Donibaneko ur zikinak badiara isurtzen dira zuzen-zuzenean.
Donibaneko saneamendurako azpiegitura berritzea lehentasuna behar du Eguzki Talde Ekologistarentzat, baita Errenteriako Iztieta auzoko kolektorea ere, “horiek konpondu ezean badia nekez biziberritu” daitekeela iritzita. Horregatik eskatu dio Jaurlaritzari aipatu lanak aurtengo aurrekontuetan aurreikusteko.
Talde ekologistak gogoratu duenez, 2007. urtean, erakundeek 2011 bitartean Gipuzkoako hainbat lan hidrauliko aurrera eramateko hitzarmen bat sinatu zuten, eta Donibaneko saneamendua tartean zela ohartarazi dute. “Orduan erabaki zuten % 75 Eusko Jaurlaritzak ordainduko zuela, URA Agentziaren bidez, eta gainerako % 25 Añarbeko Mankomunitateak”, zehaztu dute.
Lanak 2008an egingo zituztela esan zuten orduan, baina oraindik egiteko daudela salatu du Eguzkik eta luzapen bat onartu berri dutela jakinarazi dute, sarea berritzeko epea 2021era arte atzeratuz. “Bitartean, Pasai Donibaneko ur zikinak zuzen-zuzenean badiara isurtzen jarraituko dute”, salatu du talde ekologistak.