugarte elkarteko kideak eta Jesus Altuna arkeologoak. Azken horrek esperientzia luzea izan du Aizpitarten, 1960tik 2002. urtera arte bertan indusketa lanak eta ikerketa egin dituelako.
Zabaldu duten erakusketaren barruan hitzaldiak antolatu dituzte adituekin, eta hilaren 28ra arte hiru hitzaldi egingo dituzte. Helburua Aizpitarteko ondare naturala eta kulturala balioan jartzea da, eta horretarako, indusketetan aurkitutako material ugari jarri dute ikusgai lehen aldiz, “bertan dagoen aberastasuna transmititu nahi diegu herritarrei, balioan jarri ondarea eta Aizpitarte bera, eta kontzientziatu balioaz”.
Isiltasunean, iluntasunean eta lur azpian egindako lana argitara atera nahi dutela esan du Collarrek, “Felix Ugarte elkarteak egiten duen lana eta ondare naturala eta kulturalari aitortza egin nahi diegu”. Erakusketa aukera paregabea dela Aizpitarteko Paleolito artearen ondare aberatsa ezagutzeko esan dute agerraldian bildutakoek.
Kantauri isurialdea eta Europaren erdialdearen arteko pasabide estrategikoan kokatuta daude Aizpitarteko kobazuloak eta bertatik giza taldeak etengabean igaro direla duela 32.000 urtetik gaur egunera arte nabarmendu du Collarrek: “Aizpitarten orain arte eguneroko bizimoduan erabilitako tresnak, ehizarakoak, eta ehizatzen zituzten animalien hezurrak aurkitu izan dira. Azken urteetan berriz, labar-artea aurkitu dute bertan adituek, margoak eta grabatuak”.
Felix Ugarteren iniziatiba babestea erabaki duela udalak esan du Legorburuk, “gure herrian beharrezkoa zelako halako zer edo zer antolatzea, inoiz ez delako balioan jarri Aizpitarteko ondare kultural eta naturala”. Horren harira, herritar guztiak deitu ditu erakusketa ikusi eta hitzaldietan parte hartzera. Antolatutako erakusketa eta hitzaldiek helburu hezitzailea dute Buseloren hitzetan eta Gipuzkoako Foru aldundiaren Ingurumen sailaren eta Errenteriako Udalaren Kultura eta Ingurumen sailen laguntzari esker antolatu ditu Felix Ugarte elkarteak: “Azken urteetan gai hauen gainean erakundeek egiten duten esfortzua eta ematen dituzten diru laguntzak murriztu direla ohartu gara. Ikerketarako diru laguntzak behar dira, inbertsioak ezinbestekoak dira. Aizpitartek gainera, sekretu asko ditu gordeta, eta erakutsi dugu han daudela, baina aztertzen jarraitu ahal izateko ezinbestekoa ditugu inbertsioak”.
Paleolito garaiko lehen aztarnategia
Aurkitutako materialak eta arrastoak erakutsiko dituzte lehen aldiz.
Agerraldian parte hartu duten kide guztiek nabarmendu dute Aizpitarteren garrantzia eta erreferentzialtasuna eta Jesus Altuna arkeologoak kobazuloen hiru berezitasun aipatu ditu: “Paleolito garaiko lehen aztarnategia dugu Aizpitarte. 1892. urtean lehen indusketa lanak egin zituen Lertsundi kondeak Aitzbitarte IV kobazuloan eta orduan aurkitu zuen”. Iberiar Penintsula osoan lehen elur-orein adarra Aizpitarten aurkitu izana da bigarren berezitasuna. Ordutik, historiaurrearen ikerlari ugarik bisitatu zuten Errenteria-Oreretako eremu hori: Pedro Manuel de Soraluce, Henry Breuil, Edouard Harlé, Telesforo de Aranzadi, Jose Manuel Barandiaran eta Jesus Altunak berak. Aizpitarteko kobazuloetan bizi zirenen artean inon baino lehenago hasi zuten ehiza berezitua, “animalia espezie bakarra ehizatzen zuten bertan Gravet garaian. Kantauri isurialde osoan hemen bakarrik gertatu zen hori, beste gunetan baino 5.000 urte aurretik. Ehizatzen zituzten animaliak gainera ez ziren beste eremuetan ehizatutakoak, uroa eta bisontea baizik. Hori ere salbuespena da Aizpitarten”.
Egindako aurkikuntzak oso garrantzitsuak direla esan du Altunak, “33.000 eta 16.000 urte arteko garaiak hartzen ditu. Baina horien azpian, beste estratoa eta kultura aurkitu ditugu, Neandertal Gizakiaren barruko Musteriense garaikoa”. Musteriense garaia orain 125.000 urte sortu eta duela 40.000 urtera arte iraun zuen. Argi du Altunak, “sorpresa asko eman behar dizkigu oraindik Aizpitartek 60.000 edo 50.000 urte atzera jo dezakegu”.
Ondare naturala ere
Aizpitarteko ondare kulturalari ondare naturala gehitu dio Buselok. Saguzar kolonia garrantzitsua da bertan. Murrizten ari dira halakoak eta une honetan pertsonen eragina aztertzen ari dira koloniaren gainean, “urtebeteko lana egiten ari gara zenbat pertsona sartzen diren kontabilizatzeko. Saguzarrei kalte handiena pertsonok egiten diegu, euren bizilekutik pasatze hutsak kaltetzen ditu kolonia horiek. Pertsonak gara saguzarren predatzaile handienak”.
Horren harira, eta ondare naturala zein kulturala babeste aldera kobazulorako sarrerak arautzea garrantzitsua dela esan du Buselok. Horren alde egin du Riosek, baina kontzientziazioa dela horretarako biderik onena esan du: “Burdin hesirik onena Aizpitarten dagoen ondarea babesteko, herritarrak kontzientziatzea da bertan dagoen ondare naturalaz eta kulturalaz. Uste dut hori dela halako eremuak babesteko bidea. Gainera, kulturalki zein ingurumen aldetik ustiatzea Aizpitarteko aberastasuna garrantzitsua litzateke, bisita gidatuekin, interpretazio zentroen bidez… bisitak eta erabilera arautzea ekarriko luke eta balioan jarriko litzateke, horretarako baldintza guztiak ematen baitira”.
Ezagutzatik dator zaintza, “errespetatu eta zaintzen duzu ezagutzen duzun hura –gaineratu du Buselok– eta hori da erakusketa honen helburuetako bat, herritarrei azaltzea zer dagoen, ezagututa maita dezaten, eta ondorioz, zaindu. Aizpitartek etorkizuna izan dezan”.
Bisita gidatuak eta hitzaldiak
AizpitArte erakusketa hilaren 28ra arte Xenpelar Etxean arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara. Kobazuloaren ikuspegi arkeologikoa, biologikoa… jasotzen du. Bisita gidatuak gaztelaniaz: hilaren 11n, eta 19an 18:30ean.
Hilak 12, osteguna: Murciélagos: los desconocidos de la noche hitzaldia Aitor Arrizabalagaren eskutik. 18:30ean Xenpelar Etxean.
Hilak 18, asteazkena: Los pobladoren paloelíticos de las cuevas de Aizpitarte hitzaldia Joseba Rios Garaizar, Diego Garate, Olivia Rivero eta Aixa San Emeterioren eskutik. 18:30ean Xenpelar Etxean.
Hilak 25, asteazkena: El arte paleolítico de las cuevas de Aizpitarte hitzaldia Diego Garate Maidagan, Olivia Rivero eta Joseba Rios Garaizarren eskutik. 18:30ean Xenpelar Etxean.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.